L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-9 (1981-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Ezertan bagatoz denok bat, Joshe Mari, aintzinaren adorazioan da, Gure Historiari diogun itzalean. Besterenari adina kaso gutxi egiten, guk, historia-zientziari, azpiegitura-gainegitura, zikloen problema, transizio haroei; guk geurea dugu begiruneko, José María.

        Historia deitzen atrebitzen ez garen horrek, etsaiek, Etsaiak, gure arteko muturjoka eta zatiketen izurritea txertatzea lortu zuen arte, sendagai bakarra arbasoen konjuroa duen malefizio zoritxarrekoa etorri zen arte zer izan garen eta, batez ere, nola izan garen gogorazteko funtzioa du.

        Geroztikakoa hondamendia omen, Joshe Mari, galtzea besterik egin ez dugun garai desgrazizkoa, euskaldun guztiak baikara galtzaile, tokatzen denean irabazle ere denok omen garen bezalatsu, eta ikusten da, krisia, krisia, lehengo garaiak beti hobeak izaki, anaiarteko haserreak eta ezin elkar-ikusiak denok bat ginela ahantz erazi digutenetik, Joxemari, bardoa.

        Azken bardoa. Zu zara, zeu, fototan ezagututako arbasoa, modernoetarik lehenengotakoa eta ez da zure meriturik apalena gurutzpide honi hasiera eman zioten karlistadetan hain erromantikoki, hain idealista borrokatu izana. Karlistadak baitira askorentzat, egun ere, erreferentzi puntua, lehen borroka nazionala, eta gainerantzakoak bariazioak, elementu berrien eransketa, baina, batez ere, gau beltza, tunela.

        Ez dugu hori ukatzen, nola ukatu guk, Iparragirre, tituloa ere esklamaziozkoa, adorazio, tristezia eta dolorezkoa daukagunok, gure ezjakintasuna hain delarik gainera, Iparraguirre, nabarmena.

        Jakin ere ba dakigu, ordea, tuneletan gauza asko, ona eta txarra, gertatu ohi dela, pare batek ezagutu eta besteok sinistu egiten dugunez.

        Ez digula, bada, tunelaren metaforak balio, eta onartzekotan ere ez garela gu tunelean gertatutakoa hipokresiz izkutatu nahiean ibiltzen diren hoietakoak. Atzera begira jartzen garenean ez dugu gauza askorik ikusten, hori ere aitortu behar, eta liburutan bila hasiz gero arbasoen kategoria sazerdotaletik kanpo gelditzen direnak bilatzen ditugula, eta aurkitzen.

        Zu sinpatikoa bazatzaizkigu lokozoro bat izan zinen neurrian da, abertzaletasunari eusteko derrigorrezkoa zaigun hijienizatzerako inportantea den alderdi ero eta vivalavirjena interesatzen zaigulako, aintzinarekin komulgatu gabe —gu beti bizioen kontra— lagunartean onartua izan zaitezen judizio permanentea egitea posibilitatzen diguna, aldian goratu, aldian larrutu, kantuak ere galbahe etengabetik pasatzeko patxada anti-arbaso sano batez.

        Urruti gaudela eta kalenderak barkatzen ez, eta, guri, prototipo nazionalaren azpian gorde duzuena, dizuetena, Joxe Mari, barkatu, interesatzen zaigu gehien. Ez dugu mendehurrena delako aldatuko gure iritzia.

        Ez batzen eta ez separatzen gaituena, Joshe Mari Iparraguirre, Joxe Mari Iparragirre, ez dugu tunelean konkistatutako guztia galtzera utziko, eta hilik zinenez bentajaz jokatzea da, ba dakigu, bai eta orain bizirik bazina agian gutarikoa izango zinela sinistu ere, baina hoiek denak hipotesiak dira, Joxe Mari, sentitzen dugu.

        Himno baten eta bestearen artekoa konpontzeko ari dira zure "gernikako arbola" sendotu, sendatu nahiean, diskusioa haro historiko diskutiezin eta diskusio gabeko hartan, zuenean Joshe Mari, neutralizatuz.

        Alperrik, ordea, Hiru himno daudela diote, eta karta trukatuz egindako jokuan erabaki nahi zein den maiuskulazko Himnoa, hiru izatearen eta kontrajarriak egotearen arrazoinak manga barruan izkutatuz. Alperrik diogu berriz, elkarrekin kantatzeko tesitura gutxi izango dugula jakinagatik asko inporta ez bazaigu ere, guri 1881 geroztik gertatutako guztiak deuseztea gehiegizko ausardia deritzaigulako, guk, etsaigoak razionalizatu bai, baina asumitu eta baloratu ere bai, ez dugulako karlismo foruzalean patxadan kantatzeko motiborik ikusten. Egin dezatela nahi dutena, baina, esanda utzi genuen Euszkadiren kasoan, ez ditugula elkarren kontra ditugunak ahaztuko (besteek ondo artxibatzen jakin duten bezala) eta zuk "Ara España" esan bazenuen ez daitezela Ara Euzkadi?, Ara Euskalerri?, Ara Gipuzkoa? korrejitu nahiean ibili. Guk Euskadi esango genukeen baina Bearnetik eta ez Hendaiatik, Joshe Mari, eta pena sinzeroa ematen digute zure zimurrek, ile zurituek, eta are gehiago lur emateko jarri dizuten dolmen zazpipotro hori eta kutxa bat oso polita; lagun txarrak bildu zaizkizula, Joxe Mari, bertsolari sasikoa.

        Guk ukabilak hestututa kanta daitekeen himnoarekin segituko dugu, agian, egun zerorrek egingo zenukeenez. Ala ez, eta berdin zaigu, Iparragirre, zu gabe ere eta Santa Krutz gabe ere gurean jarraitzeko asmo sendoa hartu dugu eta, azken mozkorraldian. Asmo zindoa.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.