L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Oh! Euzkadi aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Oh! Euzkadi-15 (1983-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Konstituzioari irain egiten ote dioten eta gobernu sozialistak tribunal constitucionalera ditu eramanak euskararen normalizazio-legearen artikulo anitz. Gertakariaren biharamonean, El Paísek aipamenik ere ez, eta españolako akademiko baten deklarazioak argitaratu hizkuntzaren (españolaren) defentsarako lege baten beharraz. Zertarako ari teman: ezkerra ere kutsaturik duela nazionalismo españolak, euskal herriaren borondate nabarmena kolpatzen dutela, euskaraz bizi ahal izateko aukera tipiena ere hankatrabatu nahi dutela, finean politika inperialaren aurpegia ageri dela, etc. Guk ez dugu —argi esan ahal bageneza— oso kutun lege hori, ez dugu konfidantza handirik botere autonomikoek euskararen normalkuntza sekula egia bihurtuko dutenik, lege hori baldin badute oinarrizko tresna. Legea egin eta onartzerakoan, frankotan erabili izan zen "erran gabe doa" horren taktika justifikatzailea, neronek nahi bai baina halakoa haserre ez dadin, eta hara orain oraingoak. Guk oso uste dugu hobe dela gauzak garaiz esatea, konfliktorik balego berehala plazara dadin. Legearen egileak bildurti ziren tribunal constitucionalaren lupa inplakableaz, eta hura ez tentatzeagatik omen planteamolderik moderatuena idazketa epel eta ikaratu horretaz egina (derecho a utilizar cualquiera de las dos lenguas oficiales...).

        Jarrera ausartak, aurpegi zorrotzak, diskurtso ofentsiboak, lehenago behar zituzten erakutsi legearen gurasoek. Debate publikoa eragin, hizkuntz normalizazioaz oinarrizko kontzientzia zabala hezi, legearen aldeko atxikimendu herritarra erdiestea baztertu egin zuten orduan. Legea ezezaguna da, publizitaterik gabekoa, izkutuzkoa ia, hautsak ez harrotzeko sortua orobat. Biktima erreza estalpe instituzional soila daukan euskararen legea, estatuaren aparatoan zehar kanpeatzen duen partiduarentzat.

        Euskal herriaren dignitateari irri egin diote, konstituzioari (art.2: todos los españoles tienen el deber de conocer el castellano y el derecho a usarlo...) bere ukoa eman zion euskal herriari. Erantzun prebisibleak moldatzerakoan, gogoan ukan beharko lukete datu hau botere autonomikoaren titularrek.

        Guk, konstituzioa, estatutoa eta tribunale goren horri begiramen guztiz, euskal gizarte monolingue baten ametsa gordetzen dugu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.