L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-1 (1980-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Hazitarako ere

 

Goardia zibilak Zumaiatik kantari, que ya nos vamos, ilunpean alde egiten zuten momentu berdinean, apur bat gehiegi lasaituko ote ginen, beste berri bat datorkigu: Ameriketan, nola ez, banku berri bat sortu omen dute, Nobel sariaren irabazleen esperma gordetzeko asmoz, bertatik sortuko diren semeek (notiziak ez digu aipatzen alabak ere sor daitezkeenik) giza arraza hobeagotuko dutelakoan. Esperma hau ume egingo duten emakumeak ere, etorkizunerako esperantza goxatuko duten inkubadora humanoak, normaletik gora egongo omen dira intelijentziaz, jakituriaz eta apaltasunez, edozer gauza giza arrazaren hobeagotzearen onetan, alafedea.

        Ez da hau hain helburu santu eta gizabidezkoa lortu nahiean egiten den lehengo saioa eta apur bat edo behar aina esajeratuz esan daiteke espermaren kontu honek baduela etorki ezagun bat, gora arioen pureza, garbitasuna eta dotorezia, akabo judu maltzur, aberats eta begi ilunak. Baina orduan gerra garaia zen eta giza arrazaren amejoramienturako saioak ez ziren marturbazioaz eta bankuez egiten, seriotasun piska bat, mesedez, gerra garaian besterik ez bada ere, orduan tankez eta gasez egiten zuen lan zenbait zientifiko ospetsuk.

        Baina gauzak horrela badira, eta aurrerapenaren eta zibilizazioaren izenean erromantizismo ustelak baztertu behar baditugu, espermaren kontutan sarturik gaudenez gero, izango genuke nola hobeagotu ditxosozko arraza hau.

        Bi emakumezkoren obuloek elkar ernal dezaketela ez bageneki bezala (Le Monde dixit) jokatuz, eta ohitura santuari segida emanez gizon baten espermaz baliatzen segitu nahi badugu, badago nun aukeratu Nobel batek botatako produktoa baino hobeago izan daitekeenik, esne preziatuaren mailan segituta ere. Hortik aurrera joatea ez baita komeni, oraingoz egia hutsa horixe baita: ze esperma klasek hobeagotu dezakeen giza arraza.

        Orain arte dakigunez, jakinduria, azken finean, ikasiz lortzen da: ez da, beraz, meritu gehiegi eta nola Amerikako herritik datorren notiziak dioenez, Nobela lortu dutenek ez dute, jakinduriatik aparte beste meritu ezagunik, hobe beste norabaitera jo, hobe beste norbaiten esperma balorizatu. Dena dela, eta jakintsu hauek gehiegi ez despreziatzekotan, esan beharra dago lehenbailehen begiak hotz eta gerria marmolezkoa omen duten arioek ez dutela etorkizun hobeagorik merezi.

        Beraz eta behar aina kurtsileria gastatuz, zergatik ez hobeagotu arraza, o miraria, ez gizon arrakastatsu baten espermaz, ez burruka drogatzat duen horietakoa, ez Nobelik ez supergizonik, ez litzateke idea txarra gizon sentikor baten esperma aukeratzea (eta ez pentsa gizon eta sentikor Pensamiento eta Navarro bezala direnik, teorian behintzat).

        Negar egiteko aski indar, ahuleziak aitortzeko aski ausardia, arrakastaren behar konpulsiborik ez sentitzeko aski xamurtasun eta dudak aitortzeko aski ziurtasun, baina Nobel saririk ez izango duen gizona. Bueno, guzti hori baldin badu ere, barkatuko genioke Nobel saria ere.

        Hori bai, Nobel saria irabazita gero bere esperma zerbaiterako eskain dezaketenak baino ugariagoak dira guk proposatzen ditugunak, eta hau ez da bentaja makala.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.