L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-9 (1981-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskara batua eta euskara literarioa

 

Joxe Azurmendi

 

Azken aldian maiz aipatzen da gure artean arazo hau. Baina modu oso desberdinetan. Eta alderdi desberdinak desberdinki planteatzea komeniko da.

        Euskara batua problema omen da literaturarentzat. Esate baterako: euskara batuan idazten ez dakitelako, batzuek utzi egin omen diote idazteari. Beharbada bai. Eta beharbada beste norbaitek nahiago izan du erdaraz idatzi, dialekto hutsetan ez idaztearren (euskaraz idaztekotan dialektoren batetan egin beharra zegoen eta). Auskalo. Holako arrazoi pertsonalek problema partikular agian oso grabeak planteatzen dizkigute; apenas balio dute, ordea, euskara batuaren problema objektiborik planteatzeko adina. Idaztearen sakralismotik hasi eta, idazteari uzteko edo ez idazteko arrazoi subjektiboen kontaduriak sine fine jarraituko luke arrazoi bila. Orain ez gara hortik ibiliko.

 

        1.a

        Beste aitzakia batzuk printzipiozko objekzio bezala presentatu izan dira: "euskara batua artifiziala da", "euskara batuak modismorik ez du", etab., hots, euskara batuan ez dago naturaltasunik eta bixitasunik. Euskara batua linguisten produktu bat omen da, aseptikoa eta hotza. Desegokia literatura egiteko.

        Honela planteatzen dena problema objektibo bat da eta printzipiozkoa: hizkera standardaren eta literarioaren arteko harremanen arazoa.

        Problema bat badagoelakoxe, problema izaten utziko diogu. Ez dago gauza tontoagorik, problemarik ez dagoela demostratu nahi izatea baino, badagoen tokian.

        Saiotxo bat egin genezake, halere, problemaren alderdiak banan-banan eta diferentziatuki ikusteko. Irten lehen inpresioen azpitik eta problemak razionalizatu. Bakoitzak bere esperentzia razionalizatu beharko digu. Eta, duda gabe, oso esperentzia desberdinak daude eremu honetan.

        Neure esperentzia kaskarretik eta inguruan somatu ahal izan uste dudanetik, neure ustea printzipiotara jasotzeko pretentsiorik gabe halere, hiru ohartxo egingo nituzke, problema hori minimizatze aldera, neuri behintzat horrelaxe ageri zaidanez gero:

        1.1         Arrazoi hori sarri entzun dut, baina ia inoiz ez dut aurkitu arrazoia datuz eta exenpluz zehazturik, espezifikaturik, ea bada zeintzuk diren konkretu eta zehazki euskara batuak literaturgintzari (kreazioari, esaten da) jartzen dizkion eragozpen eta traba horiek. Beti problema dela esaten da eta kito. Beraz, susmoa badut, egiaz dagoena, problemarik baino gehiago, problema baten inpresio iluna dela eta gero haren errepikapena ahoz-aho. Zein generotako problemak diren ere ez da espezifikatzen.

        1.2         Idazle mordoska gaude, lehenengo euskalkiren batetan idazten genuenak eta gero batuan. Neurea aparte, urteren batzuk dituzten gehienen kasua hori da: Koldo Mitxelena bera hasi eta Txillardegi, Lekuona, Gandiaga, Lete, Saizarbitoria bera, etab., etab. Beraiei tokatzen zaie esatea, baina nik ez diet nabaritzen naturaltasuna, bixitasuna eta holakorik batere galdu zaienik, ez hausturarik eta ez koskarik nabaritzen diet, euskalkitik batura pasatzean. Freskura eta soltura zuenak (Mikel Atxagak, adibidez), freskuraz eta solturaz jarraitu du euskara batuan; lehen ez zuenak, euskara batuan ere gabe jarraitu du.

        Naturaltasuna, bixitasuna, etab., nahikoa falta zaigu denoi. Baina hori, gure kasuan behintzat, euskara batuarengatik baino gehiago, erdal giroan hazi garenon euskararengatik da. Azentua 'euskararen' gainean eta ez 'batuaren' gainean. Euskaraz idazten dugun arren, erdal mundu kultural baten produktu garelako eta erdal mundu batetan murgilduta bizi garelako. Modismoak eta falta bazaizkigu, batuan adina falta zaizkigu banatuan. Hori da egia.

        Konparaketa bat eginda ere, ezin esan daiteke beste gabe, euskalkietan idazten duten Autoreak orokarki modismo eta jiroetan aberatsagoak direnik, euskara batuan idazten dutenak baino: Amatiño aberatsa da, euskara batuan; Gaztañaga aberatsa da, batuaren kontrako bere batuan; baina Santiago Onaindiaren prosa ezin esan daiteke aberatsa denik modismo eta jirotan, batuan ez egon arren, etab. Beharbada egia da jeneralean zaharrenak aberatsagoak direla gaztegook baino, eta zahar askok ez duela onartu euskara batua. Baina hori batu/ez-batutik independente dago eta esplikazioa ere beste bat da, nahiko erraza: belaunaldi batetan ikusten den euskararen pobretzea.

        1.3         Azken aldian esaten dena, euskara batua gramatikoek eta hizkuntzalariek egin omen dutela, historikoki behintzat egiaren erdia baino ere gutxiago da. Euskara batua egin, hizkuntzalariek arauak eman eta gero ere, baina hizkuntzalariak etorri aurretik bereziki, literatoek egin dute: Mirandek, Arestik eta Txillardegik batez ere. Errazegi ahazten ari garen alderdi bat da hau eta azpimarkatu beharrezkoa. Horregatik, euskara batuaren arazoan, arau linguistiko eta gramatikalen mailan Arantzazu izango da obligaziozko erreferentzia (gramatikoen eta hizkuntz-irakasleen herri honetan laster geratuko zaigun bakarra); baina literatur mailan Arantzazu aurreko Aresti, Mirande, etab. haiek dira egiazko eta obligaziozko erreferentzia, eta azken batetan Erkiaga, etab. beste haiek ere bai, nahiz gero trenetik salto egin, martxa haunditxoa hartu zuela iruditu zitzaienean. Literatoen gerra ondoko entsegu diferenteak. Literatura da, euskara batura heldu dena, ez linguistak. Linguistak gero etorri dira. Literatura, bera heldu da, eta berez heldu da, eta bere premien bultzadaz heldu da, euskara batura: ez dute linguistek (arrazoi extraliterarioz) ekarri eta uztarripean lotu. Hau dena hobeto erakus liteke, nik uste, gerra ondoko hizkera literarioaren eboluzioa estudiatuz. Baina ez dago hemen egiterik. Hitzegiteko zenbait modutan egiten den bezala, literatura "euskara batu" aseptiko eta artifizial batetara behartu dutenak linguistak izan direla, pentsaraztea, historiaren erabateko faltsifikapena besterik ez da. Ezagutu ez duenari arras inpresio faltsoa ematen zaio, gainera, gauzak nola ibili diren egiaz. Aski da Miranderen, Arestiren edo Txillardegiren trajektoria piska bat ikertzea 50. urteetatik hasi eta 68.ko erabakien aurretik ere.

 

        1.b

        Teatroan eta, ez dakit, problemak agian gogorrago sentitzen dira narratiba soilean edo poesian baino. Itxuragabekoa izango omen litzateke teatro-elkarrizketa bat euskara batuan...

        Zeinentzat itxuragabekoa? Edo artifiziala?... Uste dut, honek planteatzen duen problema, beste genero batetakoa dela. Hizkera literarioaren arazoarekin ez du batere zerikusirik.

        Honez gero ez zaigu batere artifiziala iruditzen Zesarrek eta Marko Antoniok inglesez hitzegitea, ezta John Wayneri espainolez entzutea ere. Baina hemen ikusi ditudan amerikanoek ikaragarri xelebre eta artifiziala aurkitzen zuten John Wayne espainolez aritzea. Gipuzkera hots perfekto, bixi-bixi eta munduko naturalenean egindako teatro bat, "jatorra", nik ez dakit zergatik jendeari gauza bera euskara batuan baino naturalagoa iruditu beharko zaion — Tolosan bai, baina ez Bermeon edo Elantxoben esate baterako. (Beldur naiz arrazoi modu hauetan gipuzkoarkeria kamuflatu dexente ez ote dabilen). Gauza bat da euskara batuak publiko uniformatu, ohitu bat (oraindik) ez edukitzea: euskara batuaren naturaltasunera ohitua; eta beste bat, horregatik, euskara batuagatik alegia, elkarrizketa baten edo teatroaren literaturtasuna bera hauzitan ikustea.

        Transizio batetan gabiltza eta transizio aldietako problema guztiekin nahitaez. Berez, elkarrizketa batetan edo teatroan ere euskara batuak ez dauka zergatik naturaltasun gutxiago izan Calderonen gaztelania batuak baino, esate baterako, edo, herstu-herstuan, gipuzkera batuak berak ere baino. Ze, gipuzkera eta bizkaiera deitzen ditugun horiek ere, hizkera literario gisa, apenas bait dira bestegatik naturalagoak, ohituagoak gaudelako baino. Ohitu eta gero, euskara batua ez zaio inori gipuzkera edo bizkaiera literarioak baino artifizialagoa irudituko, elkarrizketa textu batetan ere.

 

        1.c

        Gero, "euskara batua" kontzeptu ekibokoa da eztabaida guzti honetan, eta edozein papagaiok edozein tokitan eta modutan "euskara batuaren eta literaturaren problema" sufizientziaz aipatzeko egokia, imitazioz eta tximukeriaz, topiko bat alegia, mahain-inguruak eta hitzaldiak eta komentaristen orrialdeak bete dituena, probarik eta exenplurik eta inolako arrazoirik eman behar gabe. Espantaturik bait nago, jendeak zein erraz aipatzen duen hitzetik hortzera problema hau, norbaiti entzuna diolako bakarrik eta beste reflexiorik gabe, uste dudanez.

        "Euskara batua" deitu ohi dena, funtsean Arantzazuko Mitxelenaren txostenean biltzen da, geroztiko eraskinen batzuekin, h-aren finkapena eta aditza bereziki. Ortografía, aditza, deklinabide piska bat, apenas ezer gehiago: hori da euskara batua. Esan dezagun, "euskara batua", maila horretan, gramatika unifikatu piska bat besterik ez dela (baina beste gramatika unifikatu batzuen tokian etorri dena, ez "gramatikarik ezaren" edo askatasun literarioaren lekuan!). Eta horrela, bistan dago, "euskara batuan" egin litekeena, gehienez ere, textu bat korrektoki redaktatzea da, ez literatura. Literaturak korrekzio gramatikala baino zerbait gehiago eskatzen du. Baina hori alfer-alferrik bilatuko duzu "euskara batuan", Arantzazuko txostenetan nahiz geroztikako erabakietan. Gramatikak literatoari planteatzen dizkion problemak "euskara batuari" egoztea, ordea, gipuzkeraren edo bizkaieraren gramatikak problema berdin-berdinak planteatuko ez balizkio bezala, oiloak perratzen ibiltzea da.

        Agian heldua da garaia, ekibokoak ebitatzearren bakarrik ere, gure terminologia aldatzen hasteko: "gipuzkera", "bizkaiera", "euskara batua", esaten dugu. Baina "euskara batua" ez da euskalki bat gehiago, besteen parean. Esan dezagun euskara (gaztelania esaten dugun bezalaxe eta ez "gaztelania batua" edo "frantzes batua"), eta esan dezagun euskalkiak: gipuzkera, etab. Honez gero euskara, gramatikalki eta literarioki, batua da eta beste ezer ez; eta beste dena, gramatikalki eta literarioki, edo bizkaiera da, edo lapurtera, edo nahi dena, euskararen euskalkiak hain zuzen. Parentesi artean hori.

        Izan ere, gramatikak, edo hizkera standard batek, berdin euskara (batu) standardak zein bizkaiera edo gipuzkera standardek, literaturgintzari planteatzen dizkioten problemak, beste gisa batetakoak bait dira. Natura berdin-berdinekoak, ordea, euskaraz kreatzeko nahiz euskalkiren batetan kreatzeko. Puntu honekin beste batetan jarraituko dugu.

 

        1.d

        Psikologikoki bai, diferentea da: arrotz samarra egiten zaigu oraindik euskara batua. Euskara batuko gauza batzuk behintzat. Jeneralean, prozesu errazago eta "naturalago" (hots, luzeago eta mailaz-mailatuago) baten bidez heldu gara geure etxeko edo herriko euskalki-eratik geure euskalki literariora: elizak, dotrinak, bertsolariek, etab., polliki-polliki hartara jarri gaituzte eta ez zaigu artifiziala iruditzen "eguna" edo "bereala" esatea, "euné" eta "beála" ordez (baina egi-na eta mi-la artifizialak iruditzen zaizkigu "egiña" eta "milla" ordez!). Euskara batua, aldiz, bigarren ikasketa edo korrektura baten antzera behar izan dugu ikasi, eta prozesu kostosoago eta batez ere nahasiago batetan: orain ortografía, urte batzuk geroago aditza, geroago berriro h-aren berzuzenketak, etab. Kaos bat. Gainera, euskalkietan bazirudien azken-finean edozeinek eskubide bazuela nahi zuena egiteko, bakoitzak asmatzen bait zizun "bere" gramatika, beti ere errazagoa izaki inbentatzea, ikastea baino. Etab., etab. Baina guzti hauek ez daukate zer ikusirik hizkera literario baten naturaltasunarekin edo artifizialtasunarekin. Gehienez ere prozesu didaktikoaren natural edo artifizialtasun arazoa izango dira, proboka ditzaketen erresistentzia psikologikoak aintzat hartzekoak badira ere.

        Besterik ere badago. Literatoak, oraindik euskalkietara ohituagoa dagoen irakurleriari euskara batuan nola idatzi, problema dauka. Problema da eta ez dago zergatik ukatu.

        Eta idazleak, idazlez gainera entzule haundia ere izan behar bait du, horrek ere sortzen du problemarik. Entzuten duena, erdaraz ez denean, euskalkietan entzuten du (baina ezta euskalki literarioetan ere!). Nola eman gero euskara batuan, Azkoitiako bi mozkorri entzundako elkarrizketa?... Problema da.

        Problemak dira, bai. Euskara batuak polliki-polliki konpondu egin beharko dituen problemak.

        Ez bait dago pentsatzerik soluzioa euskalkietara ihes egitea litzatekeenik, adibidez elkarrizketaren bat eman behar den bakoitzean narrazioaren barruan. Eta ezta euskara batuaren purismo radikal batetan setatu eta literaturan euskalkiei ate guztiak zeharo herstea dagoenik ere. Euskara batu literarioa ezin izan daiteke euskalkiak existituko ez balira bezala fabrikaturiko fikzio bat (euskara batuaren gramatika ere ez da horrelakorik). Euskara batu literarioak eginez-eginez joan beharko du. Handik eta hemendik (euskalkietatik) osatuz, asumituz, inkorporatuz, borobilduz. Eta, nahitaez, modismoak, jiroak, esaerak, euskalkietatik hartuz eta moldatuz. De fakto ez da ezer kostatzen, jeneralean, edozein idazleren batuaren barruan bixi-bixi bere inguruko edo herriko mintzamoldea nabaritzea.

        Baina honekin batuarena baino gehiago edozein hizkera literariorena den problema bat jo dugu, hots, batuaren problema espezifikorik ez den, baina edozein hizkera literariorena delakoxe batuarena ere baden problema: hizkera literariorik ez dagoela alegia (ez batuan, ez euskalkietan). Egin egin behar dela. Eta egin nola egiten den, hizkera arruntari buruz literario gisa espezifikatuz. Guzti hori dela eta, hurrengoan J. Mukarovskyren ideia batzuk ikusiko ditugu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.