Baroja eta euskaldunak
Josep Plá gaztearen begietan (1918)
Josep Plá
euskaratzailea:
Ibon Sarasola
Urriak 14. Gure belaunaldiak kataluniar belaunaldiak ugari irakurria bide du Pio Barojaren obra. Hamazazpi urterekin irentsi egiten nuen nik, eta osorik ezagutzen dudala esan daiteke. Gu guztiongan dudarik gabe eta erabat ageriki J.M.ª de Sagarraren hitz-lauean izan du eragina. Idazle hau, olerkari bezala nortasun nahas-ezina duena, hezur-muinetarainoko barojatarra da hitz-lauz idazten. Barojaren idazkeraren axolakabekeri eta zabartasun izpia alagala doakio Sagarraren nonchalanceari.
Gaztelaniaz idatzi diren lurralde-irudi hoberenak, ezbairik gabe, eta giza-irudirik hoberenak, eskierki, Barojak idatzi ditu. Oso sentiberatasun zorrotzeko errealista bat da, grisei bereziki sentibera dena. Bere elaberriak ia ez dute argudiorik, eta interesgarritasunaren, drama-amarruen zirarraren bila irakurtzen dituztenak atzipetuta gelditzen dira. Ordea, miresgarri irudikatzen da elaberri hauetan haren garaiko espainiar bizikera. Ildo honetan, haren obra, zeinean jendea inurritegian bezala ari den, une jakin bateko antzerkia da. Idazkera, hain arduragabea, miragarri egokitzen da errealitatera Galdos-ena, igeltsuzko apaingarriz, arte eta literaturazkoz, beterik dagoena baino askoz areago. Barojak gaizki idazten du, idazkera gihargabetua du, diote neoklasikoak. Noski! Hori bera diote mamira baino areaeo azalera joera duten, errealitatea faltsotzen duten, literatura arte erretoriko eta azalkerazko, bere helburua pergausa eraikitzea dela uste duten guztiak. Literatura bikainaren ideia hau nagusi agertu izan da gizalditan. Gaur egun ez du inolako baliorik, are munduko herririk akademizaleenean, hau da sentiberatasunari loturiko idazlea Frantzian. Ildo honetan, Baroja bete betean dago gure garaiko literatur bidean, eta Europako literatur sentiberatasunari loturiko idazlea da.
Barojaren akatsa zera da, adjetibo arineko gizona dela, alegia. Batzuetan arintasunez jujatzen, adjetibatzen du astoak uzkerrak bezala botatzen ditu.
Espainiar bizimoduaz Barojak eman duen ikuspegitik, arima beheratzen duen sentipena, mingostasun garratza, ezkortasun eta ase-ezintasun etengabea, askotan bidezkoa, ondore aszetikoduna, jalgitzen da. Gazteriarentzat egonezingarri itzela da, eta nere iritzian egonezingarri aratz eta osasungarria. Barojagan inoiz ez dago itxurakeriarik, alegiarik, ile-ordekorik, ez eskularru zuririk. Den bezalakoa da dena -mingotsa, garratza, egiazkoa.
Bere obraren ibilbidean, ideia asko, ikuspuntu asko azaldu ditu Barojak. Txit erasoa eta iraindua izan da, eta gizartearekiko alde batera utzia. Benaz hitz eginez europar normal baten ideiak ditu Barojak. Erlijioari, zientziari, arteari, gizarte-bizitzari, giza harremanei buruz, Europan milioika eta milioika lagunentzat arruntak diren ideietan sinesten du. Espainiarekiko bere ikuspegiak eragiten duen egonezina, Barojak Espainia europar gizon normalaren begiz ikustetik dator hain zuzen. Badaude Barojaren obra aintzat hartzen dutenak eta, oraindik, alderdi hau halako argitasunez ikusten ez dutenak. Ikusiko dute aurrerago. Hobeki esan, zenbait urte barru erabat argi ikusiko da hori. Baroja gizon liberaba da, jasanbera, zibilizatua.
Banago intuizioz euskaldun bat jasanberatasunik-ezera eta molde zakarretara ematen denean espainolaren barne-muina bilakatzen dela. Aitzitik, bere izaerak eta hezierak jasanberatasunera eta adeitasunera daramatenean, erteuropar osoki standarda gertatzen da.
Barojaren gauza hauek txit aintzakotzat hartzen ditugu guk, kataluniar belaunaldi gaztearen kide garenok.
(El quadern gris. Un dietari)
|