L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-4 (1980-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Plazako mogimenduak ahotan hartuta

 

Lekuona zaharrak bere liburu zaharrean dioskunez, "los muy envejecidos (bertsolariek) en estas lides (txapelketa batez ari baldin bada ere, "saioak" ulertu beharko dugu noski, besterik gabe), tomo Txirrita y su primo Saiburu, se asieron para cantar, a cualquier circunstancia de la fiesta que se estaba celebrando". Zaharrak kontuok ere, 1935ko San Sebastián egunean kokatuak, Kursaal zenaren aretoan. Beste garai bateko gauzak, gaijartzailearen aginduei kaso handirik egin gabe iharduten zuten agure haiek. Kastakoak ziren Lujanbiotarrak.

        Inprobisazioa zen nagusi, oro zen plaza, bizitza bat-batean atzematen zen, eta hariari bitatik ez baina hiru eta lau muturretatik ere heltzen zioten bertsolariek. Gertakaria, bitxikeria, ezohikoa bertan harrapatzeko ahalmen hauxe zen, hain zuzen, inprobisazioa: erne egote bat, bizitzari adi egon behar bat, zen mendrenari ere erreparatzea. Estatu bat zen inprobisazioa, apaizgo laiko bat, epailari eta gaijartzailearen baldintzak hautsirik benetako bertsolaritza suposatzen zuen bizimolde bat. Bizitzaz bustitako bertsolaritzaren azken aleak, ondikotz!

        Bizitza hura zeremonia zen bilakatu. Teatroetara eraman behar zen bertsolaritza, arte mailara jaso nahi zen ihardun inkonszientea uste zena. Eta euskal kultura prestijiatze beharrezko hartan (literatura idatziak lortu ez zituen txaloen bila), bizitza kodifikatzeko ahalegin hartan, teatrala bilakatu zen bizia eta naturala zena.

        Gaijartzailearen (epailariaren ere bai, zenbaitetan) eta eginkizun sozial dotore bat —antzokira, eta ez plazara— betetzera doan publiko —geroz eta urrunago— baten erresuman aurkitzen da bertsolaria. Ito ere egingo duen ingurune berrian. Azti, sorgin, herri-kontzientzia eta mago munizipala zena bereter eta morroi digute bihurtzen maiorazgo nazional gustagarria bilakatu beharrez. Bertsolaria puntulari egiten da. Lehen, bertsoa bota egiten zen; orain berriz bertsoa bete egiten da. Arau batzuen poderioz da inor bertsolaria, eta bertsoarekin "kunplitzea" izango da garrantzitsuena. Ez alaitasunik, ez freskotasunik, seguritatea da disziplina berriaren kalitaterik estimatuena. Ziurtasuna eta zuhurtasuna: iadanik, inportanteena poto ez egitea izango da: puntularitza. (Puntuka aritzearekin zer ikusirik ez duena, hartan seguritatea, korrektotasuna bilatzen baita, eta honetan ordea desekilibrioa, bizitasuna, apustua).

        Sensibilitatea bai, baina hitzetik hortzerako jeniorik ez zuen bertsolaria —nerbioak ezin lotu, bozik ez, azkartasuna falta...— bertsopapergilea alegia, genuen gaijartzailearen inperiotik kanpo gera zitekeen bakarra. Baina honi ere, askotan, gaia inposatu, "jarri" egiten zaio (eta aspalditxotik zetorren zensura hau), misionistak, Jesusen llaga dibinoak eta Birjina amorez urtua besterik aipatzen ez dituzten papertzarrek sitiatuak gaudelarik. Zubizarreta azkoitiarraren kasoa (1855-1905) ereduzkoa da: Santa Klara komentuko kapeilauei erakusten zizkien bertsoak, eta D. Migel Haundiak eta D. Migel Txikiak onespena eta bedeinkazioa emandakoan eramaten zituen inprimategira. Hemezortzi bertso-paper argitaratu zituen, bat bere buruari jarritako bertsoz, bat Cubako gerlari (negargarriak), bat Muatzko heriotzari, eta hamabost erlijiozko. Ez da kasualitatea. Eta adibidea borobiltzeko, esan dezagun erlijiozkoak ez dituen bertsoak onenak izateaz gainera, Muatzko heriotzarena ezagutzen dugun bertso-paperik kalitatezkoenetakoa dela, hala hitzez nola aukeratutako doinuz... Egia da, halaber, enkarguz egindako bertso asko eta asko oso kalitate handikoak direla, baina egileak Txirrita (Trajinos beltzarenak...), Pello Errota (ezkontza galdutako bertsoak...), Xalbador (Xenpelar sarirako egindakoak...) ditugu, bertsolaritza, eta ez puntularitza, egin dutenetakoak, hain zuzen. Ez ahantzi.

        Puntularitzan, bertsoak "bete" behar horretan, rekurso linguistikoak nagusitu egiten zaizkie rekurso estilistikoei. Puntua, rima aberastu egiten da, euskaraz ongi egitea ere helburu bat da ("zibilak esan naute..."), hitz asko jakitea beharrezkoa izango zaio bertsolariari. Ez da harritzekoa izango bertso aldrebes bati zor izatea bertsoetan esan den gauzarik ederrenetako bat: "itsasoan ari dira / arbolak aldatzen"... (Xenpelar akonplejatu bat Justoren aurrean). Ez gara bertsolaritza poetiko bat aldarrikatzen ari, "atarramentu onik / ez dauka kojuak", adibidez, esaten ausartzen ez den puntularitza aztertzen baizik. Apustua da, rima kenduta ezer "daukaten", zenbait bertsok.

        Bertsoak bota egiten baziren lehen, orain kantatu egingo dira, boza ez da izango iada bertsoaren elementu nahitaezkoa —teatroa, mikroak...—, melodia "hobetzeko" da. Bertsoa ez da entzun erazi beharko. Bertsoa senti erazi egin beharko da, bertsolaritzak hain beharrezkoa zuen biluztasun eta zirarra hura dotorezia eta suspirioa bihurtzen da. Melodia ez da hain garrantzitsua izango (puntulari bakoitzak du bere doinua), manera, entubazioa txalotuko da. Ez da kantatuko melodia bera lehengo denbora berean, hamabost eta segundo gehiago egingo dira bertso berdinean. Halatan, bertsolaritzan "harrapatua" gertatzen zen publikoak, zorabiatu egiten zen entzulegoak "dastatu" egin beharko du bertsoa puntularitzan. Bertsolaria larri ala laxo ariko zen, bere buruari adi beti ere, baina ez bere burua entzuten. Puntulariak ordea bere burua entzuten du, eten da publikoaren eta magoaren arteko harreman konplizea. Bertsoak ez dira konprenitu egiten, entzun egiten dira. Bertsolaria puntulari bihurtzen da kodigoa (satira, esango genuke) ahantzi duen entzulegoaren aurrean.

        Bertsolaritza teatralizatzearekin, halabeharrez, ihardun naturala zena interpretazioa egiten da, gaiaren barnean sartzen zena, "kanpo" geratzen da, gaia inposatu egiten baitzaio, eta ez sikiera proposatu edo insinuatu. Beti egon dira gaijartzaileak, ez gabiltza itsuan. Fernando Bengoetxeari berari ere batek baino gehiagok esango zion noski, "ezetz bota bertsoa honi" edo "botaiok bertsoa hari". Baina gaijartzaile hura zirikatzailea zen, animadorea, ez ordea epailaria edo asko zekiena edo politikoa edo apaiza. Bertsolaritza jendearteko gauza zen; puntularitza jendeaurrekoa. Situazio arazo bat.

        Jendearteko gauza izaki, herritarren artekoa, kontrobersia eta polemika izango du habea bertsolaritzak, bizitzaren atal guztiak hartzen dituelarik: Pello Errota, Pello Errotaren errota, Pello Errotaren alaba, Txirritaren alkandora eta Txirrita bera. Puntularitzan berriz polemika fiktizioa izango da, lagunen aurrekoa ez baina lelukoren aurrekoa, kontrobersia amablea izango da beti, klitxearen aroan gaude: Mattinek irria sor erazi behar du, neska kontuak egotziko zaizkio; Mitxelenari txuletak aipatuko zaizkio, edo gizentasunaren inguruko zerbait; Xalbadorri gai "sakonak" izango zaizkio egokienak, Lopategi politikoa izango da... Eritzi berdinak errepikatzen dira, dribling berdinak erabiltzen dituzte. Ez dugu entzungo Muxarro zoragarri bat Xenpelar berriro akonplejatuaren aurrean, ez Txirrita zorrotza Pello Errota edo Fermin Imazen oldarrei erne. Bertsolaritza dialektikoa da beti; puntularitza beti da retorikoa, eta bertsolari-papera egitera behartzen den bertsolariaren benetako kualitateak ijnoratzen dira, eta hala aurkeztu ohi ziguten beti serio, transzendental eta kopetilun bertsolari humoredun eta ironikoa zena: Xalbador.

        Puntularitza deseginez berriro bertsolaritzara iragateko, bertsolariaren inguruko faktore askotan sartu beharko litzateke eskua: jaialdien antolaketa, gaiak, gaien banaketa, gaijartzailea bera... Baina badaude, egon ere, bertsolaritzatik bertatik gertuago dauden faktoreak: hizkuntzarenak. Gaurkoan, eta beste batetan luzatuko gara honetaz, hiru rekurso estilistiko ikusten ditugu errekuperagarriak bertsolaritza konsziente batetan: lokuzioa, biraoa eta injuria, hau da, herri hizkeraren elementurik bizienak. (Gogora dezagun puntularitzak errefraua bakarrik gorde izan duela herri-hizkeratik, beronen sorketarik ahulena hain zuzen, retorikoena). Honenbestez ez dugu beharbada euskal kulturaren auzia erabakitzen (Lizardirekin gaude), eta ibiltariak mugarri bakar bat baino gehiago behar baldin badu ere deskansurako (Lizardirekin gaude), ez liguke inolako kalterik egingo Txirrita-harria aukeratzeak (Lizardirekin gaude). 1935ko San Sebastián egun hartan txapela eman ez bazioten ere.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.