L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-6 (1993-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Desterru baten historia

 

Emerson Garziarena

 

Gaba herritik kilometro t'erdi ingurura dagoen padurara be heldu da. Motxaileek gurdiak zirkuluan ipini eta adar igerrak, paper banakak eta sepia koloreko oihala pilatu eta su eman deutsee. Egunez ardao zuria eta gabaz baltza edaten daben Martzial aspaldiko istorioez berbetan hasi da, taldeko nagusiena izateak emoten deutson ziurtasunagaz. Beste danek adi entzuten dabe. Zahatoa bizkor pasatzen da eskutik eskura. Urrun samarrean, txakurrak bere amodio kontuak kontatzen deutsoz harridura aurpegiz begiratzen daben ilargiari.

        Emilio txikia sutondotik ixilean aldendu eta bazter batean bedar arraro batzuk eskuan dabezala marmarrean dabilen Mikaelarengana bildu da. Bere aldamenean jezarri eta Emilioren ikatz koloreko begiek itauna bota dabe:

        —Izeko Mikaela, zergatik ez daukagu guk etxe finkorik?

        Mikaelak ez dau segituan erantzun. Ez jako gauzak bizkor egitea gustatzen. Gauzek euren denbora behar dabela dino. Bedarrak eskuan dabezala marmarrean jarraitu dau. Gero, jaiki eta urrunera eta inora begira ez balego legez gelditu da. Handik pixkatera berbeteari ekin deutso.

        —Horren erantzuna topatzeko denboran oso atzera egin beharra dago, gure parajean gaztaina nagusi zan sasoietara, hain zuzen be. Itxura danez, bagendun orduan Ausgane izeneko baserri dotore askoa, urteetan zehar behar dan moduan zaindua. Larrosaz inguratua, lerdena, horma sendodun eta argitsua. Baina tamalez, haize bolada itzelak egozan egun batean, nire birramama Leokadiak baserriko ate printzipala zabalik itxi eban eta haizeak hain kolpe gogorra emon eutson danbadaren poderioz baserri dana zimentarrietatik erauzi ebala. Orain dala urte batzuk, indiano bategaz berba egin ahal izan genduan, eta esan euskunez, Ojaio izeneko parajean agertu ei zan gure baserria, barriro jaioa antza. Baina guk dirurik ez haraino joateko eta harrezkeroztik bazterretan zehar ibiltzera kondenatuta gaude, laztana...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.