L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena-8 (1993-urria) —Hurrengo artikulua




 

 

En euskera te quiero más

 

Xabier Garziarena

 

Euskaldunen familiako partaide naizenetik, sarritan harritu naiz multzo honetan somatu izan dudan dorpeziarekin. Dorpezia hitza erabili dut, baina konkretuki euskara zabaltzeko ahaleginetan somatzen dudan dorpeziaz ari naizenez, hobe izango da zehaztea, kasu honetan euskaldun multzo txiki horren barruan dagoen azpimultzo are txikiago bati —euskaltzaletzat jo genezakeena alegia— doakiola nere kritika.

        Ez da beti ezinbesteko baldintza, ordea, euskaldun izatea afera honetaz jabetzeko. Eta horixe gertatzen da kasu, euskararen aldeko propaganda gazteleraz ateratzen denean.

        Lehengo egunean nere lagun erdaldun batzuekin paseatzen ari nintzela, kartel bat ikusi genuen herriko paretak ilustratzen zituena. Bere lemak honako hau zioen: "En euskara te quiero más". Nere lagunak —euskararen kontrako jarrera izpirik ere ez dutenak— hasieran ez oso serio eta segidan ez hain alai, hura txantaia sentimentala zela esaka hasi ziren, txikitan nahikoa entzunda zutela: hau egiten baduzu asko maitatuko zaitut edota nik nahi bezalakoa baldin bazara zinez estimatuko zaitut tankerako hainbat mezu, oraindik ere era horretako txantaiarik sufritzen jarraitzeko. Txantaia beti arbuiagarria baldin bazen, sentimentala zela inolako dudarik gabe mundu honetan eman daitekeen txantaia motarik gorrotagarriena gaineratuz.

        Arrazoi puska zutela eritzita, amorrazioa sentitu nuen, ez baitzen lehenengo aldia antzeko zerbaitengatik nere burua zuritzeko beharrean gertatzen nintzela. Gogora etorri zitzaidan Caro Barojak "El laberinto vasco" liburuan euskalduntze prozesuari buruz zioena: "Hay que buscar un modo según el cual el aprendizaje del idioma sea placentero. Hay que cargar al vasco del contenido estético en primer término, y de cierta profundidad, en segundo. ¿Padecemos de cortedad de mollera y de falta de imaginación? No lo quiero creer."

        Nik neuk ere ez dut horrelakorik sinistu nahi eta azaldu nien, lagun erdaldun bat euskaldundu dela ikustea poztekoa bazen ere, horrek ez zuela, jakina, inolaz ere baldintzatzen nere lagunekiko estimazioa, eta gainera —gehienak euskaltegietan arituak eta erreak baitziren— ederki asko ezagutzen nituela prozesu horren zailtasunak, batez ere adin batera iritsita.

        Jarraian, ordurako apur bat nekatuta, iritzi berbereko euskaldun mordo bat ezagutzen nuela gaineratu eta horrekin bukatutzat eman nahi izan nuen garbiketa.

        Nere lagunen artean gazteenak —ikasturte honetan barnetegi batean euskara ikasten hasiko dena— nere azalpenekin ez guztiz konforme antza, euskararen alde egiteko milaka arrazoi egonik, ez zuela ulertzen nola erabil zitezkeen hain lema penagarriak komentatu, eta erantzun baten zain neri begira geratu denez, bizkarra harrotu, etsipen keinua egin eta ixilik jarraitzea nahiago izan dut.

        Nahiago izan dut ez aipatu txantaia izateaz gain eta lema penagarria izateaz gain, seguruenik gezur handia ere badela, ez baitugu ez nik ez nere lagun euskaldun berriek ere gure lagun euskaldunekiko harremanetan, maitasun hazkunderik txikiena ere ezagutu euskara ikasiz geroztik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.