L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-12 (1981-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Frederiko and Teresita

 

Gotzon Egia

 

Gusto txarrekoa izaten da, inozo samarra askotan, besteren eztabaiden tartean jartzea. Ba dakigu ez garela konpadriakoak eta ez zaigula kandelarik jasotzea tokatzen. Hala ere, gure adierazpenerako itzulbide bakarra euskara dela eta inplikatua sentitu dugu geure burua F. Krutwig eta T. Irastortzarenak irakurritakoan. Ikus Deia 1981-6-19 eta Egin 1981-8-27. Horregatik gogoratu zaigu anotazione labur hauek egitea.

        (Eta ezertan hasi baino lehen, parentesis hau. Aski sentiberak izateagatik edo, usai txarra hartzen diogu azken boladan Egin/Deia aferak daraman martxari. Ez gara gu izango, noski, inoren adierazpen askatasuna luze-laburrean neurtuko dugunak, ez eta inori askatasun hori zertarako erabili behar duen esango diogunak ere. Baina truko merkea deritzagu linea ideologikoarekin bat egiten ez duten artikulo eta gutun guztiak konjelatzeari kontrarioak noiz argitaratuko zai, horrela askatasun hura pratikatzeko plataformak xuxen desberdinduz eta debatea de facto ukatuz. Irastortzaren erantzuna bi hilabetez eduki dute sekuestratuta Krutwigen inbektiba argitaratu zuten egunkarian).

        Euskaraz hiztegi ideologikorik bagenu, MEGALOMANIA hitza begiratu eta "iz. handikeria zoramen edota grina" irakurriko genuke gutxi gora behera, eta GRINA bera "iz. irriki, desio, gogo edota egarri desordenatua, desbideratua". Suertea dauka Sarrailh Ihartza Frederiko jaunak, hiztegi horren orrialdeak aipatu ezin dituguna, autoritate osoz bere artikuloan (Deia) erakusten duen handizalekeria zoramen egarri desordenatua definitu ahal izateko.

        Berak jesukristorenak leporatzen dizkio besteri, bera delakoan onena. Berak ez bestek, Euskal Herri honetan ez du inork fitsik ezagutzen literatura klasiko greziarra, ez eta literatura unibertsalaren obra nagusiak ere, ez eta eduki kulturgilea duen literaturaren aztarrenik ere. Ikaragarri listoa gizona. Eta guri igual gertatzen zaigu beti: pentsamenduaren onerako eta belarrien deskantsurako oso gutxitan ikusten dugu Sagredo de Yarza jauna, baina azken bi urtez geroztik ikusitako bakoitzean greziar klasikoak eta gobernu suekoaren panfleto famatuari buruz entzun diogu hizketan, inbariable, aldaezina eta mugigaitza bera. Eta, egia esan, aspertu samarrean gauzka dagoeneko.

        Frederiko jaunak besterentzako darabilen erabateko zorroztasun erradikala bere intelekto prebiligiatuaren emaitz naroa aztertzeko balerabil agudo konturako litzateke bere ausardia guztiak J.L. Enparantzaren aspaldiko laguna izateagatik besterik barkatzen ez dizkiogula, eta ez sinalamentean bere obragatik, hain xuxen.

        Ez du Krutwig jaunak gezurrik esaten herriaren kultura maila negargarriaz, arrazoi osoa dauka kritiko askok bere zilborraz kanpo deus ere ikusteko gauza ez dela esanarekin, eta berarekin bat gatoz lehiaketa literario anitzen zentzugabekeriaz. Areago, gureganatu egiten dugu "herria bere hizkuntza eta kulturgintza propioak definitzen duela" esandako hori. Liferentzi pare bat, ordea: Frederiko Krutwig jaunak ez ditu lasterketa literarioak printzipioz deitoratzen, hauen arteko zenbait epaimahairen iritzia baizik; bat. Eta bestea, berak literaturaz ulertzen duena, eginkizunetan ikusirik bederen, ez dugula guk "herria definitzeko" balio duen horren parekoa ikusten, confert Ekhaitza nola Mikelditarrak.

        Benetan esateko, Teresita Irastorzari kritikaren saria ematea zinez izugarria iruditu zitzaigun; kritikoek, egin ditzatela kritikak eta sariak tonbolatarako edo utz. Eta ematez gerotan, saiatu lan eta merezimendu luzeagoren bati ematen, besterik ez bada ere nolabait premioak, tonbolatan ere, zer edo zerren truke ematen baitira. Ez dugu uste, dena dela, Irastortza bera ere iritzi honetatik oso urrutian ibiliko denik. Baina hiru arrazoi nagusi ikusten ditugu, Frederikori esatekoak, Irastortzak bereganatutako sariaren kontra bota duen meneno guztia berarentzat gordetzearen alde: 1) Ez da hau Euskal Herrian eman den lehendabiziko sari literarioa, eta makina bat aukera izan du Krutwig jaunak esandako guztiak aspaldi esanak izateko. 2) Teresitak egindako lana, bestalde, lehenengoa da eta aitzindari horri begiramen piska bat zor zaiolakoan gaude, ez sariak emanez, bai egindako lana baloratuz; nahi al du Krutwig jaunak printzipiante batek baino ebaintzea askoz gehiago merezi duen euskal literaturaren adibide ostikagarri beteranoagorik seinalatzea? 3) Argitaletxeak algitaletxe, hara Luis Haranburu Altuna jaunaren linea editoriala aipatu Frederikok, bertan Teresitarena baino hobeak argitara eman izan direla esanez gainera. Orrialde hauetan salatu izan dugun politika editorial zarpail, txapuzero eta okerbidetuaren bilduma horretan nahi al du ostera adibide egurgarriagorik erakustea? Hogeitamar urte gutxiago balitu, On Frederikori Irastortzarenak inbiri galanta eman diola pentsatuko genuke ezerren aurretik.

        Alegia: ez dezala pentsa Frederiko Krutwig jaunak euskal kulturaren suntsimendua gertatu eta bost minutu geroago Urbasako zelai apaletan barrena zaldi zuriaren gainean arrapaladan datorren llanero bakartia denik. Bera bezalako espiderman asko eman du herri honek.

        Eta azkena, hauxe esan nahi diot neronek Heiko Krutwig Sarrailh Ihartzari: Tontoa izatekotan, oso-osorik asumitzen dudala izate hori, eta horregatik hartu ere kamio bazterretan saltoka eta korrika ibiltzeko ohitura, txandala jantzita; eta ea berak egingo duen mesede sekula horrelakorik jantzita korrika ez hasteko, berez dauzkan bixigu begi horiek ez dakizkion saltoka lurrera amil.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.