L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-1 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Zerutiko gutuna

 

Mark Twain

 

euskaratzailea:
Felipe Juaristi

 

        Mark Twain Estatu Batuetako nobelagile handienetakoa dugu. Orain eskaintzen duguna, bere azken urteotako produkziokoa da, "Letters from the Earth" idatzi zuen garaikoa. Sasoi hartako hipokresia astintzen du. Hilda gero aurkitu zuten paperen artean eta kostata eman zuen alabak argitaratzeko baimena. Ez dago gaztelerazko bertsiorik. Primizia beraz (Itzultzailearen oharra)

 

 

ERREGISTRO ZERUTARREN BULEGOA
Eskaera-zerbitzua

Abner Scofield jauna
Ikatzetan sal-eroslearen
oharmenari.
Buffalo, N.Y.
U.S.A.

 

Urtarrilaren 20a.

        Oraingoaz, zuri informatzeko ohorea dut, zure eskuzabaltasun eta zeure buruarekiko sakrifizio-ekintza «gizonen merituzko ekintzak» deritzogun liburuko orri batetan isladatua izan dela, eta gorapaimen hau, ez naiz nekatuko azpimarratzen, ohiz kanpokoa ezezik, bakarra da ere.

        19an amaitu berria den asteko zure otoitzei dagokienez, honako hau adierazteko ohorea dut:

        1.a) Eguraldi txarrek igo dezatela ikatz gogorraren prezioa toneladako 15 zentabotan. Onartuta.

        2.a) Langileen ugaritzeak % 10ean jaitsi ditzala soldatak. Onartuta.

        3.a) Konpetentziakoen ikatz armaren prezioaren erorpena. Onartuta.

        4.a) Rochesterretik apurka saltzeko negozioa irekitzetik datorren gizonari edo gizonaren familiari zoritxarren bat gerta dakiola. Onartuta ondorengo ordenan: 2 difteria 1 bizitza kentzeko modukoa, eskarlatina bat gero gortasuna edo sekulako ahulezia azaldu arte.

        5.a) Lan edo mesede eske egunero datorren jendetza Sheol-era deporta dezatela. Geroko konpromezu eta erabakiaren aldeko akordio gordea; zure eskakizun hau kontraesanean sartzen da egun bereko beste batekin, geroago aztertuko dugunarekin.

        6.a) Heriotz bortitza eman diezaiotela lotan zegoen zure katuari adreilua bota dion auzokoari. Erabaki isilpekoa, geroago ikusiko dugun egun bereko otoitzarekin ados ez dagoelako ikusirik.

        7.a) Misiolarien kausa kondenatu izan dadila. Erreparoekin.

        8.a) Abenduko etekinak, 22.230 dolarretakoak urtarrilean 45.000takoak izan daitezela, eta igoera honek «zure gustoko» proportzio batez segi dezala. Otoitz onartua; gainerako oharra ere bai, erreparoekin ordea.

        9.a) Zirimola batek suntsitu eta urez bete ditzala Ipar Pennsylvania Konpaniako meategiak.

        Oharra: Negu aroan ez dugu zirimolarik gordetzen. «Grisu-ihesa» lortu diezazukegu, eskaera apal bat zuzenduz gero.

        Zerrenda honi eman diogu lehentasuna, zuzendutako eskaeren larritasuna dela medio. Ondorengo 298 arrenak «Probidentzia bereziak», A xehetasuna salbu, izenpean sailkatuak izan direnak elkarrekin onartuak izan dira, baina berehalako heriotza eskatzen zuten 3 eskariren ordez sendaezinezko gaitza jarri dugu.

        Honek ematen die amaiera asteko eskakizunei, «Bihotzeko arren sekretu» izenpean zerbitzu honek jaso dituenei; aise ulertu dezakezun arrazoigatik arretaz hartu ditugunei.

        Asteko errezu eskaerak «Errezu publikoak» sailean galtzen dira eta hor elizan, dotrinan, klasean, etxean zuzendutako errezuak sailkatzen ditugu guk. Errezu mota hau zuzentzen duten kristauen arauera neurtzen dugu. Zerbitzu honen barne-arautegiaz, 2 talde nagusitan banatzen ditugu kristauak. Jakiteko:

                a) kristau praktikatzaileak.

                b) kristau profesionalak.

        Kategoria bakoitza zehatz-mehatz sailkatu dugu, klase eta familia eredua harturik; finean, maila kilatetan dago kalkulaturik, gutxiengoa 1 eta gehiengoa 1000 izanik. 1847.eko urria hil den hamar urtetakoaren azken kontuan horrela zeunden zu sailkaturik:

        KATEGORIA NAGUSIA: kristau praktikatzailea.

        NEURRIA: gehiengoaren laurdena.

        KLASEA: gizaki-espirituala.

        FAMILIA: Aukeratuetariko A, zatiketa 16.

        MAILA: 322 legezko kilate.

        Bukatu berria den hamar urtetakoaren ondoren, berrogei urte beranduago, datorren bezala zaude sailkaturik.

        KATEGORIA NAGUSIA: kristau profesionala.

        NEURRIA: gehiengoaren 600rena.

        KLASEA: GIZAKI-piztia.

        FAMILIA: Aukeratuetariko B, zatiketa 1547.

        MAILA: 3 legezko kilate.

        Okertzen ari zarela dirudiela gaztigatzeko ohorea dut.

        Zure arren publikoaren txostenaren errepasoa —azpimarratuz beti, zure graduko eta hurrengoetako kristauak akulatzeko, ohitura da gure artean, gauza asko onartzea zuei, maila gorako kristauei onartuko ez genituenak, beraiek eskatuko ez zutelakoan Errezua. Pobre eta desprimatuentzako eguraldia ona izan dadin. Gaitzetsia. Bihotzeko arren sekretuarekin, txosten honetako 1 artikuluarekin kontresanetan dagoen errezua bait da. Zerbitzu honetako arautegi estu batez, kristau profesionalek gogozkoen dituzten errezu mota batzuk ezin dote lehentasunik eduki bihotzeko arren sekretuen aurrean.

        Errezua. «Eginbidearen Haur mirakulosoarentzat egun hobeak eta janari gehiagokoak emanak izan daitezen; bera, zeinaren lan gogorrenak dohatsuenari bizitza alaia egiten bait dio eta etxea erasoan mueblatzen uzten; gure zaina izateko eskubidea ematen diona, indartsua, gaitz eta bidegabekerien kontra, lukurreria sendo batek berarentzat nahiko lituzkeenak, gure bihotz eskertuen eginkizunik mendreenekin batera». Mezatan zuzendutako errezua. Gaitzetsia. Bihotzeko arren sekretu 2rekin istilutan.

        Errezua. «Nolanahi ere, gure eskakizunei trabak jartzen dietenak izan daitezen bihotz-handiz eskertuak eta mesedetuak; guk geuk, hemen beheko baldintzetan, espiritualki mesedetuak eta gure poza sekulakoa dela azaltzera deitzen diegu geure bihotzei». Elizan egindako errezua. Bihotzeko arren sekretu 3 eta 4rekin kontraesanetan.

        «Oh, galbidearen doloretan hitzez ala egitez ez gaitzazula erortzen utz». Errezu etxekoa. Bihotzeko arren sekretua 5 baino 15 minutu lehenago jasoa, eta dudarik gabe berarekin dago eztabaidan.

        «Gure haragian edo gure ondasunean iraindu gaituzten guzti haiekin izan zaitezela urrikari». Adreilua katuari jaurti diona barne delarik. Familiako errezua. Bihotzeko arren sekretu 6a baino zenbait minutu lehenago jasoa. Aldaketa aholkatua adostasun ezan erortzen delako.

        Egin ezazu misiolarien zeregin noblea, gizonen eskuetan jarritako lanetatik duinena, zabaldu eta hazi dadin, murrizketa ez mugarik eduki dezan, barbaroen eremuetaraino, egiaren ez jakintasunak lotsaz betetzen gaitueneraino». Otoitz gaitzetsia, Estatu Batuetako kontseiluaren batzar baten ondoren sortua. Bihotzaren arren sekretu 7a baino egun erdi lehenago jasoa. Gure zerbitzuak jaramon gutxi egiten die misiolariei eta ez du inolako argibiderik Estatu Batuetako kontseiluari buruz. Bi errezu horietakoren bat onartzea nahi genuke baina ezinezkoa da biak zaku berean sartzea. Gure eritzi apalean, Estatu Batuetako kontseiluarena baztertu behar zenuke.

        Gure zerbitzua iragarri nahi dizu, 20. aldizko, 8ari zuk ezarritako oharpena istorio zaharra dela.

        Zure arren publikoetan barrena dauden 424 eskaeretatik, txosten honetan aipatzen ez direnak, erabaki dugu 2 baieztea eta gainerakoak errefuxatzea. Jakiteko: 1) hodeiek beren norabidean segi dezatela, 2) eguzkia bere tokian egon dadila. Dena den, jainkoren egin gogoa da, baina dudarik gabe atsegina egingo zaizu jakitea zuk ez duzula ezertan ere nahastu. Errefuxatuak izan diren 462 xehetasunen artean, 61 katexismoan daude. Honekin batera, interesduna deritzogu gogoaraztea behin eta berriro guk ez dugula burutzen katexismoko inolako arrenik, John Wanamaker izenburupean gure zerbitzuarentzat sailkatua den kristau profesionalen kategorikoek ahoskatu badute. Denboraldi batetan zenbat ahoskatzen diren arabera, puntuak lortzeko hitzen moduan sailkatzen aski dugu. Puntu bat lortzeko minuto laurdenean 3.000 eskatzen ditugu; huskeria da 4.200 lortzea, 5.000ko kopurua guztiz ohizkoa, erabat arrunta da edozein igandetako juntakizun batetan. Horien baliokidea 2 himno eta asesinoen zeldatako lore sorta bat andereñoek prestatua, hiltzea tokatzen zaien goiznabarretan.

        Zure 401 errezu gainontzekoak salmentarako dira. Guk biltzen eta erabiltzen ditugu salmenta bortitzak sortzeko, giza-gaiztoz betetako itsasuntziei berandutu egin diezaieten, baina inpresionatzeko hainbeste behar dugunez, beraien erabilera ezin dugu onartu. Nahi nuke nire baitako ohar bat ezartzea txosten honetan. Zenbait pertsonek ekintza on bat egiten dutenean guk ordaintzen diegu ehun puntu gehiagorekin ekintza beragatik beste pertsona zuzenago bati emango genizkiokeenak baino, proportziozko mina delaeta. Zu, beraz, onenak baino gorago zaude sailkaturik, erraz gainditu dituzu zure aldetik espero ez zitezkeen baina eman dituzun auto sakrifizioaren ereduengatik. Urte batzu atzerago, zu 10.000 dolarren jabe besterik ez zinela, zure lehengusuari, alarguna beharrean, zure eskuzabaltasunari ikuitu bat eman ziolarik, bi dolar eman zenizkion; sekulako balentria, zenbaitek zeruan ezin zuen sinistu ere, eta betiko mihi-gaiztoek faltsuak zirela zioten. Zure maila zenbatezinezko gradura igotzen da, frogatu zenean aurreritziak funtsik gabeak zirela. Urte bat edo bi beranduago, gajoari 4 dolar bidali zenizkionean, haren arren desesperatuari erantzunez, diren eta ez direnek bermatu zuten egia, eta eguna joan eta eguna etorri ez zen beste ezertaz hitzegiten. Bi urte geroxeago, alargunak errogatuz, haren azken semea hiltzean, 6 dolar bidali zenizkion eta horrez jarri zuen zure izena oso goian. Zeruko arimek besterik ez zuten esaten: «Abnerren azkena ba al dakizue?», hemen, gure artean zu Abner zara eta. Bi edo hiru urtero zure emaitza igotzeak zigilatu du zure izena ezpain eta bihotz guztietan. Paradisua zure begira dago igandean mezatara joaten zarenean zure zalgurdi dotorean; eta zure eskua atabakatik erretiratzekoan, entzun daiteke gure irrintzia Sheol urruneko pareta gorrixtetan ere, «Abnerren beste sosa». Pozak bere gailurra jo zuen, orain dela egun batzu, alargunak idatzi zizunean urruti zeukan herri batetan irakasteko aukera zuela, 50 dolar bere eta bi semeen bidaia haraino ordaintzeko balu. Kontatu zenuen azken hilabeteko zure hiru ikatz meategien mozkin garbia —22.230 dolar— eta hil horretako espero zenuen mozkina gehituz —40.000 edo 50.000 dolar—, hartu luma eta txeke koadernoa eta 15 dolar osoak bidali zenizkion. Zeruak benedika eta gorde zaitzala, bihotz zabaleko gizona! Zoriontasun erresuman ez zen begi lehor bat ere gelditu: eta eskukada, besarkada eta laudorioen artean, Mendi Gorrituarenetik oihukatutako dekretua entzun zen, gizon eta aingeruen sekulako sakrifizioak indargabe uzten zituela balentria horrek, eta aparte kontutan hartu behar zela, zure mina suzko paldoan bizitza utzi zuten 10.000 martirenari garaitzen bait zien indar eta mingostasunez eta denek zioten: «zer da arima noble baten edo 10.000 arima nobleren sakrifizioa, Lurrak bere gainean hazi duen zikoitzik zikoitzenari kendutako 15 dolarren sakrifizioarekin konparatuz?».

        Eta egia da, alafede. Orduan Abrahanek, hipaka, hustu zuen bere altzoa eta jarri zuen etiketa adierazgarria, «ERRESERBATUA», eta Pedrok, hipaka ere, esaten du: «Suzirien prozesio baten artean emango diogu harrera»; orduan, zeruko guztiak abarrots handia egin zuten eta zure etorreraz poztu ziren. Baita inpernua ere.

        (izenpetua)

ERREGISTRO ZERBITZUKO AINGERUA

Agindupean

(zigilua)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.