L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-4 (1987-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Ibai zaharraren gainean zubi berria

Editoriala

 

        Ez dakigu zenbat denbora igaro den azkeneko hauteskundeak burutu zirenetik, eta oraindik baten batzuk ernegatzen ari dira berriro egin beharko ez ote diren ikusiz. Litekeena bait da hori ere, sorpresarako leku gutxi dagoen eta gero eta gauza gehiago litezkeenak diren mundu honetan.

        Egunkari, komunikabideetan besterik ez da irakurtzen edo entzuten, susmatzen da jendeak hartzen duen arnas estuan edo airean uzten dituen hitzetan latza dela gobernu falta. Igelen koroa dirudi. Denak korroka Jainkoari zuzentzen errege eske. Eta Triunbiratoa ados jarri ezinean. Beti entzun izan dugu hirukotean zegoela oreka, afektibitatean ere oinarri gehiago zoriontsuak izan gaiteten. Ez ote gara nahasturik ibili? Edo arazo guztia hauxe da: Rubicon ibaia zeharkatzeko prest Julio Cesar gehiegi dagoela eta ondoren erramu-koroia buruan jartzeko irrikitan.

        Gizona da animaliarik ziklikoena. Gustozko edo disgustozko ekintza, pasio, maitasunak errepikatzen dira bere baitan Naturaren barnean eta bizitzan errepikatzen diren lez: udaberrian, haize fin eta leuna; uda, luxe eta asperra; udazkenean, lore faltan fruitu zoragarriak; eta neguan, hotza eta itokinak. Eta horrela egunak, asteak, hilabeteak eta urteak...

        Agindutakoaren zikloa beti betetzen, eta gero esango dute Dideroten Jacques-en gero eta antza gehiago hartzen ari dela jendea.

        Jakin dezazuen guk ere sentitu itan ditugu egunak, asteak pasatzen, eta Literatur Gazeta inprenta txiki batetako zoko ilunetan. Eta inork ez du txintik ere esan! Egunkarietan ez editorialik, irrati-telebistatan ez komentario burutsu, serio eta dokumentaturik. Maitale itsusiari gertatzen zaiona gertatu zaigu guri ere. Inork ez du gure falta nabaritu. Kulturak ez du lekurik betetzen gerlari franko dagoen herrietan; eta geroa, paktu, itun eta horrelako konponketetan dagoela uste dutenen eremu latz eta gogorrean.

        Baina, hala ere, gobernu berria osatu baino lehen Literatur Gazeta berpiztea erabaki dugu, eta beharbada heurak azkar ibiltzen ez badira, haiek baino lehenago kaleratuko dugu gurea, eskuetan duzuena. Ale hau ia gerra-aurrekoa da. Nabarmena da bere zahar-usaina, denborarik ez duten artikuluetan. Baina, orain dela ez dakit zenbat hilabete egon behar zuen kalean. Horrela nahi dugu. Zubi berria egin aurretik zubi zaharreko hondamenetatik beharrezko harriak hartzen diren bezala.

        Garai batetan errejimen edo aginte aldaketa orain baino sarriago egiten zenean, berriak bere autoritate eta boterea erakustearren zaharrak utzitakoa zegoen moduan lagatzeko joera zuen. Ikusi ahal ziren erdizka bukatutako urtegiak, errepideak bertan behera abandonatuak. Eta ondoan eraikitzen hasi berriak. Absurdoa, ez?

        Hemendik aurrera egingo dira gauza berriak, Literatur Gazeta txintxo-txintxo aterako bait da. Beste guztia, osterantzekoa lainotsu eta lenbroz inguratuta dagoenarren.

        Eta ibai zaharrak zubi zaharra gaineztatu zuenean, zer salbatu genuen jakin dezazuen, tori ale hau.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.