L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-9 (1981-maiatza) —<euzk1013>




 

 

—itzulpena—

 

J. Joyce

 

"Escritos Críticos"

Irlanda, isla de santos y sabios 1.907

 

Abertzaleek diotenez, zorigaitzeko bi egun ba omen dira egutegi nazionalean, normandar eta anglosaxoniarren inbasioarena, eta duela mende bateko beste hura, bi parlamentuen bateratzearena alegia. Garrantzizkoa da, ordea, ironiko eta adierazgarri diren bi gertaera oroitzea. Irlanda, bere tradizio nazionalei eta eliza santuari itsu itsuan fierra izateaz harrotu egiten da. Irlandar gehienek bi tradizio hoiekiko leialtasuna bere fedearen oinarritzat jotzen dute. Baina egia zera da, ingelesak irlandar errege batek behin eta berriz eskatu ondoren etorri zirela, beren aldetik entusiasmo gehiegirik gabe gainera, eta, esan beharra dago, beren erregearen baimenik gabe, baina Adriano IV aita santuaren bulda batek eta Alejandro aitasantuaren gutun batek babestuak. Ekialdeko kostaldean lehorreratu ziren zazpirehun gizonekin, abenturero banda bat nazio baten aurka, bertako tribu batzuek onartuak izan ziren, eta urtebete baino lehen Ingalaterrako Endrike II erregeak Eguberria Dublingo hirian ospatzen du pozez. Gainera zera daukagu, parlamentuen bateratzea ez zela Westminster-en lejislatua izan, Dublinen baizik, eta irlandar botoak hautatutako parlamentu batek lejislatu zuela, azerikeriaz ingeles lehen ministroaren ajenteek zulatu eta usteldutakoa, baina hala ere irlandarra. Nere eritziz, garbi azaldu behar dute bi egite hauek, bizitu zituen herriak bere semeetako bat, behari objetiboaren jarreta uztarazi eta nazionalista konbentzitua izatera pasarazteko eskubiderik jaso baino lehen.

        Bestalde, inpartzialtasuna gertaerak errezki ahaztearekin nahas liteke, eta behariak, Endrike II.ren garaian Irlanda barreneko borroka basatiek zatiturik zegoela, eta William Pitt-en denboran ustelkeriaren mintegi zela oso konbentzitua, ez duela Ingalaterrak Irlandan krimen bakar bat ere ordaindu behar orain edo gero, ateratzen badu egite hauetatik, erabat oker dago behari hau. Herri garaile batek beste bati bere tirania ezartzen dionean, ez daiteke lojikoki, bigarren herri hau errebelatzea injustutzat hartu. Honela da giza izaera, eta inork, bere sinpleziaz edo berekoikeriaz itsutua ez badago, ez du kolonialismoa motibo garbiki kristauetan inspiratua dagoela sinestuko. Atzerritar lurraldeak inbaditzen direnean ahantzi egiten dira printzipio hoiek, misiolariak eta poltsikoko bibliak ohiturazko tramitean, eta hilabete batzuen diferentziaz soldadu eta hondakerien aurretik joaten badira ere. Irlandarrek ez badute anaiek Amerikan egin dutena egiterik izan beren aberrian, ez du egitera iritsiko ez direnik esan nahi, eta ez da lojikoa ere ingelesek George Washingtonen oroimena omentzea, eta Australian errepublika independiente eta sozialista baten aurrerapena dela eta pozik agertzea, irlandar separatistak zentzugabekotzat tratatzen dituzten bitartean.

 

* * *

 

Bi herrien artean moral mailako separazio bat bada "God Save the King" ingeles nazional himnoa jendearen aurrean abestua, errege aide solemne hau aditzea ezinezko egiten zuen oihu, ziztu eta karraxi ekaitz bat altxatu gabe entzun dudanik ez dut oroitzen. Baina separazio honetaz konbentzitua gelditzeko, beharrezkoa da Victoria erregina urte bat hil aurretik Irlandako hiriburua etorri zenean kaleetan egona izatea. Onhartu behar da, batez ere, errege ingeles batek Irlandara bidaia politiko bat egin nahi duenean, alkatea, honek hiriko ateetan har dezan, bultzatera bideratua dagoen presio pilo bat gertatzen dela. Egia esan, ordea, honelako bisita bat egin zuen azken erregeak, polizia agintariak eginiko harrera informal batekin konformatu behar izan zuen, alkateak ordezkatu egin baitzuen ohorea.

        Victoria erreginak behin bakarrik bisitatu izan zuen Irlanda, berrogeitamar urte aurretik, bere ezkontzatik bederatzi hilabetetara. Garai hartan irlandarrek (zeintzuek ez baitzuten ahaztu osoki zorigaiztoko estuardotarrenganako leialtasuna, ezta Maria Estuardo izena, ezta leiendazko Bonnie Prince Charlie iheslaria ere) erreginaren ezkontideaz trufatzeko ideia makurra izan zuten, printze aleman ernegatu bat kontsideratuz, bere ingeles azento txarra imitatzearen bitartez trufatuz, eta irlandar lurra, ikutu zuen alaikiro, ongi etorri gisara, aza-muskur bat berari botaz.

        Kaleetan zehar ingeles soldadutxoak lerrokatzen ziren (zeren James Estephens-en feniar erreboltaz geroztik gobernuak ez baitzuen errejimentu irlandarrik bidaltzen Irlandara) eta giza hesi honen atzean zegoen hiritar jendetza. Apaindutako balkoietan funtzionarioak eta berauen emazteak, enplegatu ingeles zaleak eta emazteak, turistak eta berauen emazteak zeuden. Gorteiaua agertu zenean, balkoietako jendea gora ohiukatzen eta zapiak eragiten hasi zen. Igaro zen erreginaren kotxea, izugarrizko goardia pilo batek arreta handiz babestua, eta ikusleek emakume txiki bat ikusi zuten barruan, xaborra, ia ia enana, kotxearen binbilinketak etengabe astindua, lutoz jantzia, muskurrezko betaurrekoekin eta aurpegi zurbil eta adieragabeko batekin. Noizik eta behin burua makurtzen zuen lehor, ikaskaia gaizki ikasi duenaren antzera. Ezkerrera eta eskuinera makurtzen zuen, mugimendu alfer eta mekaniko batez. Soldadu ingelesak adeiz tente jartzen ziren beren nagusia parera iristean, eta hauen atzetik hiritar jendetzak kuriositatez eta ia lastimaz behatzen zuen gorteiau arrandiatsu hau eta erdiko irudi patetikoa. Aldi honetan, ez zen ez lehergailu eta ez azarik ere izan, baina Ingalaterrako erregina herri isil batek inguratua sartu zen Irlandako hiriburuan.

 

* * *

 

Zein arraza edo hizkuntzataz (halaber jostalari batek jelatan gorde dituen aleak salbu, Islandiar herriarekin gertatu dena) esan daiteke gaur puroa dela? Eta esandakoaz harrotzeko egun Irlandar lurrean bizi denak baino eskubide gutxiago duen herririk ez dago. Naizonalitateak (zientziaren bisturiak akabatu duen beste asko bezala fikzio eroso bat besterik ez baldin bada) giza hizkuntza eta odola bezain aldakor diren errealitateak superatu eta gainditzen dituen zerbaitetan aurkitu behar ditu bere sustraitzearen arrazoiak.

        Eta irlandar arraza eskasa eta atzeratua bada ere, keltar familia osoan lenteja platera baten truke bere primutasuna saltzeari uko egin dion bakarra izan dela agertzeak merezi du.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.