L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-3 (1993-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Intsumisoaren duintasuna

 

Nemesio Garziarena

 

Zenbat aldiz jartzen gaituzte intsumisook geure burua justifikatu, gure jarrera arrazionalizatu beharrean? Aldiz, koartelera joateko ez zaio inori eskatzen aparteko arrazoirik, ezta ere bere burua garbi dezan. «Normala» omen da.

        Kulpa sentimenduaren gainean oinarritzen den gizarte honen zati naizen partetik, eta entzunaren entzunaz, onartu egin izan dut, nonbait, ezarri didaten okerra, nolabait errudun sentitzera iritsi arte. Noski, neure buruaren epaile eta errepresorerik gogorrena bihurtu arte; harro beharrean, intsumiso lotsati... Hor ibili izan naiz, beti burua bueltaka, zein arrazoi ezin asmaturik jendaurrean azaltzeko. (Demontre, ba ote?... neure askatasun grinaz lotsatzerik ere...!)

        Libre izan nahi bait dut. Ez banaiz soldaduzkara joango, ez dadila izan inoren «opari» edota «eskuzabaltasunaz», ezta ere naturaren kapritxoz bederatzi dioptriaren jabe izateagatik eskubiko begian. Ez. Nik neuk horrela erabaki dudalako naiz soldaduzkatik libre. Askatasuna sortu dut neure inguruan... (Eta horretaz ohartu nintzenean, arnasa hartu behar izan nuen sakon...)

        Zeren erreprimitua izango naiz, bai, intsumiso izateagatik. Baina, ze demontre!, ez al da ba errepresioa inolako arrazoi zuzenik aurkitzen ez diozun hori bete beharra gogoz kontra, agindu huts eta itsuaren indarrez? Pentsatzen jarrita (eta hori oraindik zilegi da harresiez kanpo), izatekotan, nahiago dut nere buru eta ahalmenak hezitzeagatik jasatea errepresioa, eta ez bestela. Bietara egurra, bai, baina ai!, zer alde norbere izanaren pake eta lasaitasunean...

        Beldurraren kontrako askatasuna, askatasun askatzailea... Izan ere, beldurra da soldaduzkari eusten dion indar ia bakarra. (Eta honetaz konturatzean... gero eta gehio garbi ikusten nuen ez niola ezer inori esplikatu beharrik)

        Azken linean, pentsatzen dut, ez dago ezer larririk nire baitan intsumiso izatea oztopatzen didanik. Intsumisoa naiz, ilebeltz, erdi lotsati, ardo eta gonazale, eta futbolaren gorrotatzaile amorratu naizen bezala. Eta kitto!... (Azkenengoz, a ze lasaitasuna buruan, a zer poza bihotzean naizena izateagatik! Harro atera naiteke plazara)

        Zergatik ote naizean intsumiso?... Eta zergatik ez? Argituko al dit inork?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.