L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-4 (1993-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Eskusoinuaren arima

 

Xabier Garziarena

 

Sarritan, zerbaitetik edo norbaitengandik urruntzen garenean, justifikazio baten premia sentitzen dugu gure jarrera lojika jakin batean kokatzeko. Eta askotan arrazoinamendu baten bila gabiltzala kanpoko erreferentzia bat heltzen zaigu, galdutako lasaitasunera berriro bueltatuz.

        Azken bolada honetan ez nabil zinemarekin —edo gutxienez honera iristen den zinemarekin— oso lagun, eta atzoko egunkarian irakurritakoak lagundu zidan nolabait haserraldia arrazointzen. Bertan, Mankiewicz zinema zuzendariaren zenbait azalpen agertzen ziren: «Garai bateko intimismoa eta sentiberatasuna galdu ditu zinemak». Eta zinea 1973an uztearen zergatiak azaltzerakoan: «Ordurako, zineak hartuta zuen gaur egun ailegatu den tokirainoko bidea. Eta neri ez zitzaidan hura gustatzen. Ez nuen neure burua era hartako zinerik egiteko gauza sentitu, eta utzi egin nuen. Zinemak ez ninduen jadanik maite, eta neuk ere ez nuen zinema maite».

        Behar edo nahi nuena entzun ondoren eta ukatuko ez dudan satisfazio unea pasata, kontu hau ez dela zineman bakarrik gertatzen ari pentsatu dut. Fenomeno orokorragoa dela, bizitzaren beste hainbat arlotan islada duena.

        Burura datorkit nere lagun soinujole batek askotan esaten duena: «Gaur egun, soinujole asko eta asko trebeak dira oso. Hatzak abiadura harrigarrian mugitzen dituzte, gauza ezin ikusgarriagoak joaz. Ez dira konturatu ordea eskusoinuak arima daukala, eta arima hori hauspoan bizi dela».

        Miles Davis serio eta pentsakor batek buruaz baietz egiten dit tabernako paretatik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.