L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-1 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Vladimir Jankelevitch zomorro artetik
Maurice Ravel ikustatzen

 

Juan Antton Zubikarai

 

        Parisen, larogeita hiru urte zituela hil zen joan den ekainean Vladimir Jankelevitch filosofoa. Sorbonne-ko irakasle hau oso ezaguna zen Frantzian, ez bakarrik filosofia eta musikaren inguruan egin zituen lanengatik, baita giza eskubideak edonoiz eta nonahi defenditzen ahalegindu zelako ere. Metafisikarekin enamoraturik zegoen hark gizasemea zuen, batera edo bestera, bere pentsamenduaren haseran eta amaieran.

        Filosofo argi eta idazle honek sotil, Debussy eta Faure-ren musikagintzan egindako bere prospekzioak filosofia, gizabide edota moral gaiezko bere beste liburuen parekotzat zeuzkan. 1931. urtean argitara eman zuen «Bergson»etik 1982ko «Paradoxe de la morale»raino, bada metafisikaz eta ardura nagusiez lehor eta larri gatzaturiko liburu ugari: hogeitabostetik gora alegia. Batzuk, halaber, adituen ingurunetik kanpo ere gogoko izatera heldu izan dira. Baina «Debussy et le mystère» naiz «La vie et la mort dans la musique de Debussy» bat, adibidez, «L'ironie» edo «Traité des vertus» berbera bezain atsegin zituen Jankelevitch-ek berak aitortzen duenez.

        Isil zegoen bera azken bi urteotan, bere izenak egundo ozen haundiegirik sortzen ez bazuen ere —liburu berriak kaleratzean horbelen arteko murmurioa besterik ez—. Ez zen, ezaguna izanarren, modako filosofo, garai batetan bere maisu Bergson edo geroago Levi-Strauss izan ziren tamainan behintzat. Bai, ordea, modako irakasle, eta ez bakarrik 68ko maiatzeko bere jarrera erradikalagatik (Sorbonne bera lehertarazi behar zela oihukatzerainokoa); lagun zuen, bai, halako karisma bat irakaslegoaren aurrean edo telebistaren leihatilan agertzean. Bere klaseetan izandakoen esanetan, bazekien baita aburu eta sinismen propioak gartsuki eta aparato ekaiztsu baten konplizitateaz ialgitzen. Hori bai, zarata barik eta bere jatorrizko elegantzia apartari basa ttanttatxorik ere bota gabe.

        Heriotzak bizitzaren berri ematen digu. Joan den ekaina hortan berriz jaitsi zaizkigu irakasle horren ideiak gure gizarte logale honen gainera. Frantziako komunikabideetan hedaturiko iritzi-boladak berriro erauntsi digu Vladimir Jankelevitch-en pentsamenduan musikak edozein filosofia motak hainako eragin boteretsua zuela. Ez da hau aldrebeskeriren bat, azken finean gizadiaren izatearenganako ezagutza ekite moralari lotua dela iduritzen baizitzaion «presque-rien»eko filosofo honi. Moralekiko esijentzia hori beretzat ez zen abstrakziozko espekulazio bat, etengabeko ekinaren esijentzia baino. Beraz, musikaren izakera ezagutzearren egin behar den hurbilpena eta bizitzaren izateari atzemateko ahalegina bata bestearen eskutik zihoazkion Jankelevitch-i. «Poetika» hitza semantika aldetik gizonaren ekintza kreazionalari badagokio Sorbonneko maisu haren kasuan bidezko da iruditzea musikagintzaren atze-aurreak begiztatzean egituren eta itxuren azpiko azterketarik sakonenean ziharduela eta gizasemeen poetika musikal horren erraietan ekiten ziola izatearen galdera artezenei egiazko erantzunak aurkitzeari. Izatearen azken zentzua bera ezpada ere, bai gutxienez gizalanaren eta gauzen justifikazioa bilatzeari, besterik ez balego.

        Beste bereiztasun mota bat ere erantsi diezaiokegu haren musika-filosofia erlazioari. Jakina da Jankelevitch-ek Marx, Husserl edo Heidegger eta beste modernoetariko asko ez zituela aintzat hartu bere filosofiaren eraikitze-lanetan, eta bai, ordea, Plotino, Gracián, Pascal edo Fenelon bera ere. Musika idaztietan, alderantziz, Bach, Haendel, Mozart edo Beethoven-ez ez da arduratzen, bainan Listz, Faure, Debussy, Mompou edo Deodat de Severac estudiatzeari gustora lotzen zaio. Arestiko hoien artean, gainera, Faure eta Debussy arakatzean ez da beste inor haren bestetan barneratu. Ravel-en kasuan, baliteke Roland Manuel izan ezik, Ravel-en xede eta gogoaren muinetara Sorbonneko hura haina beste inor ez ailegatzea, ziburutarraren adierazpenen ñabardurei beste inork neurririk ez hartzea Jankelevitch-en pare.

        Ravel mende hontako musikari puntarengoen arteko bat dela denok aitortzen dugu. Zenbaterainoko tengada du baina, gaurregun haren musikak? Luzatu genitzake galderok: zaletasun oldartsu bat sortarazteko gauza da musika hori ala ekintza perfekzionista bati dagokion entzulego lilluratu eta odolgabe baten konpromezua besterik ez al da? Kontenplazio soil batera bakarrik behartzen gaitu? Kendu kontzertuak, biek daramatzaten virtuosismo-hegadengatik, eta «Bolero» eta «Daphnis et Chloè», orkestei gutti gorabeherako aisetasun batetan bere ahalmenen neurria erakusteko aukera sortzen dietelako, eta... ba al da gure partetik gainentzeko obraren eskabiderik? Ba al daukagu, azken batetan, Ravel-ez ganorazko ezaupiderik?

        Ezin itzali hainbat sineskeri huts eta topikoren artean ihardun ote dugunaren susmoa. Aburu oker baten jabe izatera behartu gaituzte, zalantzarik gabe, estetika aldetikako bi gogaketa hauk: musika hori estetika hertsi baten morroi da, bat; bestea, zulaezinezko estetika horren barruan funtzio estetizista bat besterik ez du betetzen. Narcisismoa ardatz duten salaketak, biak. Egiazko balira, ondo letozkioke Ravel-en musikari Lauaxetaren bertsoak: «Altza-peko iturri gardenak —bere txirulak jotzen yozak!

        Ez da erraza musika hori gureganatzea, barneratzea. Ez beraren ausardiengatik, harmonikoak batez ere —orkestazio arloan ez zaigu berbera gertatzen— gaur gaindituak dira eta. Baliteke Ravel-ek dakarkigun arriskua beste era batekoa izatea: kanpokoa (hain da txukuna!) barnekotzat hartzeari legokioke. Eta hartan ez erortzeko preparazioa behar dugu, jakitun izan behar gara, baina ez haren berezitasun teknikoak eskatzen digulako, Ravel-en gizatasunak berak musikaren atzean izkutuan geratu nahi duelako baino. Guk geure identitatea aurkitzea nahi izaten dugu besteen erantzunetan, gure pasinoen irudia eta adierazpena bilatu kanpoko estimuloetan. Ravel-ekin ez dugu hori erraz lortuko, bere lotsak bide erreflexu hori ukatzen digularik, gure narcisista aurpegiari ur ilunak (argiaren pareko den musika horrek!) eskainiko bait dizkio. Mahler gureganatzeko edo gu geu Mahlerenganatzeko, ordea, ez dugu preparazio aproposik behar.

        Jankelevitch-ek, halere, zeharo eskaintzen dizkigu, Ravel aztertzean, obra bakoitzaren teknika aldetiko bereiztasunak, aurrerapen harmonikoak, egituren disposizioak eta beste jakingarriak. Iluntzero piano aurrean ezartzen ohia zen artista analitiko hark ondo birrinduta zeuzkan raveldar lanak, pianorakoak eta gainontzeko guztiak. Inoiz jakintsu apal hura ere bihotz-bero azaltzen zaigu, hala sasoiko abangoardiarik gehienak esperimentatu ondoren Ravel bere bidera bueltatua erakutsi nahirik datorkigunean. Ezaguna da Ravel-ek Schönberg lagun min zuela eta harek zekazkian haize berriei balioa ematerakoan aintzindarietako izan zela bera, baina oso zaila gertatuko da heurekaz baliatu zela konprobatzea. Berrikuntza haiek ez zituen bere sistemara sartu, beraien aurrerapenekin bere materiala aberastuko bazuen ere.

        Teknika aldetik jakingarri ugari badu ere, erakargarriago zaigu estudio hontan Maurice Ravel-en pertsonalitatearen inguruan agertzen dena. Haren estetikazko formazioan Faure-k eta Debussy-k izan zituzten influentzietaz luze mintzatzen da egilea. Baina bai Massenet, Chabrier, Satie eta errusiarrek ere zerikusirik izan zuten haren obran eta baita bizitzan ere. (Erik Satie-rengandik ikasiko du, besteak beste, inkonformismoaren bidea, halako askatasun erdi basatian barne ibiltzen). Eragin guzti horien berri ez digu Jankelevitch-ek bibasebillaka ematen, kidetasun ororen lekukotasunaren aztarna obretan zehar garbiro erakutsiz baino.

        «Appasionato» ezarri zion sorbonarrak bere liburu honen zati bati. Hementxe aurkitu genezake, osterantzekoetan baino nabariago, Ravel-en munduan sartzeko giltzarik egokienak. Sigmund Freud lehendabizikoz frantsesera itzuli zuena Vladimir Jankelevitch-en aita izan zen, hain zuzen. Semeak ez zion bere filosofia-sistemari Freud-en teoriarik erantsi (hala agertzea nahi izaten zuen, behintzat) baina, gizabide eta portaeraren aztertzaile arduratsu izanik, Vienako psikolojiaren metodoak aurrean ditu bere «Les masques» deritzan atalean. «Benetako munduaz baliatzen da Ravel bere barne-izatea estaltzeko; kanpotasunaren ezagutza eta munduari adi egote hori, adimena bitarteko dela, bere lotsaren egiturak besterik ez dira»... «hau da, bere burua ez agertzearren munduaz mintzo zaigu»... «Ez da gizonen historia guztian harena bezain oldarrez apasionatuago izan den irudimenik, egiak berberak eta bizitzak berak ere hainbesteko neurritan hunkituko zutenik».

        Bere hurbileko beste bi musikariekin konparatuz, honela dio: «Ravel-ek ez dizkie sentimenduak sentsazioei gaineratzen Faure-ren gisa eta ez sentsazioak gauzei leporatzen, Debussy-ren moduan; Ravel-ek gauzak berberak ezartzen ditu zuzen zuzenean, natura bera da, bere kolore eta belar bustiaren usainarekin musika hontan iruditzen dena, haragi eta hezurrezko natura, berez eta ez bitartetotasunez erakutsia.»

        Aintzinako artearen printzipio ezaguna gainditzeko ahalegin bat dirudi «artifice»-arte egilea artifizialtasunaren mugatik kanporatzeko saio kementsu bat. Ravel-en «artifice» kondizio hori inork ez du ukatuko. Perfekzio lehia bat zuen berarekin; ez bakarrik musikan, eremu guztietan. Javier Bello Portu-k Ramiro Arrue-rengandik jasotako-exenplu bat jartzen daki: Ziburun, Maurice-ren amak, azokatik bueltan zetorrela, «Begira, roñonak ekarri ditut», esan omen zuen eta Ravel-ek, berehala, honela zuzendu: «Ama, ez da roñonak erraiten, giltzurrunak baino».

        Gure arteko entzuleak Ravel-en musikari ezarri lekiokeen beste eragozpen bat haren exotismoarena zitekean. Ez ditugu, egia, Ravi Shankar-ren interpretazioak, atseginak izanda ere, europar produkzioak haina guretzat jotzen. Jankelevitch-entzat, ziburutarraren exotismoa ez dator ez folklorearen erabilpenaren ondorio ez kolonial giro baten asmoaren seme. Adimen gertu baten berebiziko mugikortasun baten premiatik omen datorkigu, paper guztietara moldatzeko eta pertsonaia guztien lekua betetzeko premia bat, hain zuzen. Baita historia kontutan izanik, bazuen Frantziako musikak garai hartan hurruneko hodeiertzetara abiatzeko nostalgi baten agindua ere.

        Dena den, ba dirudi exotismoaren arazo honek euskaldun askori galdera arduratsu bat sortarazten diela, batez ere hemengo nazionalismo musikalari muzin egin ziola kontutan izanik. Halako espainol zaletasun bat ere igarriko diote beste askok. Jankelevitch-en esanetan, «Manuel de Falla baino espainiarrago, Darius Milhaud baino juduago hebraieraz mintzatzen zenean eta, ijituekin batera karro gainean bazen, Franz Listz bera baino tziganoago zekien harek izaten». Beste leku baten dio: «Deodat de Severac okzitaniarra Catalunyako poeta izatera heldu bait zen, Euskal Herritik zetorren Ravel Espainiako izatearekin berarekin identifikatuko da».

        René Petit-ek, alderantziz, honela ikusten du arazo hau: «Euskaldunentzat, beren identitate eta folklore berezia daukatenez, Espainia lur beso zabala eta lur arrotza da, biak batera. Espainiar folklorearen prestijioak ez du, beraz, Ravelentzat etxeko musika baten berarizko derriortasunik; kanpotik bakarrik sentituko du, bere dizdira eta ahalik hoberen itzultzen ahaleginduko den bere pasioaren indarraren arabera».

        Musikari dagozkion iritzi hauekin batera beste asko erabilten dira gure artean, Ravel-en euskaldun izatearen alde eta kontrako. Ñabarduretan maisu zen hartan, bai musikan eta bai bizitzan sinismen sakonak izanarren —arteaz gabiltza berriro— saila egiten zaigu hura jarrera kategorikoak defendatzen aritzea. Jankelevitch-en hitzetan esateko: «Egia objetiboak ez zuen bakarrik bere egia pertsonala gordetzen, baizik eta bere egia subjetiboa beste egia objetibo hori desegituratzeko erabili zuen».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.