L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-4 (1987-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Bablea eta Literatura

 

        Hiru arotan zati daiteke bablearen nondik-norakoa:

        — Erdi Aroa

        — XVIII. mendetik gerrondorartekoa

        — 1974. urtean hasten denekoa.

        Erdi Aroari dagokionean, hizkuntz ofizial bezala erabiltzen da, idatzi eta agiri publikoetako hizkera zela kontutan hartzen badugu: foru-idatziak, salmenta agiriak, testamenduak...

        Literatur arloari begira, froga dokumentaturik aurkitu ez bada ere, Unibertsitatearen erruz batipat, batere arduratu ez delako, zera aitor daiteke: bazela nolabaiteko literatur agerpenik. Baina horri buruzko ikerketa egoera tamalgarria da, dena den. Honi buruz, hona zer-nolako anekdota kondatzen digun Literatur Gazetaren orrialdetara ekarri dugun Xuan Xose Sanchez Vicente asturiar idazleak:

        «...Behinola Marirreguera izeneko XVII. mendeko poetari buruzko lan bat osatu nahiean, Ovieuko Unibertsitateko Literatur Mintegira jo nuen. Nere harridura, ez bakarrik Marirreguera hau nor zenik ez zekitelako, baizik eta ez zeukatelako ezer bablez idatziriko literaturaz.»

        Bada, hori ez zen horren aspaldi izan, 76ean baino. Auzitara jotzeko moduko iraina bableari, ezta!

        Hortaz bada, nahiz eta garai hartako literatur texturik gorde izan ez, idatzizko literatura bazelakoa ustekotan egon gintezke, zerau kontutan izanik, hots, erabilera ofizialean latinaren ordez hizkuntza arrunt bat nagusitu izana ez dela bestela ulertzen aurrez literatura finkaturik izan ez balitz.

        Dena den, hori hala izanda ere, nola liteke XIV. mende erdialdean bere erabilerari uko izatea. G. Arias ikerlearen esanei men eginez, erantzuna gazteleraren hedakuntzan aurkitu beharko litzateke, hain zuzen, Trastamaratarren garaian.

        Azken hauen eraginez, era guztietako jaun ahaltsuz eta agintariz, nola zibil ala militar eta elizgizonez bete zen Asturias osoa, eta hauek gazteleraren erabilera kontseilatu zuten goimailako gizataldeen artean (Gaztelatik etorriak eta Asturiasen etorrera hau begi onez ikusten zutenak.) Nolabait esanda, Asturias politikoki zapaldua izan zen, bide batez linguistikoki gazteleratze saio galanta jasan izan zuelarik. Horrela diosku Juan I.ak bere kroniketan: «...la tierra de las Asturias que nos tomamos para la corona del Regno por los yerros que el Conde Don Alfonso nos fizo...». Garai horretakoxea da, hain zuzen, «Principado de Asturias» delako erakundea, Gaztelako erregeak Asturiasen agintzeko zuen tresna politikorik garrantzitsuena.

        Saioa diogu, ezen ez bait zituzten beren asmoak osoki burutu, herri xeheak elkarrizketarako bablea erabiliz jarraitu bait zuen, eta are pozgarriago dena, baita literaturan ere.

        Berriro, ordea ez dugu froga idatzirik gordeta froga horiek bildu eta gorde behar lituzketenen erruz, lehen aipatu axolagabekeria negargarriaren ondorioz.

        Baina literaturarik ez bazen, nola ulertu bestela, 1639, urteko jazoera hau: «Medira-ko Santa Olayaren errelikiak Ovieuraino lekuz aldatu nahi zituzten. Aldaketa eguna zegokion distiraz eta sonaz jaztearren literatur txapelketa antolatu zuten, bertara gazteleraz, grekeraz, latinez eta bablez idatziriko obrak aurkeztu zirelarik; Eta hain zuzen bablez aurkeztutako batek irabazi zuen saria. Nolaz hada orduan, halako gailurrera literatur mailako hizkeratzat, norbaitzuk behintzat, tratatu izan ez balute!?

        Aurrera jarraituz, XVII. mendetik XIX. erarterainoko literaturari buruz dakiguna 1839. urteko Cavedaren antologiagatik da. Garai horretako idazle garrantzitsuak honako hauek ziren: Francisco Bernardo de Quiros, Balvidares Argüelles, Fernandez Cepeda, Josefina Jovellanos (normalki ezagutzen den Jovellanos-en arreba, esanez bidenabar, honen gartzela denborako gutun batzuk kontserbatzen direla, zenbait literaturatik begiratuta bikainak direnak gainera; Somoza izenekoak eman zituen argitara 1884.ean eta Somozak berak adierazi bezala, bablera jotzen zuten Jovellanosen lagunek, arerioek egiten zioten jagope hestutik ihestearren).

        Garai horretakoak dira Pin de Pria eta Teodoro Cuesta ere. Antzerki sailean beste hauek ahaztu gabe, Pachin de Metas, Miliu Palacios eta Eladiu Verde.

        Garrantzitsua izan beharko, Pajares bortu beldurgarrian zehar iragan ahal izateko. Eta iragan zuen.

        Aztarnarik ere badugu, Victor Balaguer-ek 1883.ean dioen honetan, bere «Discursos ante la Real Academia Española» liburuan: «Las provincias catalanas, con Valencia y Baleares, tienen una literatura. La tienen los éuskaros, los gallegos y los astures. Quedan muchas obras, sobre todo poéticas, escritas en habla asturiana, por lo común llamada bable. Aun cuando el movimiento literario de los astures no haya progresado con el patriótico entusiasmo del éuskaro, la decidida persistencia del catalán, o la creciente inspiración del gallego, no por eso deja de tener valiosos monumentos que señalan y fijan su existencia».

        Bestalde, Galdos-en «el amigo Manso» delakoan Irme izeneko pertsonaiak bablez idatziriko poema liburu bat eskatzen dio Manso horri.

        Hesparru honetatik irteteko, azkenik, Clarin-ek, berak deitzen zituen bezala, «bable estatikoaren prosa-gizonekin» zituen desberdintasunak gogoratu.

        Aipu eta datu hauen poderioz, bable literariorik bazena baiezta daiteke. Textu zenbait ezagutzen dira, gainera. Galduak direnak baino guttiago halare (idazleren baten hiruzpalau obra bikain aurkitzeak idazle horrek askoz gehiago idatzi ere zuela esan nahiko luke); ahaztuak ere badiren artean (oraindik orain, aztertzaile askoren buruan Trastamaratarren eraginak tinko dirauelako).

        Aurkitu direnen artean, 74. belaunaldikoek bilatu ezeze kaltea ez besterik egiten ari den bablea gaztelera zaharra edota txarto idatzizko gaztelera delakoaren ideiologiatik salbatu egin dituztenak, berriz.

        Goiz da belaunaldi honetaz hitzegiteko. Asturiarron hizkuntz problema lehen aldiz plazaratzen da herri baten nortasun nazionalaren galeraren ikuspunduarekin batera. Horren inguruko mugimendua, dagoenekoz desagertua dugun aldizkari baten bueltan ibili da, «Asturias Semanal» hain zuzen; ondorenik «Conceyu Bable» erakundean gorpuzten dira asmo horiek eta gaur egun «Academia de la Llingua»-n.

        Azken honi esker egun, ari da garatzen bablea orokorki eta litaratur produkzioa partikularki. Kazeta artikuluek eman zioten hasera berpizkunde edo loratze honi; ipuinak jarraitu zitzaizkien, garai honetan lehen eleberri luzeak dasta daitezkeelarik.

        Izen batzu aipatuz, horra: Carlos Rubiera, Xose Luis Arias eta Xuan Xose Sanchez Vicente, gure orrialdetara dakarguna azken hau.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.