L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-5 (1993-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Zazpi

 

Roberto Garziarena Jr.

 

Hogeitamazazpi urte zituen gizonak. Bizitzaren zentzuarekin bueltaka luzaroan aritu izana, neska batekin zazpi urtez ibili ondoren, harekin ezkondu zen eta, tradizioak ongi agindu legez, handik urte batera ume bat ekarri zuten mundura. A ze ume ederra! Baina umea ez zen beste umeak bezalakoa, hasieratik igartzen zitzaiolarik. Gurasoei berehalaxe esan zieten medikuek: umeak zazpi bihotz zituen. Hala ere, ez zuen horregatik konplikaziorik izango, guztiz bizimodu normala eraman zezakeen.

        Denbora aurrera zihoan eta umea sendo eta sano haziz. Baina bera ere konturatzen hasia zen bere berezitasunaz. Arraroa zitzaion etengabe zazpi bihotz taupada entzutea. Zazpi, eta gero beste zazpi, eta berriro... Hura ez zen ohizkoa eta bera ezezik bere eskolako eta auzoko lagunak ere jabetzen hasi zitzaizkion. Ondorioz, baztertu egiten zuten, ohi baino zaratatsuagoa zelakoan edo. Berak, burua makurtuta, bere halabeharrezko bakardadera jotzen zuen behin eta berriro. Eta gurasoek, arazoa zein zen ikusita, ezer gutxi egin zezaketen, ahalik eta ongiena kontsolatu baino.

        Horrela denbora luzea igaro zen, umetxo gizajoarentzat batez ere luze; amaigabe ziruditen zazpi urte, hain zuzen ere. Orduan, urtearen zazpigarren hileko egun batetan, arratsalde eguzkitsu eta dotore batean, gurasoek lagun batzurengana eraman zuten azkaltzera. Lagunek aldez aurretik gonbidatuak zituzten eta, eurek ere edade bereko neskato bat zutenez, ideia ona iruditu zitzaien seiak elkartzea. Neskatoak Bakarne zuen izena, agian bera ere nahiko bakartia zelako, Joseba bezalakoxea.

        Zazpiak aldera geratu ziren lagunen etxean. Urbetik kanpo bizi ziren berauek, aparteko etxe batean eta belartz berdedun zelaiez inguraturik, lorategi koloretsu batekin. Udako arratsaldearen freskotasuna aprobetxatuz etxeko hall-ean azkaldu zuten, bi umeak, elkarri hitzegin gabe, elkarrekin jolasten ari ziren bitartean. Orduan bai. Mutikoa konturatu egin zen neskato harekin ez zela baztertua sentitzen, algara betean eta korrika batera zein bestera. Zazpi urte luze haietan ez zuen halakorik sekula sentitu. Dudarik ez, egun hura ezberdina zen. Eta bapatean, elkarren ondotik pasatzean gelditu egin ziren biok. Aurrez aurre, bata besteari begira. Itzelezko ixiltasunak ingurutu zituen unetxo batez. Gero, doi-doi entzunez, konturatu ziren zer zen hura: hamalau bihotz-taupada. Elkarri irrifarrea luzatuta, jolasteari ekin zioten berriro.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.