L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<garz0700>— Garziarena-7 (1993-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Txirrindularien egoismoa

 

Pipi Garziarena

 

Zaletasun handia dago gure artean ziklismorako, eta oso ezagunak ditugu munduko txirrindularirik onenak: Indurain, Rominger, Chiapucci, Bugno, Zulle, Fondriest, Jaskula, Mejía... Deus gutxi jakin ohi dugu, ordea, bizikleta gaineko heroi hauek bizikletatik jaitsi eta gero, euren bizitza pribatuetan izaten dituzten arazoez. Alde horretatik, oso argigarria izan zen Dominique Bonhomme kazetariak Stephen Roche txirrindulari irlandarrari egin eta L'Equipe kirol egunkariak uztailaren 24ean argitaratu zuen elkarrizketa. Hemen dituzue Rochek esandako gauza batzuk. Elkarrizketa bateko pasarteak baino idazle baten dietarioko apunteak dirudite.

        — «Neure zauriak dira benetako errealitateaz jabetzera bideratu nautenak. Eurak izan dira neure bizitza eta neure karrera aztertzen lagundu didatenak, eta konturatu naiz oso hankasartze handiak egin ditudala».

        — «Interesatzen zitzaidan gauza bakarra garaipena zen. Egoismo honek arazoak sortu dizkit nonahi, nire taldeetan, nire familian. Garaipenak itsuturik ninduen».

        — «Benetan ikaragarria dena zera da, hogeita hamar urte bete behar izan ditudala nire bizitza ez zela bizikleta konturatzeko, emaztea eta bi ume nituela. Ni ohartu gabe kozkortu dira. Gaur egun badakit huts egin diedala. Giroa korritzeko aldegin nuenean, nire alaba txikiari esan nion: "Hau da nire azken Italiako Itzulia". Gero, Tourra korritzeko aldegitean, nire azken Frantziako Itzulia izango zela esan nion. Tristaturik begiratu zidan: "Baina azken aldia izango zela esan ez zenidan ba..." Ez zuen ulertu. Eta neu ere, ordura artean, ez nintzen berak Giroa eta Tourra bereizten ez zekiela konturatu. Horregatik, aldegiten nuen azken aldia zela ulertu zuen, Italiako Girotik itzuli ondoren ez nuela berriz aldegingo».

        — «Askotan, umeek, nahi izan gabe, urdaila bihurritzen dizuten gauzak esaten dituzte. Behin hegazkina hartu nuen nire semearekin batera Frantziako kriterium batetik etxera itzultzeko, eta bidaian zehar oporraldiei buruz hitzegin genuen. Nik esan nion bere lagunen artean gutxi izango zirela kanpoan izan eta Irlandara hegazkinean itzultzen zirenak. Alegia, nik zorionekoa zela adierazi nahi nion, eta berak honela erantzun zidan: "Nire lagunak igerilekura joaten dira aitarekin". Beranduegi ulertu dut. Lehen, ez nituen gauza txiki horiek guztiak ikusten, inguratzen ninduen jendeak neuk bezala jokatzen zuelako. Bizimodu normal baterako berregokitu ahal izateko, formazio denboraldi bat pasatu beharra izango dut».

        — «Gure karrera osoan zehar, mimatu egiten gaituzte, gure maleten ardura hartzen dute, masaiak egiten dizkigute, gure elikaduraz kezkatzen dira... Azkenean ume geratzen gara. Publikoak idolatratu egiten dituen umeak, bizikleta gainean balentriak egiten ditugun neurrian idolatratuak. Baina, hala ere, hori guztia, bizikleta, garaipenak, onespenak, hori ez da gure giza-bizitza. Ez da hori, gizona beste gauza bat da, diferentea. Jakin gabe, gauza gaizto asko egiten dira».

        — «Bizikleta da neu naizena izaten lagundu didana. Nire zauriei esker, errealitatean murgildu naiz berriro. Besteen ahaleginak estimatzen ikasi dut, besteak errespetatzen. Gaur badakit bakoitzak duen balioa aitortzen. Publikoaren balioa, esponsoreena, kazetariena... Gurpila bira eta biraka ari da, guztiek jan ahal izan dezaten. Hasieran, ni ez nintzen horrelakoa. Gauza asko egin ditut gaizki. Azkeneko bi urteetan neure karrera osoan zehar baino askoz gehiago ikasi dut».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.