L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-13 (1981-abendua) —<euzk1413>




 

 

—itzulpena—

 

Mesprezuaren garaia

 

Albert Camus

 

Hogeitamalau frantses torturatuak, ondoren asasinatuak Vincennes-en: deus adierazten ez duten hitzak imajinazioak berea ez badu eransten. Eta zer ikusten du imajinazioak? Bi gizon aurrez aurre, bata, so duen besteari hatzazalak errotik erauzten ari zaiola.

        Ez da eszena eramanezin hauek imajinatzen ditugun lehenbiziko aldia. 1933an guregandiko gizonik handienetako batek, mesprezuko garaia justiziaz izendatu zuen aro bat hasi zen. Eta hamar urtez, izaki biluztu eta desarmatuak, begitartea gurea bezalakoa duten gizonek pazienteki torturatuak izan zirelako berria jasotzen genuen bakoitzean, burua transtornatu egiten zitzaigun eta elkarri galdetzen genion nolatan zitekeen horrelakorik.

        Posiblea zen, haatik. Hamar urtez posible izan zen eta gauregun, armazko garaitzapena dena ez delako adierazbide, baditugu oraindik burkide sarraskituak, hatz behatz xehatuak eta takoikazoka lehertutako begiak. Eta horrelakorik egin zutenak suburbanoan beren jezarlekua uzteko gauza ziren, halanola Himmler, zeinak tortura zientzia eta bizibide bihurtu zuen, alabaina atzealdeko atetik sartzen zen etxean gauez, kanari kutunena ez esnatzearren.

        Bai, guzti hau posiblea zen, aski ongi dakusagu. Baina ahalezko hainbeste gauza badago, zergatik hauta hura beste edozein baino lehen?

        Espiritua hiltzea, arimak umiltzea, baitzen egitekoa. Inork indarrari sineste ematen dionean, ongi ezagutzen du bere etsaia. Berari zuzendutako mila fusilek ez diote, bere azken baitan, kausa baten justizian sinestea eragotziko. Eta hiltzen bada, beste gizon zuzen batzuek "ez" esango dute kemena ahitu arte. Ez dute orduan aski zuzenaren hiltzea, bere espiritua hiltzea beharrezkoa da, giza-duintasuna ukatu duen zuzenaren etsenpluak zuzen guziak eta justizia bera ere gogo gabe utz ditzan.

        Duela hamar urtetatik hona, herri bat saiatu da arima hondatze honetan. Bere indarraz seguru zegoen, aurrerantzean arima oztopo bakarra izango zela, hari buruz aritu beharko zuela sinetsi arteraino.

        Hari buruz aritu ziren eta, beren zorigaiztoan, ongi atera zitzaien batzutan. Bazekiten betiere ordu bat izaten dela, egunez nahiz gauez, zeinean gizonik kementsuena ere koldartu egiten dena.

        Beti jakin zuten ordu haren begira egoten. Eta ordu horretan bilatu zuten arima, gorputzeko zaurietan barrena, zakar eta ero bilakatuz, batzutan, traidore eta gezurti bihurtu zutelarik.

        Nor ausartuko litzateke hemen barkamenaz aritzera? Ezpata ezpataz baizik ez daitekeela garai espirituak azkenik ulertu duelarik, armak hartu baitzituen eta garaitzapena lortu, nork eska liezaioke inori ahantz dezan? Ez da bihar gorrotoa mintzatuko, memorian oinarritutako justizia bera baizik. Eta justizia da, eternal eta sagaratuena menturaz, gure artean, traidore izan ez zen bihotzaren pake gorenean mintzatu gabe hil diren guzi horien izenean barkatzea: baina arimak doilortuz koldar bihur erazi zituzten, eta betikoz suntsitutako bihotzean besteenganako gorrotoa eta beren buruarekiko mesprezua eramanik, desesperatuta hil ziren guretako kementsuenen izenean kupidagabeki zigortzea, justizia da ere.

 

("Combat",

19944eko abuztuak 30)

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.