L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-4 (1993-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Napoleonek idatzitakoa eta ohar bat

 

Bingen Garziarena

 

Gogoeta hau aurki daiteke Napoleonek Santa Elena irlan idatzitako koaderno batean:

        «Ilargiaren argitan gertatu zen, gauaren bakardade sakonean. Bapatean, gorpu baten arropen azpitik ateratako txakur bat gugana oldartu eta bere babesera itzuli zen ia berehala, garrasi mingarriak eginez; aldika, bere nagusiaren aurpegia miazkatu eta gugana jotzen zuen berriro; laguntza eskatzen zuen eta aldi berean mendekua bilatzen. Zela une hartako aldarteagatik, zela toki, ordu, eguraldi, ekintza bera edo auskalo zergatik, kontua da nere bataila zelaietan gertatutako ezerk ez zidala sekula halako inpresiorik egin. Gelditu egin nintzen neure gogoz kontra ikuskizun hura kontenplatzera. Gizon horrek, esaten nuen nerekiko, badu beharbada adiskiderik kanpamenduan, edo bere konpainian bertan, eta hala ere hemen datza den-denek, bere txakurrak izan ezik, abandonatuta! Zer ikasbidea eskaintzen zigun naturak animalia baten bitartez...»

        «Zer den gizona! eta zer den bere inpresioen misterioa! Emoziorik gabe zuzenduak nituen ejerzitoaren zoria erabaki behar zuten batailak; begi lehorrez ikusiak nituen gure arteko asko eta askoren hondamena ekarriko zuten mugimenduak; eta hemen emozionatuta sentitzen nintzen, hunkituta zakur baten garrasi eta minagatik! Inolako zalantzarik gabe, une hartan askoz samurragoa izango nintzen erruki eske etorritako arerioarekin; hobeto konprenitzen nuen Akilesek Hektorren gorpua bihurtzea Priamoren negar-malkoak ikusita» (...)

 

II

Beraz, eta korsikar haundiaren gogoetak aditzera ematen duenez, gure sentimenduak oso lotuta daude zentzuen gaitasunarekin; sentitu ahal izateko, ikusi egin beharra daukagu aurrena, edo entzun, ukitu, usaitu, dastatu; osterantzean —errealitatera intelektualki bakarrik hurbilduz, alegia— agian Harri bihurtuko ginateke, zeren Harria izan baitzen, hain justu, Odinen heriotzeko orduan malkorik ixuri ezinez gelditu zen gauza bakarra.

        Bai, gure sentimenduen sorreran esperientzia fisikoak duen garrantzia izugarria da, lehen begiratuan ematen duena baino askozaz haundiagoa; eta horregatik dauka arrazoia Robert Graves-ek —bere Good bye to all that izeneko memorietan— Munduko Lehen Gerra sekula izan den krudelena bezala definitzen duenean, zeren gerra hartako bataila gehientsuenetan baionetaz hil behar izaten baitzuen soldaduak bere soldadu etsaia, hots, haren odola ikusiz eta haren garraisia entzunez; eta arrazoia zuen halaber Cirlot poeta heroe-zaleak frankotiradorea mespreziatzerakoan, zeren frankotiradorea —urrutitik hiltzen duen azpi-soldadu hori— zimaurra baita ezpata hartu eta heriotzari aurre zuzena egiten zion gerlariaren aldean; eta horregatixe, hain zuzen ere, idatzi zuen Lorenz zoologoak moralari buruzko gogoeta hura, erranez Ona eta Gaitza bereiztea zailagoa zela urrutira hiltzeko aukera ematen zuten armak sortu zirenez geroztik; eta horregatik dabiltza Yugoslavia-ohian dabiltzan herio dantza horretan; eta horregatik inporta zaigu bost —guri, Sarajevotik urrun bizi garenoi— han gertatzen den herio dantza; eta horregatik inporta zaie bost —haiei, Sarajevotik hurbil bizi baina Milosevic-en telebisioa ikusten duten serbiarrei—, han gertatzen ez omen dena; eta horregatik hunkitzen gara gu begiak bustitzeraino telebisioak frankotiradore batek bota duen neska koskorra erakusten digunean; eta horregatixe —hona hemen sentimenduen oinarri horrek tribialtasunarekin duen harremama— gainditzen dugu hain azkar gure begi-bustidura, zeren gure pantailan iadanik ezpaitago neska koskor bosniarrik, baizik eta Madrileko edo Bilboko bikote xelebre bat (ja ja, ze xelebrea!) bere eztaietako gaua ehun mila peztaren truke (ja ja, ze gaua!) teleikusleoi kontatzen; eta abar, eta abar.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.