L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-2 (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Euszkadi

 

Bagenekien guk Euskadi zetaz idatziko zela, Euzkadi izango zela beraz eta ez Euskadi. Eta badakigu bien artekoa ez dela letra baten aldea.

        Ez dabiltza zuzen gaia arazo ortografiko huts bat bezala azalduz eztabaidaz baliatzen direnak hemen, letra batengatik elkar jorratzeko prest gauden banderizo zitalak garela erabaki nahi luketenak, H-aren arazoa letra huts baten arazoa konsideratzen zutenak gaizki zabiltzan bezala.

        Gerla hartan eta oraingoan argudio soziolinguistikoek ez dute lekurik, ez gaitezen hasi beraz inork ere kontutan hartzen ez dituen betiko leloekin.

        Orduan, euskera literarioa egiterakoan esan nahi da, ez genuen kontutan eduki, hizkuntza erabiliaren errealitatea, hain zuzen ere errealitate hori hautsi nahiean bai genbiltzan eta hatxe ditxosoa bandera bat izan zen, etenduraren, hautsi nahiaren bandera.

        Indar literarioa zutenek irabazi zuten gerla hura, indar politikoak euskararekin loturarik ez zuenean. Baina Euskadiren ese edo zetaren gerla santua indar politikoa dutenek irabaziko dute, beren neurrirako Euskadi bat egitera doazenek, eta lojikoa da, berea dutenez beren gustora bataiatzea.

        Gutxi inportako du ormetan zetaz eta esez erabiltzearen proporzioak edo klandestinidadeko latak botatzen zutenena, gutxi axola du paredoian oihukatu zutenek letra batez edo bestez oihukatu zuten.

        Badakigu bai besteen arrazoina, Euskadi zetarekin jaio zela alegia eta zetarekin bordatua izan zela gerrako banderetan eta letra horrekin inprimatua euskaldunok izan dugun pasaporte lehen eta bakarrean, igarobide izenez, eta Euzkadi izan zela eta ez Euskadi Pariseko ateak zabaldu zituen tanke haren izena.

        Baina orduan Euzkadiren zetak ez zuen esearen alternatibarik eta inplikatzen duen guztia. Euzkadi, Euzkadi zen, eta hori bakarrik. Euskadi berriz izatekotan gramatikafiliaz jotako batzuran azken letra esan beharra. Besterik ez.

        Orain gauza gehiago da Euskadi-Euzkadi eta laister, jadanik, proiekto desberdinak izango dira, batzuek esekin izkribatuko dutena eta zetaz irakurriko dena.

        Ez ginen gu bere garaiean Euzkadiren huts gramatikala zuzentzearen aldeko izango eta gauzak bertan utziko genituen gure borondateak zer ikusirik izan balu.

        Baina gauzak dauden daudenean Euskadi onartzea iragan politikoa jasoz, historia gertuena ez ukatzea deritzaigu, bistako baita aldatzen jarririk euskaldunen herriaren izen zaharra aukeratuko genuela.

        Esek ez du aldatzen beraz funtsezkoena eta iragana errespetatuz —letra baten bortxatzeak ez du ez, Sasetaren memoria lohituko— ETA-ren esistenziaren, Burgosko juzioaren, amnistiaren aldeko borroken eta Euzkadi zetadunak biltzen ez duen beste gauza askoren matiza hartzen du kontutan. Eta ondo begiraturik arrazoin zuen Kintanak agian, bere hiztegi modernoan xinpletzat jo izan dugun Euskadiren definizioa egiterakoan:

        EUSKADI: vide Euzkadi; forma empleada por aquellos que por no atreverse a rechazar del todo el neologismo aranaista lo trastocan ortográficamente para utilizarlo con cierto sentido político.

        Dena den beldur gara oraingoan zetaz edo zetarekin emate horrek ez ote duen nahi esan herri honetan egingo den kultur politika, kultur politikarik egingo bada, azken urte hauetan, Euzkadi zetaduna gau ilunean desagertu ondorengo berrogei urte honetan, egin den kultur errezistentziarekin eta egin dutenekin izango ote duen ezer ikustekorik.

        Hori esaten digu oraingo politika markatuko duten zetazaleek euskal kulturaren munduan izan duten parte hartzea horren eskasa izateak azken urte hauetan, salbuespenak salbu salbuespenik bada, gure prudentzia dialektikoak esaten erakutsi digun bezala. Guztiok ezagutzen baikara hemen gutxi gora behera.

        Eta salbuespen gehiegirik ez bada Euskadi zetaz idatziko da, baina hori izango da gutxienekoa.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.