L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh Euzkadi (1979-maiatza) —<euzk0116>




 

 

Rodriguez Mendez eta Flor de Otoño

 

Ezin diot ekin artikuluari aldez aurretik makinan jezar erazi nauen arrazoi nagusia argitu gabe, irakurleari abisu hori eman gabe: edozein haur sentimentali bezala, min edo enbarazu edo ez dakit zer egiten dit gaur ia deporte nazionaltzat jo dezakegun joerak, joera bat zeina defini daitekeen ixiltasun indiferent eta interesarua bezala. Abeslari ez duela aipatzen bere letren egilea, Tolosako errena edo Amezketako poeta dela, tira, ez du askorik inporta noski, hitzak haizeak eramaten baititu, ello betiko mikrofono izorratuak irensten; egunkariek —pentsamenduaren hilobi horik— pisti harrapalariak direla eta pintore flamandar guztiak sakeatzen dituztela bi txiste txoro egin beharraren poderioz, bada izurrari miguel mari, zer egingo zioagu motel, nola eskatuko bada luma zuririk beleari. Baina Oleak beste manerak erakutsi behar zizkigun, ez zuen ixildu behar (bizpairu elkar hizketa entzun eta irakurri dizkiot) bere filmaren iturria den teatrogilearen izena, Rodríguez Mendezena hain zuzen. Ixildu beharrean, aipatu, ezagutarazi eta bere lana harenarekin gonpara (baina zineak ez du barkatzen, industriak artisautza jaten du eta hau eskatzea injenuitate bat baizik ez da).

        Lluiset Serracant, abokatu eta trabesti, anarkista eta cocainazale (flor de Cabaret—ojos de pasión—Flor de otoño me llaman a mi—flor de invernadero del viejo París—flor de cocaína—misteriosa flor—rosa de China...), hiltzaile pasional apika eta ama burjesaren seme fidel, hara hemen Mendezek aurkitu zuen pertsonaia (egun hauetan zera entzuten eta irakurtzen dut toki guztietan, filma benetako historia batetan oinharritua dagoela, eta ez da hain egia; pertsonari hori "benetakoa" bada R. Mendezi esker da benetako, bera gabe ez bait litzateke pertsonairik, ez benetako eta ez bestelakorik... eta jakina, deskubrimendu horik ez dira inoiz kasualitatezkoak izaten). Beste era batetara ere aurkez daitekeen pertsonaia noski: Barcelonako señorito bat, bizioz usteldutakoa, iraultzaile dudosoa.

        Errealitate honen baitan Oleak heroitasuna ikusi du; bere filman ikusleak bat egiten dira askatasunaren aldeko borrokalariarekin, homosexualitate askearen eta gizartekera demokratiko baten aldeko desklasatuarekin, Heroearekin (Primo de Riverari egin nahi dion atentatua, historikoki faltsua eta filmaren gidoigileak asmatutakoa, hildo horretatik doa). Gure uztez, oso historia xinplea da Olearena eta beste edozein pertsonaik serbituko zukeen, Lluiset ez zen nahitaezko pieza bat. Trabestismoa, kabareta eta beste, historio motelaren bixigarriak dira, besterik ez. Eta honenbestez bukatzen dut Olearen kapitulua. Goazen bestearekin.

        Rodríguez Mendez, eskritore txarnegoa, Madrilen jaio zen orain dela 53 urte, eta ordudanik ez da berea oso bide erosoa izan. Etxe humilekoa —bere biografian zera irakurtzen da, ez ziotela "Institución Libre de Enseñanza" delakoan sartzen utzi, bere famelia ez baitzen intelektuala— ez dirudi ezer aldendu denik bere haurtzaroko girotik: zarzuela, teatro txinoa, saineteak defendatu ditu hainbat artikulutan (anti-intelektualak direlako, herriak zuzen zuzenean eta izerdia bezain naturalki sortu dituelako) eta bere gaiak ere gizartearen zatirik baztertuenetatik hartu ditu, kinkien mundutik, Barcelonako txarnegoegandik,... eta jakina, esan beharrik ez, debekatua izan da, eta ahaztua (azken urteotan, halere, bidea egin diote bere zenbait lani, eta ospetsuena "Bodas que fueron famosas de Pingajo y la Fandanga" delakoa da).

        Alfonso Sastre, Muñiz, Lauro Olmo, Martín Recuerda eta beste batzuk sortu zuten teatro errealistan kokatzen dute, bestalde, klasifikazioak egiteko garaian hots, gerra osteko egoera lastimosoan azterketa kritikoak egiten saiatzen zirenen artean, teatroaren bitartez gizartearen transformaketari eragin nahi ziotenen artean. Azterketa kritikoak ezezik, anti-inperioalismo kulturala eta estetika berri bat ere (zeina ez zedin izan Bretch, Beckett edo Weis baten desorduko kopia bat) beren helburu ziren. Errealismo honen (ez konfunditu, mesedez, naturalismoarekin) teorikorik garrantzitsuena, ezpairik gabe, Sastre da, hemengo teatrozale guztiak ezagutu eta aztertu behar luketen idazlea (gainera, ez al da hada Hondarrabian bizi?... errazago, ez eta Felipe segundori ere).

        Bere lana (Flor de Otoño, Primer Acto n. 173, Octubre 1.974) ez da Olearena bezain "garbia", eta bi hizkuntzatan izkribatua dago, Barcelonako katalaneraz eta gazteleraz (filman, adibidez, ez da errespetatzen puntu hau, eta betiko famelia katalana gazteleraz mintzatzen da barra barra). Mendezek ez dio moraltasunik sartzen moraltasunik izan ez dezakeen pertsonai eta giro bati, ez du heroe bat sonbreilutik uso zuriaren gisa ateratzen, eta ateratzen badu, guztiz esperpentikoa da. Ez doa, eztare, bide psikologikotik, eta ez du aztertzen trabestismoa, pertsonai dualtasuna. Berak hala esplikatzen du, eta egia dela uste dut, lortzen duela nahi omen zuena: "Yo quería expresar ese conflicto compuesto por varias clases sociales en lucha sorda, que solo se dan en Barcelona y no creo que en ninguna otra parte del mundo: una clase burguesa repugnante, una clase proletaria aburguesada, una clase inmigratoria balbuceante en la diáspora, una clase encanallada y delincuente, como hay en Nápoles, que convive con las otras y se transforma camaleónicamente según épocas... es difícil explicar a Barcelona". Filma ikusi dutenek gehio sakondu nahi izanez gero, irakur dezatela beste bertsio hau, lehen bertsioa. Lagun baten kontseilua da. Eta honenbestez, mister Gómez, amaitzen dut artikulu antipatico hau.

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.