L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-4 (1987-urtarrila) —<gaze0419>




 

 

"Amorioa sumindura garaietan"

 

Joxerra Gartzia

 

        Gabriel Garcia Marquezek bentaja garbia du: irakurlea bere alde dauka, hasi baino ere lehenagotik.

        Irakurri berri-berria diot azken nobela: El amor en los tiempos del cólera (Bruguera). Liburuaren kontrazalean irakurtzen denez, denboraz eta etsipenaz gaindi dirauen maitasun zapuztu baten historia omen da nobelan kontatzen zaiguna.

        Ez dakit, ba liteke hori horrela izatea. Baina ez dut hemen liburuaren azterketa zientifiko-filologiko-literariorik egin nahi. Tarteka zer edo zer idaztea gustoko duen irakurlea naizen partetik pare bat gauza esan, eta ba noa.

        Lehenik eta behin, irudipen bat: konta litekeen argumenturik ez du nobela honek. Edo bestela esanda, duen argumentuaz hiruzpalau foliotako ipuin bat osatuko litzateke gure artean, gehien jota. (Nobelak 500tsu bat orrialde ditu).

        Gauzak horrela, ez dut sinistu nahi, argumentua hori denik. Ez da nerea oso irakurketa neutrala izan, baina nobelan aurreratu-ala garbiago zitzaidan: nostalgiaz ari da Gabriel, sasi-argumentu ezteus baten aitzakian.

        Nostalgia: heriotzaren gertutasunak eragindako bizimina. Hasteko, «nostalgia» hitza bera dozena bat aldiz aipatua dator, eta pasarterik esanahitsuenetan, gainera. Hortaz aparte, denborarik gabeko mundu bat agertzen digu Marquezek: iragan hutsez osatua, mintzatu ahal izateko atalaia besterik ez baita orainaldia, eta legokeen gero bakarra, inongo portutan atrakatu gabe ibaian gora eta behera ibiltzera kondenaturiko baporea.

        Abentura bila dabilenak ez du espero duenik aurkituko liburu honetan. Gauza, gertakari eta pertsona arruntak dira azaltzen direnak, tarteka-marteka ustekabekoren bat, gertakari sineskaitz eta fantastikoren bat lerratuko bada ere.

        Baina bain arrunt diren horiek, pertsona ere ba dira, pertsonaia ezezik. Eta horrela, gure lagunen gorabeherak balira bezala jasoko ditugu azkenerako, Florentino, Fermina eta abarrei buruzko albisteak. Eta argumentuak ez duen desarroiloa, narrazioak berak dakar.

        Erreliebe nabarmena du kontaerak, eta itxuraz gauza bera birritan eta ere hirutan kontatzen bada ere, esanahi berezia hartuko du kontatu bakoitzean, narrazioaren baitan duen lekua ez baita esanahi gabea.

        Horregatik ez du batere balio, adibidez, El Pais astekariak eskeini zuen atala eskeintzeak. Har dezagun parrafo bat, edozein. Adibidez, 330garren orrialdean datorrena:

        «Perdido entre la cándida muchedumbre que cantaba el himno nacional mientras el globo ganaba altura, Florentino Arziza se sintió de acuerdo con alguien a quien le oyó comentar en el tumulto que aquélla no era una aventura propia de una mujer, y menos a la edad de Fermina Daza».

        Parrafo hori geza eta arrunta irudituko zaio besterik gabe bere horretan irakurtzen duenari. Baina 330garren orrialdean dago, eta aurreko orrialdeak irakurri dituenak ez bestek daki, zer nolako barre algara eragin dezakeen: «Florentino gizagaixoari gertatu behar hori ere» pentsatuko baitu, Florentino hori aspaldiko lagun xaharra bailuen.

        Erreliebea: nola lortzen du Garcia Marquezek narrazioaren barruko alde, diferentzia horiek? Nola, pasartearen kateatze harrigarri eta era berean «natural» hori?

        Sekreto hori hatzeman nahirik irakur liteke nobela osoa: alferrik, Marquezen trukoak ez bait dira ikusgarri. Eta ez dira, «ikusgarri» hitzak izan lezakeen bi adieretan. Hemen ez dago Cortazar batengan aurki litezkeen aipu, kultismo eta parafernaliarik. Edo bai, baina izkutuan gordeak. Eta horrela agertu zaizkigu, gutxien espero ditugunean, Joseph Conrad, Alizia, eta beste. Baina hauek ere, narrazioaren harian integraturik datoz, pertsonaia bihurturik. Eta probatu duenak bakarrik daki, aipamen txiki horietako bakoitzak zer nolako dokumentazio eskerga behar duen azpitik, eta zer nolako borondatea behar duen idazleak, dakien gehiena isilik gordetzeko.

        Horregatik diot, Marquezen artifizio eta mainak ez direla ikusgarri: espektakulo txundigarririk gabe aurkezten dira. Eta hala, ikustezin edo ikusgaitz ere ba dira: ez-ikusgarri.

        Nolanahi dela, 500 orrialde irakurriko dituzu, begiak zabal-zabal, zelatan... eta azkenean ez duzu Marquezen sekretoa hatzemango.

        Nik ez behintzat, eta lotsarik gabe aitortzen dut, liburua amaitu eta desio bakarra gertatu zaidala barruan: Gabriel Garcia Marquen bera ekarri, eta arratsalde pasa eginez berarekin hitzaspertu luze bat izan, huntaz eta hartan. Baina batez ere huntaz, noski.

        Berak euskara ikasi edo guk bitarteko gehiago izan arte, lehen bezalatsu segitu beharko dugu, ordea, agian inoiz gauzatuko ez den gero horren minez, hiruzpalau foliotako ipuin ziztrinak idatziz kontsolatuaz.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.