L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-8 (1993-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

Egia ttikien katalogoa

(Joshua Garziarenak igorritako gutunaren arabera)

 

038/ Ikus ditzagun Portugaleteko Udalak euskararekiko duen benetako arduraren exenplu bi:

        —Lehenengoa, bertoko kale polit eta ezagun batetan aurki dezakegu, non seinale bertikal batetan "Doctor Areilza Parkea" edota "Areilza doktorea Parkea" beharrean "Doctor Areilza Parke" idatzita dagoen.

        —Bestea, Santurtzirako bidean jada, lehengo seinaletik hamar bat metrotara dagoen bigarren bat da, non "Peñota lorategia" beharrean "Peñota lorategui" dakusagun.

        Goikoa ikusirik, pentsatzekoa da itzultzailea (baldin eta euskal itzultzailerik egon bada, dudatan jartzen duguna) edo beste norbait (margolari abilen bat, agian?), itzulpenean oso fin ez ibiltzeaz gain euskarazko grafiarekin ere bat ez datorrela.

 

        039/ Deustuko Hizkuntza Eskola Ofizialean aurrerapen handiak egin dira azken hamar urteotan euskararen agerpen publikoarekin. Aitortu beharra dago borondatea egon badagoela iragarki ofizialak gutxienez elebidun egiteari dagokionez. Haatik, hutsune nabariak ere badira, guk orain eta hemen salatu nahi genituzkeenak:

        —Azterketen informazio ofiziala euskaraz eta erdaraz dagoela ematen du. Baina, begia arretatsu atxikiaz, konturatzen gara euskarazkoa ez dagoela osorik euskaraz, orrialde guztietan "LEKUA: salón de actos" jartzen bait du. Erdarazkoa, noski, ez da hibridoa.

        —Hizkuntzei buruzko informazioan ere berdin, honela bait dator: "HIZKUNTZA: inglés, francés, ruso... etab" ; hots, itxuraz euskaraz baina gero erdaraz dagoena. Jakina, erdarazko informazioan ez dago halako nahaste bitxirik, eta beraz "IDIOMA: inglés, francés, ruso... etab" ikusiko dugu.

        —Bertoko informazio leihatilan, bestalde, euskaraz hitz egiteko arazorik ez dago gehienetan (zorte pittin batez pertsona egokia topatuz gero). Aldiz, penagarria deritzogu idazkaritza aldeko egoeran, hots, urtero-urtero ikasleek matrikulak eta agiri guztiak betetzeko erabili behar dutena. Nekez hitz egin ahal izango duzu hor euskaraz (idazten ari den honek, esaterako, behin ere ez du lortu hamar urtean). Espero dezagun horretan ere euskaraz egitea kiniela kontua izatea, probabilitate legean sartzeko, behintzat.

        —Kafetegira joateko bi kartel daude, non kafetegiaren hainbat ezaugarri azaltzen diren. Biak erdaraz ditugu.

        —"Consejo Escolar" (erdaraz dator bakarrik) delakoaren informazioa erdaraz izan ohi dugu osorik. Zehatzagoak izateko, BETI agertzen da erdaraz.

        —Sarrera gelan dugun informazio orokorrerako kristalerarik handienean garenok, edo hizkuntz eskubideak "kapritxo" hutsekin nahasten ditugula. Ez, ez da hori, ezta hurrik ere. Dagoena agertzea baino ez da, kasu honetan Bilboko Hizkuntza Eskola Ofizialean.

 

        040/ Espainiar Estatuko Barne Sailak gida baimena lortzeko egin beharreko froga teorikoan orri ezberdin bi ematen ditu. Batean, datu pertsonalak jartzekoan, euskaraz eta erdaraz dago kasik guztia. Bestean, berriz, galdera teorikoak egiten dira, eta noski erdara hursean dugu goitik behera. Zailegi edota garestiegi iruditzen zaie, omen, itzultzailea kontratatzea. Ematen duenagatik, gainera, euskaldunok ez daukagu eskubiderik azterketa gure hizkuntzan egiteko. Egin ezazue froga, bestela. Idazten ari den honek egin zuen, eta erotuta egongo balitz bezala begiratu ondoren Madrilera protesta-gutuna idazteko esan zioten, ez omen zela bere arazoa arrazoituz.

 

        041/ D.Y.A.-k etxeetara bidalitako informazio eskutitz eta panfletoetan euskara esaten zaion hizkuntza bitxi hura ez da inondik ere agertzen. Gaztelaniaz dugu oso-osorik.

 

        042/ Eusko Jaurlaritzak udako auzolandetara joateko gaztetxoentzat espreski egindako informazio orri nagusia (hots, argibide guztiak dakartzana), erdaraz baino ez da agertzen, Bilboko Gran Via-n behintzat. Hori hala izanez gero leku eta orri guztietan, ilegalitate baten aurrean aurkituko ginateke (Gernikako Estatutuaren kontra, euskararen status ofizialaren kontra, bai eta ere zergak ordaintzen ditugun euskaldun guztion hizkuntz eskubideen kontra).

 

        043/ Gasteiz inguruko pabiloi ezagun baten honako hau ikus dezakegu, irudi haundi baino haundiagotan: erdaraz "Pabellón Araba"; euskaraz, berriz, "Araba Pabiloi". Itzultzaileak Euskaltzaindiaren idaztarauak irakurri beharko lituzke, ondo idazteko sikira. Alegia, "Araba Pabiloia".

 

        044/ Barakaldo inguruko errotonda ugariren artean honako hau irakur daiteke horietakoren batean (eta batek daki non gehiago ere bai): erdaraz "CUIDADO ROTONDA"; euskaraz, berriz, "KONTUZ BOROBIL". Ea noiz hasten garen euskaldunok gure agintari eta euskaldun zein erdaldunei errespetu apur bat izan dezatela eskatzen. Gure eskubidea da eta berau eskatzea.

 

        045/ Itsuena, ikusi nahi ez duena. Hori esan ohi da. Ondoren, subjetibismo orotik urrunduz eta portzentaia hotzen erreinuan sartuz, Deustuko Unibertsitateari buruzko datu batzu agertuko ditugu. Susmo txarrak uxatzeko esan dezagun iturria aipatutako unibertsitatea bera dugula. Bada, Deustuko Unibertsitatean, Euskal Filologia alde batera utzirik, 1991/92 ikasturteko portzentaiak atereaz (ikasketa guztien asignaturak batuz) ehuneko ehuna (%100) erdaraz egin daitekeela, hau da, 511 asignaturetatik 511 asignatura aukera daitezke.

        —Euskaraz, berriz, 511 asignaturetatik 23 soilik egin daitezke, hau da, ehuneko lau t'erdia (%4,5).

        —Doktoretza kurtsoak, berriz, 100 izan ziren guztira 1991/92 ikasturtean. Horietarik 95 gaztelaniaz, 3 euskaraz eta 2 ingelesez izan genituen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.