L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-4 (1993-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Menturazale berrientzat eskuliburua

 

Joe Garziarena

 

Seguraski batek baino gehiagok nostalgiaz irakurriko du Conraden eta Melvillen garaiko literatura, edota Marco Polorena urrutirago joanez gero. Izan ere, garai haietan oraindik mundua ezagutzeko zegoen eta menturazaleek atea irekita zuten heart of darkness-en barneratzeko. Egun Tierra de Fuegon edo Pekinen kokakola berak eros daitezke. Egun, turismoak enlatatu ditu kapitalismotik kanpora geratzen ziren kultur forma desberdinak, postal eta oroigarri gisa eros ditzagun.

        Antza, tribu bakarra omen da munduan, Filipinetan, oraindik antropologo, apaiz eta merkatarien pelmada jaso ez duenik. Eta guzti hori, gobernu filipinarrak alde hura hertsirik kontserbatzen duelako, halako museo-urna batean bezala. Beraz Rimbauden Bateau ivre-en eta Baudelaireren Invitation au voyage-en irakurleek biharamuna edo nostalgia senti dezakete soilik europar kolonialismoak menturazaleentzat sortu zuen aukera errepikaezin harekiko. Ez dago jada Burton kapitainaren gisa herri debekatu arabiarretan barneratzerik. Pentagonoaren satelite alef-itxurakoek begia edonon barnera dezakete egun.

        Alabaina, mentura guzti haien ardatza geografia zela kontutan hartzen badugu, agian nostalgia hura konpentsa daiteke. Izan ere ardatza aldatuz gero, berriro ere kontinente idorogabeak ditugu bistaurrean, berriro menturarik aberatsenetan barneratzeko eta beraietaz idazteko. Ardatz berri hau oraingoan ez da geografia, baizik eta gizartea bera. Auzo globaleko geografia eta gizartea bakar bihurtu diren honetan (nork ez du Schwarzenegger ezagutzen esate baterako, Nigerian ere bere filmeak ikusten dituzten honetan), gizartea berriro ere estratifikatu eta ugaritu egin da, baina tribu sozial desberdin eta ulertezinetan.

        Eta tribu diot, zeren talde hauekiko dugun ezagutz-eza garai bateko antropologoena bera da. Tokyora edo Mexiko hirira joanez gero betiko oporketa enpakatuak pasa nahiz, parajeak desberdin izango badira ere, jende bera eta hotel berak topatuko ditugu. Turistak ere tribu bakar bat baitira mundu guztian zehar. Turismoa ez da bidaiatzea jadanik. Turismoarena pret-a-porter-ziutateak jantzi eta eranztea da.

        Bidaia eta mentura beste nonbait daude. Turismoaren tribua abandonatuz eta beste tribu batzutan barneratuz bidaia daiteke bakarrik. Bidaia hau geografikoa izan daiteke ala ez. Baina tribu arteko mugak dira bakarrik bidaiaren etapak markatzen dituztenak.

        Nork daki egun Mexiko hirian ume umezurtzek daramaten bizitzari buruz? Hori bai, Mexikoko erruina ikusgarri guztiak argazki liburu bakar batean ikusta daitezke egun, etxetik atera gabe. Edota zer dakigu Wall Streeteko hyper-yuppien bizitzari buruz? New York bai, hor dago, ehundaka gidatan enpakatuta. Bi unibertso dira euskal literaturaren ingurunean bizi den jendea eta Tokyoko bizitza gay undergroundean bizi direnak. Heroinazaleak eta operafiloak bi mundu desberdinetan bizi dira.

        Abentura berri hauetan, ardatza geografikoa soilik ez denez, ia ingurunetik atera gabe ere bidaia daiteke. Gasteiz kasu hartuz gero, hiriaren monumentuak eta geografia arratsalde batean ezagutu badaitezke ere, Gasteizko tribu desberdinetara bidaiatuz urtea eman daiteke. Normalean urtea tribu berean sartuta ematen baitugu, eta oporketatan ere tribu berarekin joaten gara «bidaiatzera».

        Jakina, nostalgiko kolonialistek esango digute tribuena ez dela asuntu bera. Baina hori tematia izatea da, antropologia berri honetarako gustu berezia bilakarazi behar baita. Baina gustu hori bilakarazitakoan, kontinente ezezagunak berriro ere bistaurrean hedatzen dira erakargarri. Jakina, egungo idazleen gehiengo handi bat funtzionarien eta unibertsitateko irakasleen tribuan bizi diren honetan, menturazaletasuna bera dago krisian, ez menturarako aukera. Galdetu bestela Burrouhgs bezalako bati.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.