Saforen poema bat
Safo
euskaratzailea: Elena Garziarena
Jaungoikoen antzekoa dela
iruditzen zait niri
gizon hura,
zure aurrean eserita dagoena eta,
hurbildik,
zure ahots gozoa eta farre desiragarria
entzuten dituena.
Horrek, bularrean, bihotza asaldatu dit
zeren unetxo batez begiratzen zaitut
eta hitz bat ere ez dudala ahozkatuko
ematen du;
mihia trabatu egiten zait,
berehala su mehe bat
nire azalaren azpitik irristatzen da,
begiekin ez dut ezer ikusten,
belarriek burrunba egiten didate,
izerdia ixurtzen dut,
dardara batek harrapatzen nau osorik,
belarra baino berdeago nago
eta hilda egoteko gutxi falta zaidala iruditzen zait,
Baina denari aurre egin behar zaio, zeren...
|