Irlandan egin dituen gaiztakeriengatik Inglaterra gainean irainak pilatzea inozo samarra iruditzen zait. Konkistatzaileak ez daitezke pasiboak izan, eta ingelesek Irlandan gaur belgiarrak Kongoko Estatu Askatuan egiten ari direna, eta bihar japoniar enanoak beste lurretan egingo duena besterik ez dute egin mendetan. Inglaterrak irlandarren desakordioak bultzatu egin zituen eta beren altxorretaz jabetu. Irlanda zatikatua mantentzea izan zen bere kezkarik nagusiena, eta ingeles gobernu liberal batek, hautesleriaren konfidantza osoz, nolabaiteko autonomiaren bat emanen balio Irlandari, aurki hasiko litzateke Inglaterrako prentsa kontserbadorea Ulster probintzia zirikatzen, Dublingo agintearen aurka altza dadin.
Inglaterrak maltzurkeria adina krudelkeria izan zuen. Makila, egurra eta soka izan ziren, eta dira, bere arma bakarrak.
* * *
Irlandarrak, berauen katolikotasuna, probezia eta ezjakintasuna direla eta, erdeinatu egiten dituzte orain ingelesek. Ez da erreza, ordea, mesprezu hau justifikatzen. Ingeles legeek industriak artilearena batipat zorrak janerazi dituztelako da pobrea Irlanda, gobernu ingelesaren zabarkeriak "patataren gosetea" deituriko garaian populazioaren zatirik hoberena hil zedila eragin zuelakoz, eta gaurko administralgoan, Irlanda despopulatzen doala eta bertan ia deliturik egiten ez den bitartean epaileek errege soldatak, eta funtzionari eta administrari politikoek lan minimo edo huts baten truke izugarrizko diruak jasotzen dituztelako.
* * *
Noizpait, berbizkunde gradual bat sortuko da irlandar kontzientzian, eta behar bada Worms-eko Dietatik lauzpabost mendetara ikusiko dugu irlandar moje bat bere habitoa harrika botzen, moja batekin aldegiten, eta katolikotasun deituriko koherente absurdoaren amaiera eta protestantismoa deritzan inkoherente absurdo honen hasera oihukatzen.
Baina Irlanda protestante ez daiteke imajina. Irlanda izan da, dudarik gabe, Eliza katolikoaren alabarik fidelena orain arte. Behar bada, lehen misiolariak kortesiaz hartu eta odol tantarik isuri gabe dotrina berrira bihurtu zen herri bakarra izanen da. Zazpi edo zortzi mendetan kristautasunaren foku espirituala izan zen. Bere semeak mundu osora zabaltzen ziren Ebanjelioa predikatzera eta bere doktoreek Izkribu Sainduak interpretatu eta berritu egiten zituzten.
Baina zer irabazi du Irlandak Vaticanoarekiko leialtasunaz eta ingeles koroarekiko infideltasunaz? Asko irabazi du, baina ez beretzat. XVII eta XVIII. mendeetan ingeles hizkuntza hartu eta beren sorterria ia ahantzi zuten idazle irlandarren artean izen hauek topatzen ditugu: Berkeley, filosofo idealista, Oliver Goldsmith, The Vicar of Wakefield-en egilea, bi komediografo handi, hala nola Richard Brinsley Sheridan eta William Congreve, zeinen maisutasunezko obrak Inglaterra modernoko eszenario antzuetan oraino gaur miresten baitira, Johnathan Swift, Rabelais-ekin batera satiraren mailarik altuena gordetzen duena, eta Edmond Burke, zeinari ingelesek berek ere Demostenes modernoa deitu baitzioten eta Herri Ganbaran inoiz mintzatu izan den hizlaririk sakonenetzat jo.
(...) Amerikar matxinatuen artean irlandarren hizkuntza zaharra entzuten zen, eta Lord Mountjoy-k berak esan zuen 1.784.ean: "Irlandar inmigrarien erruz galdu dugu Amerika". Egun, Estatu Batuetan irlandar jatorrizko hamasei miloe hiritar ba dira, zeinek herrialdeko sektore aberats, indartsu eta trebe bat osatzen baitute. Behar bada honek frogatzen du Irlandaren berbizkundearen xedea ez dela ilusio hutsa.
(...) Irlandak besteren zerbitzurako hainbeste talentu eman ahal izan badu, zera esan nahi du honek, gaurko Irlandako egoeran inhibitzaile, hankaperatzaile eta eragozle den zerbait izanen dela, bere seme-alabek ezin baitituzte ahaleginak beren aberri propinaren zerbitzuan konsakratu.
* * *
Antzinako Irlanda antzina Egipto bezain hila dago. Kantatu da haren errespontsua eta ezarri zaio hobian hilarria. Mendetan alegiazko ameskor, poeta jakobeo eta arlote trobarien ahoz hitzegin zuen arima nazional zaharra James Clarance Mangan-en heriotzarekin desagertu zen. Berarekin bukatu zen koblakari zaharren tradizio luze etengabea, eta orain beste ideal batzuekiko beste koblakari batzuek dute hitza.
Gauza bat bakarra ikusten dut garbi. Aspaldi iritsia da Irlandak hainbeste frustrazioz bukatzeko garaia. Egiaz berbiztu badaiteke, esna bedi, edo bestela, estali bere burua eta pakean atseden har dezan utz dezagun. Behin Oscar Wilde-k honela esan zion nire lagun bati: "Guk, irlandarrok, ez dugu deus egin, baina grekoen denboraz geroztik izan diren berritsurik handienak gara". Haatik, irlandarrak elokuenteak izan arren, iraultza ez da arnasaz eta negoziaketaz egiten. Maizegitan jo du hutsean jadanik Irlandak, eta zulo gehietan erori. Honenbeste denboran itxaron dugun ikuskizuna benetan eman nahi badu, izan bedi osoa eta behin betirakoa oraingoan. Langile irlandarrentzako gure aholkua, gure gurasoek duela ez asko ematen zieten bera da: Ibil zaitezte azkar! Baina ba dakit nik behinipehin ez dudala oihala altxatzen ikusiko, gerta dadinean nere azken bidaia hasia izanen baitut.