L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-7 (1981-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—solasean—

 

Anizeto Zugasti

 

        Anizeto Zugasti litzateke agian errealitatearengandik at deskonektaturik, sakristia eta tertulia hertsien artean, mundutik, besteon mundutik behintzat, aparte bizitzea lortu duen euskal giro berezi baten exenplurik adierazkorrenetakoa.

        — Telebista ere ez degu ikusten. Lehengo batean etxekoandre batek esan zigun telebista bat erregalatu behar zigula, eta ez. Nik ez det apaiz batentzat onak lirakeen gauzak ikusiko direnik, telebistan. Umeekin ere hala gertatzen omen da, etxeetan. Ez ikusi nahiago nituzkeen gauzak ikusiko nituzke orduan. Etxean edukiz gero errexa baita klik eman eta piztea. Orain, erderaz ematen dana zergatik ez da euskeraz emango! Irratia ere gutxi jartzen degu, eguerdian, notiziak jakiteko, eta gero arratsaldekoak.

        Apaiz iher txapeldun batek atea zabaltzen digunean konfunditu egin garela uste izan badugu ere ez dugu deus esaten. Azken finean ez baikenuen ezer konkreturik Don Anizetori galdetzeko. Baina pasaerazten gaituenean, erdi ilunpetan dagoan salako atea gurutzatzen dugunean, butaka baxu batetan, baxuegia bere zango errenaren gainean zutitzeko, Anizeto Zugastiren figura korpulentoa begiztatzen dugu.

        Badakigu Jesusen Bihotzaren eta Ama Birjinaren debozioari buruzko liburuak eta zenbait itzulpen bibliko direla D. Anizetoren jardun literarioan aipagarri. Liturjiaren itzultzaile. Salbador Garmendiaren teatro lana "literatura de letrina" bataiatu zuela. Altzatarra dela, 1904n jaioa.

        Eta ordubatetan bazkaltzen duela. Berak esan digu telefonoz. Ordubatetan bazkaltzeko ohitura baitut ordurarte hitzegin dezakegu nahi baduzue. Baina ez du hitzegiteko interes gehiegirik edo esatekorik. Ez gaitu tertuliakidetzat hartzen.

        — Zer nahi dezute esatea nik, zahartua eta nagon bezela. Ez gogorik eta ez ahalmenik, ez det nik gauzak nola egin litezkeen esateko. Nik egingo dedanagatik! Etorri behar duena etorriko da eta. Ez naiz pesimista. Alper jatorra egina nago. Eta nik egin dedan hori, ba hor dago. Edo bihoa.

        Pesimismoaz mintza gatzaizkio, fatalismoaz, determinismoaz. Separatzen gaituen mahaian gainean dagoen anbar imitaziozko nefertitis bati begira deus esan gabe geratzen da. Bastoia pasatzen du eskuz. Geuk ere ez genuke jakingo zer galdetu. Hobekiago esan nola galdetu bere eguneroko bizitzaren esperientziatik nola begiztatzen den euskal kulturaren mundua. Nola baloratzen den euskara, euskaldunon historia bizi ondoren butaka baxu horretara iristen denean. Atzoko gerrek ez dute espresiorik gaur. Ideia batzuren mantentzearen arrogantziak eta horren ondorioz sufritutakoek ez dute anekdotaren ondorioa ere utzi.

        — Benefiziadua naiz, maestro de ceremonias bezela. Nik beti esaten det, por opsición, con oposición y en la oposición sartu nintzala Buen Pastorren. Tenor oposizioak egin nituen sartzeko, eta ni sartzea nahi ez zutenak ere baziran. En la oposición, ba oso euskaltzaleak ez ziranak baziralako, eta ni haien aurka. Orain kanonigo egin gaituzte denak, botoi gorriak eta ibiltzeko eskubidea. Ba han ematen det meza, besteekin batera nahiago det, etxean emateko baimena ere badet, jubilatua bainago, baina han nahiago. Hala ibili egiten naiz, eta hori ere komeni zait. Etxera etortzen naiz hamaikak aldera, zer edo zer irakurtzen det, gutxi, oso alpertuta nago. Batek ere bi homilia bialdu dizkit euskeratzeko. Holako zerbait danean Anizetorekin gogoratzen dira.

        Berriz ere bastoia eskuz aldatzea. Resurreción María de Azkue gogora erazten digu Morfologia Vasca portadan azaltzen den eran behintzat. Baina ez du harek Euskaltzaindiari zion maitasunik konpoartitzen. Ez du behintzat erakunde honen jokabiderik onartzen.

        — Bueno, badakizue, guk Euskerazaintza sortu genun, egia esan bilera bakar batera joan naiz. Nik uste det euskera lehen batua zegola. Herriaren euskera, batua zegon. Herriak erabiltzen duen euskera kontuan hartzen ez bada jai degu. Motela eta ahula dala? Hizkuntza batentzat inportanteena egitea da, zer dago euskeraz egitea baino hobeagorik euskerarentzat? Gainera oso zaila, ezinezko ikusten det nik batua hori lortzea. Badakizute, jendea oso ausarta da. Orain, gauza batek ematen dit poza, eta kalean, Donostian, euskera entzuteak. Nik uste det lehen baino gehiago egiten dala, Donostian. Eta haurrak ere euskeraz. Hortxe dago etorkizuna.

        Hala ere noizbait egungo Zugasti honek ageri ez duen kemena izango zuen noski "euskera gauzetan" berak dionez seminarioan hasi zenean, kuartotxo batetan erdi klandestinoki, elkarri idazlanak enkargatuz gero talde aurrean irakurtzeko. Telleriarekin batera Argia eramaten zuen.

        — Bai, harek deitzen zidan hainbeste galerada falta zaizkigu aste hontakoa betetzeko, eta nik papera hartu eta zer idatziko det nik orain. Asteko ebanjelioa eta komentatzen nun. Nere lan guztiak apaiz bati eta Elizari dagozkionak izan dira. Orduan euskal gauzetan ibiltzea nazionalista izatea zan, politika egitea. Obispoak bere ingurukoak zitun jarriak puestoetan, eta horrengatik inpedimentuak izaten genitun. Inpedimentuak jartzen zizkiguten, esaterako subdiakonotik diakono izatera pasatzeko, eta zai egon behar izaten genun, sei bat hilabete edo, diakono egin arte. Ni inpedimentua izandakoa naiz, euskaragatik. Ze, sei hilabete pasata ez al ginan politikoak? Gero euskeraz idazte kontu hortan Jesus Gaztañaga eta Lukas Dorronsoro nik jarri nitun, euskera bidean nik jarri nitun esaterako. Gaztañaga gainera oso aurrera dabil. Dorronsorok utzi egin zion apaizgoari gizarajoak. Ezkondu ere egin zan.

        Nefertitis kontsolan, magnetofoia lurrean kexo zorrotz bat dariola zintaren itzuli bakoitzean. Batetik bestera eramaten du bista, baina ez da desesperatuki erleboa eskatzen duen tresnaren presenzia hitza galerazten diona. Bastoia berriz ere esku batetik bestera. Hanka errenak apuntatu egiten gaitu. Anizeto izeneko haur erren baten imajinak hartzen digu pentsamendua eta irakurri ahal izan bailuan hanka luzatuaren estremoan sotana azpitik ageri duen bota zola lodiduna seinalatzen du bastoi puntaz:

        — Ni inutil para servir a la patria de otros nintzen, hankagatik. Gaitz bat, hamalau urte nitula, hezurrean. Hiru aldiz operatu ninduten, eta ni hazitzeko sasoian, eta hala luzatu zitzaidan hanka bat bestea baino gehiago. Orduan Andoainen ibiltzen ginen, latin ikasten jaun batekin, eta komentatu zuen, Anizeto atera da bigarrenetik baina oraingo hontatik ez da aterako, ez degu klasean gehiago ikusiko. Bera hil zen lehenago. Gerratea piztu zenean ni San Pedron nintzen, Pasaian. Ez zitzaidan ezer gertatu. Trintxerpen baziran gaiztoak, CNTkoak, baina nik ez nuen sotana kendu. Anaiak ere ez. Gogor eginez gero ez ziren balienteak, sotanarekin ibiltzen nintzan ni. Nik ez det sotana sekulan kendu. Hankarenak ez du ezeren inportantzia izan nere bizitzan, gaztetan ere ez.

        Zaila da orain begiak erdi hertsirik interes konkreturik gabe butaka baxuaren zorrotik gure hitzei erantzuten dion gizona inoiz gaztea izan den imajinatzea. Agian bere gogoz kontra, halabeharrez. Halabeharrez euskalzaletasunak beste eliz barrutiko karguetarako bidea eragozten ziolarik gazteekin harremanetan jarri zen bezala.

        — Bai, ni urteetan kapellau izandu naiz, Donostiako La Salten, eta ez det uste oraingo gazteak lehengoak baino gaiztoagoak direnik, igualtsu jotzen ditut nik. Gainera nik uste, orain birao gutxiago egiten da lehen baino. Baina birao bat entzuten badet ez det utziko pasatzen, gogor egin gabe. Lehengoan San Bizente ondoan egin nion bati. Ez zitzaion batere gustatu, ea zer sartua neukan. Ba esan nion, berriz entzuten badizut ez det utziko gogor egin gabe. Lehen baino orain gutxiago egiten dala uste det. Esaten da bai, Europa osoan barrena ibili eta Pirineoak pasatakoan hasten dela ostia entzuten. Edukazio gehiago edo, Europan. Ostia berez ez da biraoa, hitz hori, ostia. Nola esaten dan.

        Eta Elizatik at euskararenak agudo egingo duela pentsatzen duen kolegarik ere baduela botatzen diogu, biraoak eta euskara inkonpatibleak egin litzakeen iritzi sutsuren baten esperoan.

        — Elizak gauza asko egiten ditu euskeraz. Kristaua fedean lagundu eta bide batean euskarari lagundu. Orain Buen Pastorren bertan meza nagusia euskeraz jarria dago, orain arte ez zegoena. Jendeak elizan hartzen du euskera, eta horrek ere lagundu egiten dio kalean ere euskeraz segitzeko.

        Auzoko gelaren batetan irratia entzuten da. Partea. Kontextu hortan berriz ere teknika miresgarria delako sensazio ahaztua sentitzen dugu eta betidanikoa ote den galde egiten diogu geure buruari medioaren eta gizonaren arteko deskonexioa. Partea bukatu bezain laister, bere anaiak ziur asko, isildu egiten du aparatoa. Bere gusto literarioaz interesatzen gara. "Hola orain bertan ez dakit" erantzuten digu. "Orixe, Orixe" esaten du gero baina ez du lan konkreturik aipatu. Besteen artean Orixekin asko ibiltzen zen Azpitiko apaiz bat ere. Ez da gogoratzen.

        Geroztikoak insistitzen dugu. Isil unea. Haur bat esaminetan dirudi, memorian bila, baina konbikziorik gabe, itxura betetzeko aina. Aresti, esaten diogu, haren birauak, hain gorroto dituen birauak behintzat ahaztuko ez zituelakoan. "Baina horrek euskera berria egiten zuen, ezta?" lakoniko bat besterik ez diogu ateratzen.

        Itxura danez kolejioetako kapeilautzak apaiz euskalzaleen eskuetan zeuden, situaziokoentzat lanpostu desiragarria ez zirenez. Egia esan gure bokazioak ez zuen nabaritu. La Salletarrek partitzen zituzten ostiazo pedagojikoei buruz duen eritziaz interesatzen gara. Pentsatzen genuena:

        — Edukazio kontutan ez dakit, nik jotzea onartzen det. Gogorkeria ez, baina gogortasun piska bat bai. Gurasoak ezin al dio ba haurrari hobe beharrez belarriondoko bat eman. Ni, egia esan, ez naiz inolako belarriondokorik eman zidaten gogoratzen, gogoan hartzeko modukorik behintzat ez zidaten emango. Ama alargun gelditu zen, eta apaiz batekin hazi ginen anaia ta biok.

        Gizon zorrotza eritzi batekoa zentzu literalean eta figuratuan ere, ideia tajuzkoak, idearik duenean —"Heriotz zigorra? Hola, nik ez nioke errex esango ezezkoa heriotz zigorrari. Inork ez du eskubiderik bestea hiltzeko. Heriotz zigorra gordetzea komeni litzake"— Butaka baxuan astintzen da, mekanismo perfekto batek esteetatik zerebrora, hemendik ormako ordulariari seinale izkutu bat bidaltzen dio: ordubata jotzen du kanpai hots zorrotz eta luze batekin. Zugastiren bazkal ordua. Mekanismoak ez du barkatzen. Bi eskuak bastoi gainean apoiatzen dira orain, aurpegia granatez tintatzen zaio altxatzeko lanean. Eginahal neketsuaren aurrean unkiturik eta zango sanoetan dorpe sentitzen garelarik, ez dakigu eskurik eskaini behar ote geniokeen laguntzeko. Ez dugu egiten eta luzeak egiten zaizkigu aurpegia oraindik ere granatea gurearen parera altxatzen irauten dituen segundoak. Azkenean lortu du. Irrifartsu atera laguntzen gaitu: "Bai, Arkonada nik konfesatua da La Sallen. Mutil ona". Asko egositako berdura usaina pasilloan. Dirudienez aurten Arkonada ere ez omen dago bere hoberenean. Pena da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.