L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-13 (1981-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Takoak partidistak omen

 

Mikel Hernandez Abaitua

 

"Ahí está el mundo de la creación en lengua vasca, aquejada de una crisis de la que aún no se ha tomado conciencia plena. Razones para explicarla habrá muchas pero tal vez exista miedo para reconocer como válida una de las, sin duda, más importantes: la propia falta de capacidad. Preferimos no insistir".

        Horrela mintzo da 18. MUGAn editorialista (E. Ibarzabal? X. Lete? F. Zabala?) eta puntu interesante bat ikutzen du: kapazitatearena. Lehenengo gauza, pentsatu beharko genuke ea kapazitate falta hori benetakoa den. Bigarrena, horrela izanezkero, ez al da horrela izan beti. Hirugarrena, zergatik inkapazitate hori.

        Oso gauza erlatiboak dira horiek, kapazitate faltarenak, obra bat ona edo txarra den esatea, epaitzea, eta zailago dena, obra multzo baten (oraingo euskal literaturaren) kalitatea neurtzea. Nik uste dut kalitate falta beti egon dela gure literaturan edo beste modu hobe batean esanda, kanpoko literaturekin konparatuta bistan da gurea ez dela oso aberatsa. Baina hori ez da azken urte hontako fenomenoa.

        Baina zergatik ematen du kapazitate gutxiago dagoela. Zeren inpresio hori baitago, ez MUGAko editorialistarengan bakarrik, hor zehar entzuten da ere behin baino gehiagotan. Kalitatearena "arbola arteko habarrots iheskorra" bezain zaila da neurtzea, errezagoa aldiz kantitatearena, edo neurgarriagoa da behintzat. Literatur obra autoktono gutxiago publikatzen bada ez da obra horiek —falta direnak— ez daudelako, editoreak gaur exijenteagoak direlako baizik. Profesionalizatu egin dira eta saltzen ez badute ez dizute publikatzen. Lehen dirua galtzera prestago zegoen jendea, editorial amateurak zirelako. Gaur "ni ez naiz mezenas bat" esango dizute gehienek.

        Hor dago USTELA saila, baina ez da nahikoa, ekonomikoki izugarri pobrea da eta ez dut uste obra luzeak publikatzerik izango lukeenik. Esate baterako, zer gertatu da Krutwigen zazpi edo sei nobelekin? Lehenengoa ez zen ondo saldu, hortaz ez dira aterako hurrengoak. Eta ez gara sartuko horiek elitistak, zailak edo txarrak diren diskutitzera, hor daude, baina ez dago dirurik. Gure notizien arabera hiru eta lau nobela baino gehiago ezagutzen ditugu, eginda eta argitaratu gabe. Zergatik horrela? Diruaren problema. Eta ez dut uste beste garai batetakoak baina txarragoak direnik, denetatik egongo da.

        Eta horrela jarraitu daiteke hitzegiten arazo honetaz betiko arrazoiak emanez, zeren goiko arrazoi horiek ez dira berriak, argumento hauek beste batzutan erabili dira. Baina gogoratu behar zaizkio editorialista horri.

        Bai, errezegia da denok ondo ezagutzen dugun tendentziaren aldizkari hortatik kapazitate falta dagoela esatea. Kapazitate falta bai baina ez produkzio literarioaren aldetik. Hemengo kapazitate falta editorialena da. Gure herria hain analfabeto izateagatik eta gure hizkuntza hain minoritario izateagatik ere dator inkapazitatea, baina hori arrazoi obioagoak dira.

        MUGAko orrialdeetatik hain xinpleki idaztea eta erdaraz gainera oso gauza komodoa da. Eta paradojikoa, goiko arrazoiak kontutan hartuta. Zeren MUGA sustentatzen duten zutabe berberak dira Euskal Gobernuan boterea dutenak. Baina ba al dago gobernu horretan euskal literaturarako politika bat.

        Tesina eta tesis doktoralak egiteko subentzioak badaude. Hain zuzen ere, gauza horiek ez dira hain "peligrosoak" —neutralagoak bai—, obra literarioak beti izan ziren terribleagoak (egia esan gaur egun literaturak ez du eragin sozial handi bat gure ustez, baina ez du horrela pentsatzen besteren batek liburuak erretzera ailegatu bazen). Edozeinek gaur errepikatzen duen leloa esan dezakegu guk ere —ez da García Marquez izan behar hortarako—: "benetako eskritorea beti da ezkertiarra" (edo ia beti).

        Horregatik euskal gobernuari, PNVri, ez zaio komeni euskal literatura "espontaneo" baliotsuena argitaratzea, bultzatzea, subentzionatzea. Bale, denok genekien hori baina orduan ez dirudi MUGAko editorialista hori hortaz konturatzen denik.

        Jarri dezagun ejenplo bat. Forma konbentzionalena bada ere, demokratikoegia ez bada ere, eraiki dezatela esaterako nobelak edo poemaliburuak publikatuko lituzkeen kolekzio bat, edo ireki oraingo edozein editoriale batetan sail bat Euskal Gobernuak babestua. Jarri dezatela hiru edo lau pertsonez osatutako kontseilu bat obrak aukeratzeko eta publikatu ditzatela lau edo bost obra urtero (lau edo bost bakarrik esan dut). Eman diezaiotela idazleari obra bukatzeagatik bakarrik kantitate minimo bat eta erosi dezala gobernuak edizioaren erdia esate baterako. Ikusiko du MUGAko editorialistak nola sortzen diren obrak.

        Baina klaro, esandako kontseilu horretan zein sartu? Kalitate literarioak bakarrik begiratuko litzateke? Ez ditugu galdera horiek erantzun behar ere. Etxenike jaunak, gure kontseilariak, erantzungo digu: "No se debe promocionar con dinero público obras de tipo partidista, que puedan ir contra la mayoría de este país" (Diario Vasco, 20 nov. 81, redacción). Hori esan omen zuen Etxenikek Bilbon irabazi zuen erdarazko ipuinari buruz.

        Irakurri al duzue ipuin hori. Nola esan daiteke hori partidista denik. Takoak eta biraoak partidistak al dira. Gerra zibilean Nafarroako lur komunalen lapurketa salatzea partidista al da. Ez, partidoen anbitoa superatzen du horrek.

        Etxenikeren hitzen arabera literatura egitea "es ir contra la mayoría de este país" zeren literatura sekula ez du maioria batek egin.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.