L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-7 (1981-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Noam Chomskyk: "Idazleon erresponsabilitatea egia esatea da, eta gezurra salatzea". Hau behitzat asko obioa da gomentariorik behar izateko. Baina ez. Martin Heidegger-ek Hitler-en aldeko deklarazio batetan zionez, "egia, herri bat, bere ekintza eta jakinduria ziurrago, klaroago eta bortitzago egiten duenaren errebelazioa da". Azken finean, beraz, zentzu horretan doazen egiak esateko erresponsabilitatea luke idazleak, beste eratako egia guztiak gezurrak bailirake.

        Baina egia izan daiteke, baita, desapuntatzeko arrazoin soila, desertatzeko aitzaki hutsa, eta zimaur hura astintzeko intentziorik ez dugularik ere, horra hor Padillaren alde, eta Castroren kontra beraz, Kubako gobernuari eta iraultzari konfidantza erretiratu zioten idazleak, inperialismo bortitzenaren garaian.

        Izan ere, egia, esandakoaren erresponsabilitatea haizeari leporatzen ez dion edonorrentzat, gezurraren eraskin bat bihur baititeke, gezurraren alderdi bat, moneda berberaren beste aurpegia.

        Dreyfuss aferaren aurrean Bendak intelektual bezala egia defendatzen zuela zion, hots, militar atxilotuaren ohorea, "baina ez beza inork esan", idatzi zuen, "honenbestez neure aberria edo ejerzitoa ari naizenik defendatzen. Aitzitik, estadu nagusiaren prestijioa eztabaidatuz arriskuan jartzen dut militar agintarien derrihorrezko autoritatea. Nik ordea, egia esatearen erresponsabilitatea izaki, eta ez Frantziako botearea zaintzearena".

        Gertatzen dena esatea zaila baldin bada —hala diote kazetalariek— idazlearen konpromisoa, gertatzen denari buruz pentsatzen duena esatea, ia inposiblea da. Baina inposible hori haustea da gure ofizioa.

        Errukarria idazlearen problematika han aintzakotzat hartu gabe diskurso gaindituen ganbaran artxibatzen duena; ez dezala behintzat bere burua idazletzat jo. Errukarriak gu guztiok, idealismoak bazterreratu nahiaren bidean etikaz eta giza eskubideez mintzatzearen monopolioa eskuinari utzi diogunean, hain zuzen ere ezkerraren zeregin ohizko eta jatorra, jarrera etiko garbienetan finkatuz, eskuin horrek berberak sistimaren defentsan egiten zuen eskubide ororen bortxa salatzea egiteko nagusi bezala hartu zuenean.

        Isiltasun beatoak ez gaitu erresponsabilitate historikoaz salbatuko. Herri honetan gertatutako heriotz guztiei inoiz falta ez zaizkien elizkizunekin batera, beren hilketari buruzko esplikazio ondratu bat zor baitzaie: interpretazio arrisku bat, hain zuzen ere errealitatea, etsipenak eta pozak, eta heriotzak ere, teoria mailara jasotzeko obligazioa dutenengandik.

        Aho zabalik begirada fixoz so dauzkagu gorpuak, guk noiz lurperatuko, bake santuan usteltzeko edo zerbait hobeagoren hazia bihurtzeko zai.

        P.D. Baina heriotz batzuek ez dute justifikaziorik, eta baldin balute are okerrago, zeren argudio orok bengantza forma itsu bortitz eta primarioenaren erantzuna justifikatuko bailuke.

        Ez da persona errukarriagorik dependentzia poliziakoetan torturatutakoa baino, eta tortura ez du ezerk justifikatzen. Baieztapen han proposatu genien noizbait Euskal Herriko intelektual eta artista ospetsuenei beren firmaz manifestu bezala argitaratzeko. Politikoki erabiliak izateko beldur betikoa, ETAren egun haietako ekintza bat —torturaren instituzioa justifikatuko balu bezala— izan ziren protesta ez kaleratzeko aitzakiak. Intelektual izeneko hoiek, jasan beharko dute, orain, Jose Arregi Izagirreren heriotzaren zama.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.