L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-15 (1982-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Ale hau ateratzeko zegoela gaiari loturiko zenbait lan irakurtzen ditugu igandeko El Pais-en (martxoak 28). Harritu eta tristetu egiten gaitu Mitxelenarenak —por ser vos quien sois, bai— alde batetik gorago idatzitakoaren ordez edozertaz inprobisatutako artikulo bat idazteko lana aurreratzen badigu ere.

        Esan nahi dugu ez dugula irakurritakoa irakurri ondoren koma bat aldatu beharrik sentitzen euskal intelektualei buruz idatzitakoan, eta bere artikulo luzeak gehiago nabarerazten duela funtsean, eta forman, Santamariaren lumari zor zaiona.

        Mitxelena, Deiako Ibarzabalek, eta susmoa, EBB osoak ez da Euskaltegietako irakasle eta ikasleek polizien ingresoaren aurrean azaldutako jarrerarik ez dutela ulertzen urrutirago joanaz Euskaltegien antolatzaile den Eusko Jaurlaritzaren aurkako konplot bat izan dela uste baidute. ("el objetivo, para ser preciso, no es otro que el Gobierno Vasco").

        Guk ez dugu Mitxelena ezagutzen baina bere curriculumaren bistan ez da posible hainbat makinazio ikustearen arrazoia, ezker abertzalearen aldetik suposatzen da, paranoia izango denik pentsatzea —bere alderdikide den J.J. Azurza alias Pertinaxen kasuan ere ezin rnantendu daiteken hipotesia gizarajo hau inozoa baida—. Bidezkoago deritzaigu afirmazio hori egitera bere etiolojian sartzen ez garen itsumen iragankor batek daramala konsideratzea.

        Mitxelenak ez dakigu baina guk, arrazonamendu abstraktu ahalegin inportantea eginaz, poliziak, harakinak, elefante domadoreak edo historiako katedratikoak bezala gaiztoak eta zintzoak izan daitezkeela ulertuz ere, berorietako bat aurrean jartzen zaigunean egiten dugun lehendabiziko gauza dardarrez jartzea da, eta ahalik eta azkarren Nortasun agiri nazionala zein patriketan ote dugun pentsatu mugimendu ezbeharrezkoak baidira sospetxosoenak.

        Fenomeno gure ustez jeneralizagarri horren kausak era askotakoak dira, fenomeno guztienak bezala, eta justifikatu ez dakigu baina esplikatu esplikatzen dute jaun hoiekin koinziditu nahi ez duen jende dexente izatea, eta zer esanik ez, konbibitzea ezinezkoa ikusten dutenak.

        Hain zuzen ere koinziditze eta konbibitzearen arteko diferentziak esplikatzen du arazoa lehenago gertatu ez izatea. Fisikako klase batetan adibidez balen traiektoria parabolikoaren estudioak Almeriako gertakizunen oroimena ekarri badezake ikasleen gogora, eta ezinezkoa ez izan elementu emozionalki disturbatzaileak ondatzea giroa, jeneralki autodisziplina apur batekin igaro daiteke kurso oso bat albokoaren ukalondorik ikuitu gabe, hitzik gurutzatu gabe ere.

        Hizkuntza klase batetan talde txikietan, kurtso intensiboetan berriz, konbibentzia beharrezkoa gertatzen da (gutxi bezala "nor zara zu" eta "ni haren adiskidea naiz", hizkuntza ariketetan ohizkoa denez igande goizean egindakoa kontatu beharra) ezinezkoa harreman minimo bat ez izatea. Inposiblea alboko polizia —subkomisario bat agian— eskibatzea.

        Eta eskibatze nahi hori —gogorarazi behar ote— ulertzekoa izaki zure lagun mediko bat —Yetano Amarako anbulatoriokoa gurea den bezala— atxilotu eta arrazoirik gabe lege desarrazoizko bat aplikatu dioten egunean, interrogatzeko eta kargorik gabe libre uzteko besterik ez bada ere, zure beste lagun bat —Amilibia Legazpiarra gure kasuan— parte nobleetan bost duroko moneda baten neurriko erredura birekin atera denean trantze berdinetik.

        Ikasteko hizkuntza euskara danean, gure nortasunaren, gure herri izan nahiaren ezagugarririk nabarmena eta sentituena, bere inguruan erakusteko edo ikasteko biltzen direnak, ez dute edozein fakultateko aula barnean bezala sistima sozial huts bat osatzen, komunitate bat baizik, familiaz eta hitzegiteko. Sistima horretan poliziaren integrazioak —eta ez goaz honi buelta gehiago ematera— prolema derrihorrezkoak planteatu behar.

        Euskarak ez lukeela hainbeste markatu behar, ba bale, eta noiz bait ez dela horrela izango ados: telebistan JR euskaraz mintzatuko zaigunean, eta poliziak "a ver tu el carné" esan ordez "ea hi karneta" esango digutenean konponduko da hain zuzen ere.

        Bestalde oraingoan, poliziak, polizia bezala presentatzen dira, orain arte egiten ez zuten gauza —zeharo alderantziz, disimulatu egiten zuten— beren profesioaren azaltze ez beharrezko diote batzuk, inprudentea beste batzuk, bainan nabarmena eginaz. Esan beharra dago zirkustantzi horrek beta ematen diete horrela pentsatzen dutenei, Mitxelenak mantendu duenaren antitesi moduko bat planteatzeko, zeinen arauera poliziek edo hauen agintariek lirateken auzia sorterazi nahi zutenak.

        Baina ez dugu intentzio sekretoen edo intimoen juiziorik egin behar. Gure ustez estabaidatzen den gertakizunean ematen den aldaketa funtsezkoa, dudarik gabe beti hor egon den granoa orain lehertzea esplikatuko lukeena, zera da, ikasleek eta irakasleek hain zuzen ere ikastaroen antolatzailea Eusko Jaurlaritza izateak, beste situazio batzukin konparatuz, aldaketa sakon bat suposatu zezakeela uste izatera eraman dituela. Hau da, alde batetik Eusko Jaurlaritzak polizikoek planteatu zitzaketen prolemak ulertuko zituela, integrazioa ezinezkotzat joko zuela, eta uste horri dagokion postura hartuko zuela edo hartu zezakeela pentsatzea. Hor dago, nere ustez, gertatutakoaren gakoa, Euskaltegiak "gureak" direla, eta "gureak" diren neurrian, beste kontestu batetan —Madrileko ministeritza baten kargu legokeen erakunde baten barnean zer esanik ez gobernaziokoa bada— inolaz ere formulatuko ez zen protesta, beste hontan posible —ulergarria, asumiblea— bezala ikusi izan dela.

        Baina garbi dago Eusko Jaurlaritzak ez zuela beste alternatibarik, ez dakigu edukitzerik nahiko zuen, auzia kaleratu baino lehen gauzak moldatzeko aukera eduki zuela badirudi ere, baina Mitxelenak hainbeste apreziatu duen "sin transiciones ni componendas"eko jokabidea interesatu zaio.

        Badirudi ordea poliziak euskara ikastera bultzatu dituen arrazoinak, beren deklarazioetan azaldu bezala noble eta demokratikoak badira, beroriek behar lutekela izan irakasle eta ikasleen erantzuna hobekien ulertu eta integratzeko operazioari beste bide batzuetatik ekiteko komenientzia ikusi behar lutekenak.

        Zinemalari frantses batek filme inkesta bat egin nahi izan zuen Harlemen pantera beltzei buruz, eta zera atera zitzaion, imajina suzesio bat non ateak eta ateen atzetik agertzen ziren aurpegiak besterik ez ziren aldatzen, baina beti ere aurpegi beltz bat azaltzeko kamarari "white pig", zerri zuria, esateko.

        Filma ikusi genuen borondate oneko zuri guztiek ulertu genuen mensajea, klabea gure azalaren kolorean egon zitekeanik pentsatu gabe.

        Gertatutakoa ez da konbibentzi gaur egun inposiblearen prueba bat gehiago besterik —ez ahaztekoak euskaldundu nahi duten polizien amigoek, Donostiako euskaltegian probokatzen ari diren istiluak— eta diskisizioak utziz, polizia nazionalaren ordez —ez gainera, ordez— polizia autonomoa indar guztiarekin erreibindikatzera eraman beharko gintuzke.

        Adierazi beharra dago baita ere irakasleen okerra, Eusko Jaurlaritzak beren gogoak edo pretensioak nahi izanda ere entzun zitzazkeela pentsatzea eta auzi batez ere politikoa, argudio pedagojikoekin gehiegi ornitu nahi izatea. Ekibokazioa deritzait baita ere borroka gogor bat aurrez indarrak ongi neurtu gabe planteatzea. Guztiok ere gehiegitxo egin ohi dugu hanka sartze hau greba borrokarako arma bezala likidatzera daramana eta historikoki Orreagako memorable hartatik gerla bakar bat irabaztea eragotzi diguna.

        P.S. Ez dago bukatzerik. Gure lagun Yetanokin detenitua izan zen Muruetagoiena Oiartzungo sendagilea bihotzetik hil omen da, poliziak kargorik gabe libre utzi ondoren. Goian bego. Inposiblea gorpu baten interferentziarik gabe debate bat aurrera eramatea. Hala ere heriotz batek arrazoina eman eta beste batek kentzen dion tesiak ez du baliorik gaur Euskalerrian. Baina gorpuak ez dira ahaztekoak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.