L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-3 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Lolita'ren egilea unibertsitateko irakasle zenean

 

Mikel Lasa

 

        Duela dozena erdi bat urte egilea hil ondoren inglesez Iparramerikan agertua, aurten Europako beste zenbait hizkuntzetara itzulia eta argitaratua izan da, Nabokov-ek Wellesley eta Cornell-eko Unibertsitateko literatur ikastaroak emateko, erabili zuen ohar pilo birrantolatua.

        Lehenengo tomoan Jane Austen, Dickens, Flaubert, Joyce, Kafka, Proust, eta Stevenson daude bildurik. Hobekiago esan egile horien obra bana azterturik. Bigarren tomoan, N. Gogol, I. Turgueniev, F. Dostoiewski, L. Tolstoi, A. Chejov eta Gorki.

        Liburu hau mokao gozo bat da literaturzaleentzat eta ikasleentzat oinarrizko esku liburu bat.

 

        Ez dut berehala ahaztuko bigarren mailako irakaskuntzaren azken urtean suertatu zitzaidan literatur irakaslea. XVIII gizaldiko inteligentsia ilustratuak

ignorantin goitizenez izendatzen zituzten horietako bat zen, hots, Kristau Eskoletako Anai lego bat. Kurtsoko ikasle bakarra izanik, edonor printze koskor baten moduan, kopuru haundiko geletan legezko ohi den disziplina beharrik ez zegoen ikasgaiak emateko. Askatasun eta informalismo haundienekoak ordea, literaturako klaseak izan ohi ziren: eguraldi onez jardinean paseiatuaz batera, mintzo zitzaidan, ohiko ikasgaietako distantziarik gabe elkarrizketaren tonuan eta, tonua ezezik, elkarrizketari bide emanaz, horrela greko zaharren peripatetismoa eta metodo sokratikoa praktikatzeko parada genuelarik. Irakasle hark dohan bi zituen egundaino ezagutu dudan literatur irakasle onena izateko: bata, bere azalpenak, literaturari atxekitako gizon batenak izaki, bizi bizian transmetitzen zekien emozio literarioa; bestea, irakurle ona izatearena: edozein autoreen pasarte bat irakurtzen zuelarik (eta asko irakurtzen zuen) adi adi egoten nintzen, hotsen bitartez heltzen zitzaidan lilura haren xederan arrapaturik. Geroztik, beste literatur irakasle batzuk ezagutu nituen eta besterik ezean, irakurle onak ziren.

        Nabokov-ek ere irakurri egiten zituen bere ikaskaiak: «Estratuan, begien mugimendu sotil bat desarroilatzea lortu nuen arren, ikasle arretatsua oharturik zegeon nirea irakurtzea zela, ez mintzatu», aitortzen du egileak. Eta bere kurtsoaren zatirik haundiena, explikazioak aparte, aztertzen zuen obratik aukeratutako zati luzeak osatzen zuten.

 

        Irakasle harrigarri baten maniak

        Unibertsitatean emaniko kurtsoak izanarren, Nabokov-en literatura irakasteko modua ez da batere ortodoxoa, termino honekin «unibertsitari kritika» delakoa ulertzen bada. Kritika mota honek ez du eman nahi izaten balorezko eritzirik, ez du alderdirik aukeratzen.

        Bere xedea, obraren elementuak eta hauen arteko erlazioak nabarmenaraztea da, hots, obraren zentsua bere baitatik erauztea. Baina Nabokov-entzat, obraren zentsuak ez du zer ikusirik bere balore estetikoarekin.

        Unibertsitari kritikaren neutralitate eta abstraktokeriari, kritika pasionala eta xehetasun konkretuekiko arreta kontrajartzen dio. Irakasle ona ikasleei bere intelijentzi propioa eta emozio estetikoa transmititzen dakiena da. Ez da harritzekoa beraz, bi tomotan zehar, parti-pris ugariekin topo egiten badugu. Nabokov-en iguinak ugariak dira eta nabarmenki plazarazten ditu: Dosteiewski ezin du ikusi bere sentimentalismoa dela bide; zer esanik ez Gorki. Oro har, Rusiako literatura osoan lau autore salbatzen ditu eta ordenu honetan: Tolstoi, Turgueniev, Chejov eta Gogol. Literatura konprometatua pikotara bialtzen du; orobat kritika historizista eta aurrez finkaturiko teori literarioak oro, e.a... «Nire aiherkundeak gordetzen ikasi ditut», aldarrikatzen du arroki pasarte batetan.

        Literatura Nabokov-entzat «deskubritzeke dagoen lurraso menderagaitz» bat da, gure azken lur mugagabe basatia: «...literatura bezain gauza fier, kutiziatsu eta libreagorik!».

 

        Nabokov-en kritika metodologia

        Irakurle on bat ezin kontenta daiteke obra literariorengandik jaso dezakeen emozio estetiko hutsarekin. Obra sentitu ezik entelegatu ere egin behar da. Eta entelegatzea ez da bakarrik obraren zentsua ulertzea, haren mekanismoen zehaztapen eta analisia egitea da batez ere. Zentsu osoa analisi honekin atzeman daiteke.

        Nabokov formalista hertsi bat izan gabe, zorroztasun haundiko analista formal bezala azaltzen zaigu. Analisi hau egiteko Nabokov-ek metodologi bat jarraitzen du. Tamalez, ikasgai hauetan ez da aurkitzen metodologia honen azalpen explizitorik, aplikazioak baino obra konkretoen analisia egiten duenean eta, han-hemenka, bidenabar emaniko ohar iragankor eta laburretan.

        Metodologi honen osagai oinarrizkoak, trama, tema eta linea tematikoak, egitura eta estiloa kontzeptuak dira. Nabokov-en definizioa jarraituz, trama kontakizuna izango litzateke; tema eta linea tematikoak, nobelan aldizka errepikatzen diren ideia eta imajinak dira, fuga batetan pasarte bat berrazaltzen den antzera; egitura, liburuaren konposaketa da, gertakizun kate bat non pasadizu batek besteari bide ematen dion, gai batetik besterainoko transizioa eta, orobat, pertsonai bat agerrerazteko abilezia, ekintza jarraipen bat abian ipintzea, tema desberdinen antolaketa edo nobela aintzinarazteko modua; estiloa, egilearen eitea litzateke, bere tonu berezia, darabilkien hiztegia, eta beste autoreenaandik bereizten duen zera definigaitz hori.

        Oinarrizko kontzeptu multzo hau azter gida bezala harturik taxutzen du obraren analisia. Honetaz kanpo, eta elementu metodologiko bezala har genezake ere narratzailearen arazoa edo bestela esanaz, galdera honi erantzuteko egin dezakegun azterketa: nola konpontzen da nobelagilea Flaubert-ek definitu zuen helburu hura lortzeko, alegia, nobelagilea jainkoa bezala edonon eta inon ez, ikusezin eta oropresente egon behar hori? Nobelagilearen presentzia modu askotan gerta daiteke obran zehar eta Nabokov-ek modu hauen tipologia labur bezain sujerente bat aurkezten digu. Arazo honen kaso limite bat Nabokov-ek, zorroztasun haundiz, Ulysen topatu du: izpilu joku baten bitartez Velazquezek bezala, Joycek ere bere burua bere lientzoaren zoko ilun batetan kokatu zuen: «Liburuaren ametsa kurutzatzen duen Inpermeable-Marroizko-Gizona egilea bera da. Bloom-ek bere egilea ikustea lortzen du!».

        Nabokov-en teori metodologia ez da agian aberatsegia. Halabaina, analisiarako ahalmen haundi baten jabe izanik, xehetasunen errespetu haundi bat erakutsiz, joango zaizu obra bakoitzaren osagai estrukturalak, temak, kontakizuna eta estiloa elkar lotuaz, halik eta obraren zati desberdinak ondo trabatutako mekanismo bat bezala azaldu arte.

 

        Curso de literatura europea. Itzulpena Torres Oliver, Francisco — Bruguera, 1983 — 544 orr. - 19 x 12 zms. — Narradores saila 83 zka.

 

        Gazteleraz itzulita daude:

        Ada o el Ardor. Argos Pergara. 1982 — 496 orr. — 11 x 18 zms.

        Lolita. Seix Barral. 1983 — 320 orr. — 12 x 20 zms.

        Red, Dama Valet. Luis de Caralt. 1978 — 260 orr. — 18 x 11 zms.

        Trece relatos. Labor. 1978 — 192 orr. — 11 x 18 zms.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.