solasean
Berrondo
Donostian, Abenida inguruan edo Kontxan zehar, ez da zaila bi apaiz sotanadun aurkitzea. Biek alkandora lepoak sotana gainetik ageri, grisak edo urdin ilunak batek, zuri inmakulatuak besteak. Lehena, gizon bikaina, gordina, Hernialdeko apaiza: gaztetan pelotari ona izandakoa, ziur asko, egun Santo Tomasen irakurle saiatuena, Santo Tomas ahazturik duen Euskal Herri hontan. Bere konfiantza irabaziz gero, han, Hernialdeko puntan, Santa Kruzen ihesleku izan zen baserriari begira, Gipuzkoako gaztarik hoberena jan daiteke.
Bestea, tripa izkutatzen ez duen sotanatik alkandoraren lepo zuri inmakulatua erakusten duena, D. Pedro Berrondo da, eszisioaren aurretik Euskaltzaindiak Donostian zuen bulegoko arduraduna, Kixote Mantxakoren euskaratzailea. Estornés eta Diario Vascoren orrialdeetan batasunaren kontra azaldu ohi direnen adiskide eta agian ideologoa. Kardaberazkoa. Bere konfiantza irabaziz gero, Abenida inguruan edo Kontxan zehar, Orlyko kafetegian aurkitzeak, denboraren nozioa galtzea suposatzen du, gizonen informazio bidea tertulia zen garaietara lekutzea, txaketaren barne patrikan ajendak markatzen duen ritmoa hautsiz jatorduen lokuluxka eta arratsaldeko mezaz aparte, mugarik ez duen presarik gabeko denbora batetan instalatzea.
Hain zuzen ere, denbora horretatik kanpo, Berrondorentzat euskarak ez luke zentzurik, eta hor datza, bere iritziz, gazteen kontraesana, beste denbora batetan, egungoan alegia, euskara abandonatu gabe bizi nahi izatean.
Kontradizioa, zuek esaten dezuen bezela, bizitza aurre aurreko puntan eraman nahi, eta gero lehengo hizkuntza zaharrari eutsi nahi. Hori nola lotu liteke?
Ekonomia bakarrik ez, baizik kultura guztia. Nola litekek lehengo euskera zaharrean mintzatu, oraingo irizpide berriak, Holandako auzo zikin hoietan bildutako iritzietan euskaraz mintzatu. Hori ezin liteke.
Nere iritzian euskarak gaur kabi bakarra Elizan zakak, eta kito. Elizara joaten den jendeak bere bihotza lehengo euskera xahar hortan mamitua zakak. Euskara hori gai duk, eta gainera gaibide ona, barrengo gauzak, barrengo, bihotzeko hizkuntza hori berotzeko, goxatzeko, argitzeko, erakusteko. Eta horretarako kabi ona zakak Elizan, Jainkoari eskerrak.
Kaleko bizitza ez dek ordea euskalduna. Bueno, hontan ezin litekek kaleko bizitza guztia bildu, baino kaleko bizitzak daraman joera, euskeraz bai zer edo zer, elkarri agurtu bai, lagun arteko hizketa batzuk ere bai. Baina bizitza hori guztia nola liteke euskeraz mamitu.
Gaur gazteok erabiltzen duzuten euskera, ba estualdi horri irtenbide bat eman nahien saiatu, eta kanpotikako hizkuntzetatik hartutako hitzak sartu eta hortan saiatu. Baina ondorena zer? Ba, ba, beti ere mintzabide eskasa. Eta euskera xaharrean hazitakoontzat belarrietan min ematen euskera horrek.
Asko mintzatuko balitz bai, gure garaian herrietan mintzatzen zen bezala, baina hitzegin gabe nola mamituko da hizkera berri hori. Eta oraingo lexikoko hitz berriei nola eman euskal sena. Ni holaxe niok Ramon. Orain, hortik aurrera zer egin litekeen eta. Nik konprenitzen diat, gazte jendeak erantzun bat eman nahi dio egoera honi; euskera bateratu egin behar da, eta oraingo bizimolde berriari erantzun; oraingo maisu batek, Txillardegik esaten duena, euskera kaletartu. Baina kaletartu kalea euskeraz mintzatuko balitz bai. Bestela nola kaletartu behar du? Zenbait publikaziotan eta idazkietan, euskera nahiko agertzen duk nola hala baino hortikan gero, ez zakit ez zakit, nik gauza zaila ikusten dit. Orain nere iritziak, nik egia esan, ez dakit zer pasatzen zaiten baina urteak joan ahala, gero eta gutxiago ausartzen iritzitan erabakia ematen. Gero eta gutxiago hontan, eta politika gauzetan, edozer gauzetan, zergatikan gizonak barrena karetxez betea dik eta korapilo eta nahastua, gauzak nola erabaki, nola arkitu, nola zuritu, Azkoitian esaten den bezela.
Bizi kabi goxoa Elizan zakak euskerak, gaur egun. Bai, beste ahalegin guztiak dituk onak, eskoletan eta. Baina, euskerak bere bihotzeko bizi-poz hori eta bere goxoa sentitzen duen tokia, kabia, Eliza da. Jendeak bero abesten dik, eta otoitza ere beroan egiten du euskeraz, zintzo eta ongi. Gero gainera bihotz guztiak halako batasun batean, gauza onak eskatuz.
Erreparadoratan, Fabiolak lehendabiziko jaunartzea egin zuen elizan ikusiko duen publikoa hain zuzen, Victor Pradera, gaur Easo kaleko neskameren bat, ingurune zabalago batetako señorak, azkenaldi honetan autoak eta txoferrak zain uzten zituztenak desagertu badira ere, eta eliza guztietako atso pronobislariak: euskararen etorkizuna. Ez ona, baina nolabait esateko, biologikoagoa. Berrondoren diskursoa ongi interpretatzen badugu, esango genuke nahiago duela euskara zahardadez hiltzea, bere gisa, heriotz naturalez, errezoetarako birjin mantentzen duten ezpain ximurrekin batera, Erreparadoratatik kanpoko munduak eskatzen duen egokitze operazioan akzidentez hiltzea baino.
Hor bi gauza daude: euskerarena gero eta zailago zegok, gezurra dirudi, jende artean gero eta gehiago hitzegiten da, gero eta gehiago idazten, eta elkarrekiko mintzabideak gero eta ugariago, eta... hitzak bere esanahia galdu egiten du. Eta euskerari dagozkion hauziatan ere, arian arian nik ez zakit ze gertatzen zaigun, ez diagu elkar ondo entenditzen nik esan behar banuke, eta horregatik oraingo zenbait gaztek, euskera esaten dutenean, oraingo ahalegin guzitan moldatzen ari den euskera hori esaten ditek, nik berriz euskera esaten dutenean txikitatik ikasitako euskera esan nahi, ta nik esaten det, euskera, ba etorkizun zaila gure txikitakoak; eta zuek berriz etorkizun hortan fede guztia jarrita ari zerazte. Noraino elkar entenditzen diagu hizketa hauetan ta holaxen ari, baina hik esaten dukena kale aldetan ta Euskal Herrian jende asko zegok lehengo euskerarik ez, eta euskera galdu nahi ez halaberean, eta hoiek guziek beharbada ondo hartuko ditek, nahiz belarrirako gozo izan ez, eta, hik esan dukena, belarrirako eufonia hori galdua izanagatik edo beste modu bateko izanagatik, nik hemen zenbait andereñori eta ikastolako umeri eta euskeraz entzuten diotenean, bueno, bueno alde egin zak hortik, baina haiek berriz beren artean gustora.
Kalidade gutxikoa, lehen esandakoa zetorrek, gure txikitako Oihartzungo euskeraren aldea hortikan da, halako konparazio bat edo bi eginez gero kalidade gutxikoa, gaurko bizitzako nahasketari dagokionez kalidade gutxikoa ahal da? Lehenago ere euskerak mila lexiko kanpotik sartu ta egindako hizkuntza duk, baino asko hitzegiten zelako, hor zegok ba kontua, lehenago dotrinabidean sartutako fede gaietako eta esaera guziak, sakramentutako eta, artikulo fedezkoak eta mila gai.
Neri lexiko faltak beldur haundia ematen zidak. Gaurko euskerak lexiko pobreak ditu, gezurra zirudik, lexiko ugaria dun bat Txillardegi duk. Nik aspaldian ez zekiat, baino lehenago bai, eta horrek euskal lexikoa, baino asko zakik. Euskal Herri zabaleko bateko ta besteko, eta gainera bere esan-nahi jatorrean hitzak. Gainera joskeran eta, berak ez du hala usteko, baina jostun eskas samarra duk, oihala ona bai, baina jostuna ba ez hain fina, gero gainera oraingo idazleak eta zenbat kanpoko iritzi eta nahasketa euskeraren barru hortan sartu, nik ez zakit, orain euskalduna ezin litekeela bere etxean bakar bakarrikan bizi, baserri batean sartu eta kanpoko berririk etxean sartu gabe, hori ere egia duk, baina kanpoko iritzi nahasketa hoiek guziak noia euskeratu. Nik zailtasuna ikusten dit asko, asko; gero esaten dena behin edade batez gero mundu hontan zailtasunak ikusten direla, eta gaztetan berriz gauza zailik ez dela, gu izutu egiten gaituk eta gazteak berriz ez dituk izutzen.
Gauza askotan hobekiago gaudek, baina hizkuntzak dakarren berezko bizitza goxo hori, hortan galdu, nik uste. Lehen baino jende gutxiago ikusten dit nik euskera garbian mintzatzen dena. Gure gurasoen belaunalditik gurera behera etorri gaituk. Jakina; hoiek beste mundu bat zakaten, berea, eta euskeratua zakaten, orain berriz mundua arrotza zaigu, eta mundu arrotz hori nola euskeratu; gaurko bizitzak dakarren presa, dena amilka bezela, hori dena nola euskeratu.
Oraingo gazteria ikusten dit ataka hortan ezin pasaturik, edo oraingo bizitzak larritasunari ezin erantzunez, eta bere ustetan bai, baino, gazteria beti duk uste haundikoa, eta oraingoa ere hala duk. Euskera kaleratu ditekeela uste. Edadean piska bat aurrera joanak ba ez dik holako federik.
Bai, halaberean, euskera hizpide ezik, bai baita bihotzeko mami puska bezela. Gai hortan egiten den ahalegin guztia barren barrendik ikutzen dik eta hori garrantzi haundikoa duk. Nik ez dit uste euskera neurtu litekeenik, baizikan bihotza noraino jotzen dun; horrengatik nahiz orain gazte euskaltzaleak gutxi izan, garrantzi haundikoa duk...
Gutxi eta gaizki etorriak. Baina ez gazteak bakarrik. Euskaltzaindia izan da, agian, gazteek gehien errespetatu duten erakundea, eta ez, formaz nola mamiz, gazte giroko erakundetzat har daitekeelako. Euskaltzainen edadeari eta lehendakarien ogibideari erreparatu besterik ez dago. Eta hara nun, hain zuzen soziologikoki behintzat erakundean eta erakundekoak biltzen diren areto ilunpeetan hobekien mugitu behar zutenek haserretu eta utzi zuten bertan behera.
Euskaldunen artean asko gertatzen da: behin haserre bat izanez gero, nekez sendatzen duk hori. Iraun egiten dik. Euskaltzaindia nola osatu litekeen berriz? Nola elkartu gintezkeen? Nik ez ziot modurik ikusten.
Euskaltzaindiaren gaiari alde askotatik begiratu lezaiokek, askotatik. Badakik nola ibiltzen ginen, ni gustora ibiltzen ninduan, lanean ere gustora, baina gero momentu bat heldu huen, gogaitu, aspertu. Nik ez zekit. Gauzotan guztitan elkarrekiko giza-lege ona galduz gero ez zegok gauza onik. Euskaltzaindiaren kontra iharduteak, nere barrenak ez zidak laguntzen. Euskaltzaindiak egindako lan asko edo gehienak lan egokiak direla, ondo pentsatutakoak, zer esanik ez. Orain, arau bat berarekin mila modutara eskribitu liteke. Lexiko, gramatika, ortografia arauak, zeinek betetzen ditu arau hoiek denak. Baina, batez beste, euskera behar dik, eta euskal sena galdu gabea, eta zenbait gramatika arau betetzearekin euskerari laguntzen zaiola ustea, neri txorakeria iruditzen zaidak. Zer edo zertan bai lagundu, halaberean kalte ere bai. Gramatika legeak zaitu, bete, gorde, eta lexiko erdalduna sartu, eta gauza batean batasunari lagundu egiten zaio, eta bestean kontra. Baina hire galdera ez huen hori. Nik Euskaltzaindia asko maite nin, eta Euskaltzaindiaren alde gustora aritu ere bai. Baina zenbait joko, zenbait gauza...
Sekretaritza bat zin Euskaltzaindiak Donostian, beste hiriburuetan bezela, eta ordezkari ibiltzen nindun. Han biltzen gindun eta. Baina Euskaltzaindiari mesedegarri ez diren gauza asko egin zioten bertan Euskaltzaindiaren izena hartuta ibili diranak. Zenbait nuntziok Aita Santuari egin dion bezela. Berak esan gabea esan erazi eta, edozein lehiaketan Euskaltzaindiak emandako arauetan jarri... Euskaltzaindiaren arauak zeinek betetzen ditu, bere osoan. Arau txiki batzuei garrantzia eman. Burua galduta, burua galduta.
Oraingo "euskara" erabiltzea bezela. Euskaltzaindian, bigarren batzarrean edo, erabakia hartu behar zen uskara, euskara, euskera eta hoietatikan zein berezi. Lau botoz hiruren kontra, euskera erabaki. Eta aldizkari ofiziala ere Euskera. Orain berriz nik ez zekit zeinek erabaki duen, galdetzen ziot bati eta besteri eta inork ez zidak erabakirik hartu denik esaten. Eta danak euskara. Horregatik esaten dit, Euskal Herriko politika joerak eta gizarteko gauza hoietan gizalegea galtzeak ematen zidak pena.
Nik gogoan zeukat nola Mitxelenak berak esan zuen, ba, euskara beharko luke noski baino erabakia dago eta utz dezagun hortan. Gero berriz euskara. Hizkuntza batean ezin litekek hola ibili. Idazlea zitaldu egin da. Euskera-euskara hau arazotxo bat besterik ez duk, baino holakoak, Oihartzunen esaten den bezela, dozenan hamairu. Holaxe. Errenka bizi. Gauza hoiekin guztiekin Euskaltzaindiak itzala galdu. Bestaldetik, nik nola ez dit aitortuko Euskaltzaindia gauza hoietan gai dela? Izango ez duk ba. Asmo ona ere ezin ukatu. Baina gero ordea, bizitzako erabilketak gauzak papurtu egiten dizkik, papurtu. Orain, nik denak laguntzat jotzen dizkit.
Kanpoan eguerdiko eguzkia utzi baldin badugu ere, D. Pedroren gelan mahain-lanparak ixurtzen duen argi motelaren inguruneaz landa ilunpeak hartzen gaitu. Ez dakigu ironiak pizten dizkion begiak betaurreko ahumatuen atzean. Esku pulkroak, aldarean binajerak erabiltzen ohituak, ganibetaz baliatzen dira Ducados paketearen prezintoa zabaltzeko. Lodia eta indizearen artean eusten du zigarroa, gainerontzekoak gora zabalduz, bestearen hatz potoloek hauts eroria uxatzearren mahaina laztantzen duten bitartean.
Batasun kontu honetan nik ikusten dudana arauak gogor antzean sartzen badira halaberean euskal hizkerak duen arau eza, edo arau gabetasun hori egiten du piska bat mindu. Horregatik begi batekin arau eta bestearekin jendearen bihotz hortan behar dik, mindu gabe. Batasunzaleek indarrean aurrera bota duten arau agerketa hori, jendeari ez ahal zaio min haundiegia ematen. Liturgia ere, h kontua utzita, joskeran eta adiz jokoetan eta erabat batasun bidean sartua, liturgiari dagokion guztia. Bueno, ni ez nak gehiegi ausartzen. Liturgiko euskerak badik bere bizi saila, fedea, gogo ona, batutzen duena, eta hura entzuten dutenak gogo onez zegoztek danak, eta neronek ere, modu horretan, irakurgai hoietan "etorri zen" eta "etorri ziren" eta, baino, barrena nola gogo onez jarria dagoen, hori dana egiten duk ba ez ikusia egin eta aurrera. Hortaz kanpo jartzen didak beste idazki bat "etorri ziren" eta, ba, ba. Tankera desberdina baita. Azkenaldi hontan kontra ekin ziotek liturgikoari bai, Jesus Gaztanagak eta "zen, ziren" hoiengatikan. Oihartzunen berriz modu hortan mintzatzen gaituk, bai, neri ez zidak halako minik ematen. Baina batez ere beste arrazoi horrengatikan, gogoak bilduak zegoztek onerako eta bihotza ere onerako, eta min piska bat hartuagatik, segi. Baina kaleko hizkeran eta borrokako idazkerietan horrek errez mintzen dik euskalduna. Errez.
Ez, batasunerako bide hoiek ez dira fedearekin inkonpatibleak, bino hor bazegok... Bizitzak gauza desberdinak zekarzkik elkarrekin, eta berez batasunerako joera eta saiaketa guztiak, berez zer ikusirik ez dik kristau fedearekin, baino batasun joko hortan bero bero sartu diranak halaberean kristau fedeari dagokion errespetua hauzira eramanaz, eta bizitzak josi egiten dizkik gauzak, eta batasun ekintza geratu duk ez Eliza barrengo ekintza, baizik beste zerbait. Hor, dena hor zegok. Lehengo kristau zaharretakorik ez duk bilatuko batasun zale berorik. Gutxi. Gauzak hola dituk, ze Villasante espeziala duk.
Beste ahokada bat. Tira, itzali ezazue tresna hori, egon gaitezen tertulian, esaten du noiz behinka, eta hizketan jarraitzen. Ez zaio kostatzen hitzak aukeratzea, badu etorria. Ez da magnetofoiaren beldur, tresna desegokia iruditzen zaio hizketarako, egokiago deritzaizkio eskaintzen dizkigun Jerez kopak tertuliarako, mahain ingururako. Ez du bere ideiak izkutatzeko interesarik: alde horretatik gehiago nabari zaio zinikoek ohi duten jarrera, solaskidearenak ez diren ideiak azaltzerakoan, erakusterakoan. Noizbait el hábito sí hace al monje esan zuen. Eta horrela mantentzen du orain ere oso berea duen pentsamoldea espresatzeko. Ez zaizkio apaiz gazteen manerak gustatzen. Halatan, apaizaren sotana, sotana eramateko era, sotanaren funtzio soziala eta dekoratiboa ere, paisajearen elementu bat bailitzan, apaizgoaren beste funtzio askoren gainetik baloratzen du.
El hábito sí hace al monje, bai. Ez parre egin. Apaizaren paseoa, plazan barrena, baserrietan zehar... ze, pasioan, esaten ziotek baserritarrak, eta ez zaiek gaizki iruditzen apaiza paseoan ibiltzea, beraiek lanean ari diren bitartean. Bazekitek hortarako dagola apaiza. Errezoak egin, eta meza eman eta paseoan ibili, bere sotanarekin dotore. Jende xeheari ez ziok onik egiten apaiza lanean iharduteak. Zer modu, eta ondo ahal gaude esan, eta pake hori eman, lanean ari direnei. Hori duk apaizaren egitekoa. Euskal Herria, plazan barrena, paseoan dabilen apaiz sotanaduna galdutakoan ez duk Euskal Herria izango.
Norbaitek esan zuen D. Pedro Berrondo ez dela ibiltzen, desplazatu egiten dela, apaizaren funtzio dekoratiboa alkandora zuriaren lepoa eta sotana inpekablearekin inork gutxik bezala betez. Hori, hori. D. Pedro no anda, se desplaza. Far egiten du gorputz osoa konbulsio lasai batez astintzen dion far sakon batetan. Formak mantendu, estiloa, funtsean huts egiten bada ere gizona, haragia, ahula da, formak bete, Euskal Herriko paisajeak apaiza behar du, jendeak mitoak bezala.
Lehenago, nik uste dit izan dela Euskal Herrian euskaldun gauzak gora jaso, eta jasotze argi batean, garbi batean, hola. Orain berriz, gehiegi jaso balitz bezela, beheratzeko joera ziok orain. Kendu, lehengo argia ere kendu. Nik hori ikusi dit, esaterako, hitzalditan, Durangoko herejia hoiek direla eta ez direla, holako joeretan, el Igualitarismo Vasco, eta lehengo Euskal Herriak zituen dohainei zimur bat edo nundik bilatuko, eta bota, eta bota. Ez duk joera ona. Nere gustorako Larramendiren eta joera gustagarriagoa huen. Euskal gauzak jaso eta goratu, gauzaren erdiak gezurrak eta tira. Zer ba!
Noski, jakina personak mitoak behar dituela. Euskaldunak eta gehiago. Gutxi geralako eta gauza zailari eusten diogulako. Eder iritziak ez dituk galtzekoak. Gaur berriz desmitologización. Aitzaki horrekin, Euskal Herriaren dohainak ukatu eta kendu. Hori ez duk egokia.
Lehengo batetan aurka egin nion neronek hizlari hoietako bati.
Nik ez dut esango gu erru gabeak geranik, eta gainera ez da erru kontua, baizikan bizitzak berak dakarzkien etenak, nik, jakina, nere begietatik ikusten dit, apaiz begitatik, baino Euskal Herriak, erabat kristau fedez mamitutako izaera izan dik eta oraingo irizpide eta nahaspila guztiak sartu eta desegin, ze ondoren izan liteke. Euskaldunak fedeari eusten ez badio, belaunaldi batzutan ez dik gizalegerik izango.
Fedeari eta gizarte moldeari alegia. Pasarte batetan munduan pobreak eta aberatsak behar direla esan digu D. Pedrok, eta pobrea aberatsaren parean, persona xehea agintariarenean jartzeko grina horrek ez dituela ondorio onak ekartzen. Gaurko pobrea atzoko aberatsa baino hobeto bizi duk eta hala ere gehiago nahi, eta ezinezkoa duk. Berrondoren fatalismoak desberdintasun sozialak biologikoak bailiran onartzen ditu eta agian arrazoin biologikoaz esplikatuko lituzke gizarte mailaketak. Denak berdin nahi eta ezinezkoa izan. Alferriz ari zerazte. Udaletxeekin ere zer, aginte krisia, batzuek agindu eta besteek obeditu egin behar, eh? Berriz ere far konbulsiboa, ideiari buru emateko atsedenaldi bat hartuz.
Nik euskaldun jendeari begiratzen diotenean, jakina, gure begiratua beti maitasunezko begiratua duk, nik politika iritziak baino giza iritziak dizkit inportanteagoak euskaldun jendearentzat, gizalegezko iritzia, eta hortan nahastuak gabiltza. Politikan nolabaiteko batasun bat baziok euskaldunen artean, Euskal Herriaren alde, askatasunaren alderako, erosotasunaren alderako eta, halako joera on batzuek bazegoztek. Baina gizalegea eskastu egin zaiguk, galdu egin diagu. Politika iritziak inportanteak dituk, baina nire iritzirako, euskaldunak lehendik dakarren gizalege kristau hori galtzen badu, deus gutxirako da. Bere burua galdu. Ez hain serio jarri. Ni apaiza nak eta apaiz-begitik ikusten dit gauza.
Mundu guztian zabaldu duk gainera ezin egon hori, grina hori, iraultza nahi hori. Lehengoan irakurri nin periodikoan, harrika eta hor ibili dituk Alemanian, Holandan eta. Agintaritzarik gabe nahi likek jendeak, baino hori ez duk posible. Gizonak Jainko txiki nahi likek bere burua, hurrengo maila duk denak mende, ibilian ibilian nik ez zekit komunista lege zorrotzen bat edo zer nagusituko den. Ez? Ez zekit ba. Agintaritzarik gabe nola uste duzue ordea gizarteko bizitza.
Euskaldunen arteko legeak besterik behar du, besterik: itzala, errespetoa.
Euskaraz elkarrekiko istiluari sesioa esaten zaio, sesioan ari da. Ba hitz horren jatorria "sesión" omen duk. Hortik omen gara sesianteak.
Errespetoa galduz gero noraino jaisten den kontuz, gaur ez zegok errespeturik, galdu duk apaizaren eta alkatearen aurrean txapela kentze hori. .
Orain txapel beltza inoiz abandonatzen ez duen amen jantzirik darama etxe barnean ere, noizbait jantzia izango zuen buru horrek panama zuria eta salakota. Berrondok, orain euskaraz eta Euskal Herriz hain arduratua, bere garaiean agur egin baitzuen misioetara joateko. Mihin gaiztoek diotenez orduan ere D. Pedro moldatu zen patxadan bizitzeko, padresito esaten zion morroiarekin finantziari alemanen mahainetan gonbidatu. Inguruetako misiolari euskaldunak La Pazen katedral aurrean zitatzen zirenean D. Pedro taxitik jaisten. Baina egin ere berari oportunaturiko herrian, gehienek baino gehiago omen Berrondok.
Gaurko gizon eszeptikoa, zinikoa zentzurik hoberenean bere herriko ohitura zaharrei atxikia amaren seme apaiza, misioetara nola joan zitekeen?
Nork bere burua analizatzea erreza ahal da? Jakina, orduan, beroan, fede bultzada hartan holako joera hartu, misioetarakoa. Gero bizitzak urteren buruan, osasuna dela, edo berotasuna hoztu edo, etxera. Eta noski, etxean etxeko gauzak, aberriko gauzak.
Gainera apaizak noiz esan lezake, benetan, nik zinetan sinisten dut, nik fedea galdu dut. Gure barrena ez duk hain erabaki erreza. Eta martiri maila hortatikan, fedea galdu dut. Gero hurrengo batean, gedea galdu dut. Gizonaren barrena nola neurtu, nola garbitu. Gero eta gehiago ikusten dit, urteetan aurrera bezela, bakotxak bere misterio puska zakak. Nik federik ez eta Jainkoagan bai baina Elizagan ez eta, berriketak eta aitzakiak dituk, nork bere gogoa egiteko aitzakiak. Nondik nola neurtu gauza hoiek. Fedearen hazia hor zegok, fedea ez duk galtzen.
Orain dela berrogei urte edo, Urrestilan izandu huen apaiz bat, Azpiazu izenekoa, Lorenzo Azpiazu, mozkorra. Mozkortu egiten zela eta Urrestilara bidali ziten. Orduan parrokoa D. Luis Jauregi, Jautarkol poeta. Apaiz hori etorri zenean, Jauregik berak kontatua, firmak botatzerakoan, D. Luis Jauregi, doctor en Teologia eta besteak berriz D. Lorenzo Azpiazu, doctor en Teologia, doctor en Filosofia eta en Derecho Canónigo. Egia izaki. Jakintsu handia. Han egongo duk liburuan, botatako firma.
Euskal Herriko bihotza duk Urola eta gainera Izarraizko harriak badik, badik halako dohain bat. Esan ezak gero Cervantesek ez zekiela ezer euskal gauzetan, el caballero vizcaino Sandro de Azpeitia, jarri zin harek. Apustu zaleak, emakume zaleak ere bai, eta halaberean elizkoiak. Dohain berezia dik Izarraizko harriak.
Mondragoiko arziprestea hil zenean, Iñarra, neroni ere holako gogoetak egindakoa nak han aldarean "ez zinen zu ez, harako D. Piok aipaturiko Monleongo apaiza". Nik nere ustez gauza polita esan nuelakoan, eta hurrengo egunean banoa kalean, eta batek "aditu nizun atzo D. Pio aitatzen, adizu, D. Pio Montoya ahal da?". Horregatik esaten dit, euskera gauzetan zer urria den gure pentsamendu saila, eta zuek berriz urritasun hortan egin duzue inundik ekarri litezkeen gauzak ekarri, barrenera bota, gehiago nahastu.
Eszeptizismoa ez da laguntza ona euskalzaletasunean militatzeko. Bi edo hiru ordu orrialde bakoitzeko. Hiru mila ordu inguru lanpara horren argipean Kixote Mantxako itzultzen, Cervantesen euskal senaren bila. Zergatik eta zertarako galdetzen dio nork bere lanari, eta Berrondok oso erantzun berezia aurkitzen.
Maitasunak barkatzen ez duelako, gu euskaldunak gaituk, eta gure barrena euskeraz mintzatzen zaigu, eta bizi-pozak ba hortxe dik barrenean, bihotzean, kalean, hortxen, euskeraz mintzatzea eta euskeraganako maitasun hori nola ito behar duk, eta maitasuna berea dik eta bihotzak bere legeak dizkik eta hortxe segi, nik euskeraganako joera ez dit erabakitzen euskerak bizi luzea izango duelako edo ez duelako, bizi haundia edo motza izango duelako, baizikan nere bizia hori delako. Nere bizia hortikan ziek eta bizi hori nola ebaki ta moztu behar duk eta nola ito, ba ez, ez, euskeraz jaiotzen dena ba euskeraz segi ta bizi-poz hori hortxen bihotzean. Nik hortan zaramat nere euskeraganako joera.
Ni pozik negok egindako lanekin. Kixoteri eskainitako orduak eta, ez negok damutan. Oso gustora gainera. Euskerari eskaintzen dizkiogun bihozkadak eta, hor bazegok bihotz-lege gozo bat, bizi poza ematen duna. Eta hortan saiatzen gaituk. Ezeren damurik ez zakat euskal gauzetan saiatua, eta gainera pozik. Noizik behinean hartzen dudanean Kixotea ere pozik. Ikusiak berak egiten zidak.
Bataz beste ordu pare bat edo hiru orrialde bakoitzeko. Batzuk gehiago, beste batzuk gutxiago baina hor nunbait. Euskeratzerakoan elkar hizketak dituk errezenak. Gero zenbait deskripzio ere bai, hor baduk betiere muga bat, abstrakto xamarrean edo hasten denean, orduan nekez. Holako lan batek bidea ematen dik, eta behartu euskeraren barrenean sartzera, eta gauza asko ikastera. Baina Kixote bezelako lana errezago duk euskeratzeko gaurko edozein idazle baino. Kixoteko gorabehera gehienak eta gure txikitako euskera maila berdintsuan zegoztek. Gauzak holaxe izaten dituk. Estornes etorri eta tiene que hacer, tiene que hacer. Bigarren zatia urtebete edo badik, egina dudala. Ez zakit noiz argitaratuko den. Badakik, aurrenekoarekin dirua galdu zin Estornesek.
Gauzotan guztietan... Nik Cervantesen hontan segituko nikek, orain, kultura zabaltzea? Gure Euskal Herriko lehengo bizi-iritziak, bizi tankerak eta liturgian kabia bilatzen duten gauza guztiak. Cervantsenak ere horixek baitira, berbera. Izango dira interpreteak hau eta hori esaten dutenak, bino Kixoteren mami guztia kristau legez bete betea, eta euskaldun legez bete betea. Esan nahi nikek, lege zaharretan eta bihotz barrenean dagoen bihozkada hori, berbera duk.
Alde hortatik izango hukek desberdintasunik haundiena... Baino hizkuntza aldetik, nik ikusi dudana leihatila zabaltzea bezela duk, erdal hizkuntzak edo gaztelerak zenbat gauza hartuak dituen euskeratik, euskerak haruntz ixuriak. Esaeretan, irudi-joskeretan, pronominal joko hoietan guztietan. Jatorriz erderak euskeratik hartuak, gauza asko eta asko. Horrek beste galdera sortzen dik: euskal izatea erdal izatera pasa baldin bada, gizaldiz gizaldi, joera hori nola eten liteke, komeniko ahal da? Kezka eta mina ematen duen galdera asko sortzen dituk hor. Ongi ahal goaz, gaztel herria etsaitzat jotzen dugunean?
Euskal Herrian euskaldun jendeak examin piska bat egin beharko likek, gaztel herriarekin nolabait ere pake modu bat edo, zerbait. Euskal izateak badik zerbait Castilla aldera. Salamanca aldera. Orain Alemanira eta, argi bila. Denak burua galduta etortzen dituk hoiek. Apaiz gazteak eta, burua galduta. Hemen lehengo gizon haundiak Salamanca aldera. Castilla herriarekin nolabait ere paketu beharra zakagu.
Nik ez zakit zer pasa zaigun, baina euskalduna bere burua osatzeko, hornitzeko gauza ez duk izan. Orain iruditzen zaigu berriz gauetik goizera berritu genezakeela dena. Neregana tertuli bila etorri baino animo bila ez etorri, zera.
|