L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-2 (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Oraindik eta betiko

 

Ez diegu barkatu oraindik, ezin diegu barkatu denbora luzean jasan beharko baitugu. Zera pentsatzen ari badira, borondate onenez jokatu zutela, konprenituko dugula, beste garai bat zela, irakaskuntza atzeratua e.a., ekibokatuak daude oso, eta oraindik egun batetan joan eta bati baino gehiagori bi belarriak mozteko, X.O.-k eta biok zehaztasun guztiak kontutan harturik (Amabirjinaren egunean, meza nagusi erdian) prestatu genuen proiektoa ez dugu osota artxibatu. Biak ez badira ere, ezkerreko belarria bai behintzat! Erne egon daitezela! Denbora luzean jasan beharko ditugu hango ikasketak, han ikasi baikenuen errosario ondoko aita Anizetoren (padre espiritual, mi puerta está siempre abierta; cuatro salves y siete padrenuestros) platika aspergarri haietan Bilbon (zikin, ke, pekatari, damu det fauna) ere bazirela benetako kristauak eta gazte leial batek haragikerian (hemen ahotsa altxatu, lo zeudenak esna eta abarka lotzeko sistema berria asmatzen ari zirenak tentetu) erortzeko deabruaren deia zetorkionean poltsikoan zeraman gurutze txikia estutzen zuela, eta akabo desioa, pitilina berehala jaitsi. Badira Santuak oraindik! Gu, santuak izan nahi eta han ibiltzen ginen gurutzea non utzi genuen akordatzen ez ginenean indarrak konzentratzen; azkenean kristoren habildadea eta ederki jaisten zen. Bazen erremedio errexagorik ere, dutxa hotza eta 30 flexio. Idiarena ez ezak egin, bestela anemiko geldituko haiz, hi hain flakoa! Hori idiarena zer zen genekienak, eta listotxoagoak norbaiti explikatzera komunera sartzen zirenean, den dena aita inspektoreari (gero educador pedagogo con estudios en Roma, y tan joven) kontatu ondoren (nola, non, hemen ikutu, hau?) badakizue, coge la maleta que tienes un taxi abajo. Gu tontoak izaki, ordea, eta ez gintuzten hamabi urterekin bidali.

        Abertzaletasun edo behintzat euskaltzaletasunean hezi gintuztela? Bai, bai, han hasi ginen nik ekartzen det ik ekarzen dek Intxaustiren paradigmak ikasten Gandiaga poeta exzelsoaren esku beltz handiaren beldurrez. Ezin ahaztu! nolakoa da zure herriko iturria? Erantzuten ez asmatu, iturri asko baitu atiropun eta txorromorroan hamar urte bitartean bizitu nintzen herriak, etaorain dik belarriak piiiiiiii egiten dit batzuetan. Hubiera venido, beldurrak akabatzen. Garikanori beherakoak ematen zion askotan, badakizue, hiri girokoa eta besteak baino torpexeago edo. Gizon handia Bitoriano, kolpeak behintzat ez ziren makalak. Dena den, egin genituen lehen bertso eta konposizioak, ondo prestatu behar sermoilari onak izatez gerotan. Eta Sermoiak. Ah, sermoiak! PEKATARIAK!! Pekataria besterik ez genuen ikusten gainera, han ez zeuden guztiak Jesusi odola eragiten hamorratuak, eta guk erreza munduaren alde, anaia zaharrenaren alde (festetan eta mozkortzen da eta ez dakit joaten den mezatara), eta Tolosako Ihauterietan egiten ziren gaiztakeriak barkatzeko (no saben lo que hacen) Mixiolari bikainak izateko bidea generaman guk, eta aita Alustiza baino euskara dotoreagoa erabiltzeko asmotan gogor paradigmekin. Gainera, baserritarrak eta konfesatu behar, badakizue.

        Egia eta fedea, FEDEA! Tonto honek ere pasa zuen gau bat baino gehiago infernua betirako ezin izan zitekeela pentsatuz, kanpotik giltzatzen zizkiguten egurrezko "kamarilla" haietan. "Ejercicios espirituales (gimnasia del alma)"-etako gauak ziren luzeenak, kapilako argiak itzali eta pekatuan zegoenak gurutzea zapaltzeko, kanpoko fraile hark bota zigunekoa. Santu izatea lortu nuen nik ere pinponean galtzen nuen aldioro "rosarioderrodillas con los brazos en cruz" eta "gogoaren kontra aritu beti" filosofia ederki menderatu.

        Ez balio santutzarako, eta futbol Brasil-Italia, telebista gelan azkeneko filan Gernikako ilekizkur harekin bezperan fraileen jangelatik lapurtu genuen cognac botila edaten ari nintzela, Aita erretorearengana joan behar nuela. "De aquí no sales hasta que escribas todo lo que has hecho estos dos meses" gela batean sartuta. Hurrengo egunean, gurasoek viajedenovios Donostiara egiteko erosi zuten kuadrodun maletarekin ez nintzen ausartzen inori Pesa autobusa non hartzen zen galdetzen. Hantxe frustratu zen Bolivian indioak kristautzeko nere bokazioa; amaren disgustoa, negarra, akabo bere sermoilaria.

        Ez ezazuela pentsa dena bost negu haietan —belarriak ospelez beterik, matraileko galantak, errezoak, mezak, errezoak, sakrifizioak, eta beste mila kalamitate— gelditu zenik. Handik puska batetara mozkor handi samarra biltzen nuenean leihora igo eta Aita Alustiza nintzelakoan HARAGIKERIA oihukatzen nuen. Ez, ezin diegu barkatu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.