L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-5 (1987-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Chandler, Lucanor nire belaunaldian

 

Pako Aristi

 

        Aitonak kontatu ohi zidan, ni ume bat besterik ez, gizon jakintsu bat etortzen zela gure tabernara, gure Urrestillako tabernara, kantak biltzera, baserritarrekin hitzegitera, holako eta halako tresna nola deitzen zen apuntatzera. Beti papera eta boligrafoa eskuetan, ez zuen gazteekin hitzegin nahi izaten. Gazteek nonbait, garai urrun hartan ere, ez zuten tajuzko euskerarik erabiltzen. Orain berriz, garai hartan gazteak zirenak dira gure herrian euskararik txukunena egiten dutenak. Orain gu gara baldarrak. Metaforaren arabera, 2.030 urtean gu izango gara euskara jatorra gordeko duten patriarka bakarrak.

        Baina itzul gaitezen gazteak erdeinatzen zituen jakintsu harengana. Suposatuko duzue nor zen: Resurreccion Maria de Azkue. Hiltzen ari zen Euskal Herri baten azken kronista zen, eta jakina da hiltzen ari denarentzat loreak eta laudorioak besterik ez direla izaten. Imajin on bat eman nahi izaten da, eta Azkuek bere galbahaketan, atera zitekeen imajin laudoriogarri bakarra atera zuen: kostunbrismoa alegia. Jarraitzaile ugari sortu zaizkio, prentsan batez ere, eta gure literaturan ere bai neurri murrizago baina gaixotiago batean. Idazle kostunbristak estanpa, postal egileak dira. Urrutiko ahaideei bidaltzeko postal idatziak sortzen dituzte, zahartutakoan, oraindik gehiago zahartutakoan nostalgiari zentzu bat ematearren idazten dute, hilotzaren argazkiak idazten dituzte.

        Nik ezagutu nituen Euskal Herri horren azken arnasak. Azkueren kontuak entzunez hazi nintzen, aitonarekin anitz baserri bisitatzen nituen, gure aitonak txokolatea, gailetak edo puruak eraman eta baserrian sagarrak, edo urrak, edo gerizak jasotzen zituelarik. Soziabilidadea zer zen ezagutzen nuen bitartean irakurtzen ikasten nuen. Baserrietan pertsona maitagarri asko ezagutu nuen, eta liburuetan erne estraineko amodioa aurkitu nuen: Lucanor Kontea, Petronio bere aholkulariaren konpainian. Lendabizikoz ensoñazioa zer zen jakin nuen. Maitasunaren definiziorik ez nekien sasoi hartan sentimendurik gotorrena bilakatu zen ensoñazioa. Butakan eseritzen nintzen luze luze, erdi aroko jauntxo bat nintzela sinesten nuen, eta liburua eskuetan harturik, zeremonia eta protokolo handiz irakurtzen nuen, kamara bat filmatzen ariko balitz bezala. Urrunak zitzaizkidan Lucanor Konteak planteatzen zituen arazoak, hurbilak Petroniok kontatzen zituen metaforak. Anekdota eta pasadizo laburretako zaletasuna barru barrean ainguratu zitzaidan.

        Eskolara gogoz kontra, lagunekin disgusto antzera, nere gozamen bakarra ensoñazioa zen, Erdi Aroko jauntxo izatetik Karlistadetako kontrabandisa izatera pasatu nintzen «Zalacain el aventurero» irakurriz, edo Alaskako urre bilatzaile bat Jack Londonen ipuinak irakurriz.

        Heroe sentitu ondoren anti heroe sentitzen hasi nintzen Herman Hesseren nobelak irakurriz. «Siddartha», «Peter Camedzin» eta «Herman Lauscher» izan ziren adoleszentziaren naufrajiotik atera ninduten flotadoreak.

        Ernesto Cardenalen «Epigramas»etan aurkitu nituen maitasunaren lendabiziko definizioak, iraultzarekin estu estuan lotutako definizioak.

        Soziabilidadeak pertsonak ezagutzeko lilura oparitu zidan. Irakurketak ensoñaziorako bide amaiezinak ireki zizkidan. Gabriel Garcia Marquezen epitetoetaz maitemindu nintzen, Delibesekin negar egin nuen, Alvaro Cunqueiroren bidez Galizia ezagutu nuen, Bukowskirekin galtzailearen dignidadea hartu nuen.

        Bizitzaren aurrean pose desberdinak zeudela ikasi genuen, bizitzeko eta gertaerak sentitzeko era desberdinak. Idazten hasi ginenean (eta ez ilusionatu, irakurle, ez dut zergatik esplikatuko) pose bat behar genuen, estilo bat, istorio bat, narradore bat, eta hizkuntza tresnarik zehatz eta sofistikatuena bihurtu behar genuen. Dena falta zitzaigun. Orduan gonbitularrika hasi ginen, edandako guztia poliki, ezarian, beste kolore batzuez salpikaturik botatzen. Gonbitularrika, irakurritako istorio, heriotz, deskribapen, portaera, abentura eta amodioak botatzen hasi ginen barita batez ikuturik, gure barnean borborka sentitzen genuen kreatibitate eta gauzak esan bebar urgente horren baritak ikuturik.

        Eta idatzi genituen gure nobelatxoak, gure poematxoak batasun pittin batez moldatuak, baina ez genuen uste argitaragarriak zirenik. Kaka eta pisa komunean egiten ditugun bezala, ezkutuan eta sekretuan idazten genituen gure textoak. Argitaletxeetako ateak jo genituen lotsati, eta gure idazti haiek literatura zirela esan ziguten, eta argitaratu behar zirela, Euskal Herri osoko liburudendetara banatu. Ale batzuek sinatu genizkien neska begi urdindunei, etxean afariko orduan gure liburuez bete genituen mahaiak eta estraineko kritika idatziek ikaratu egin gintuzten. Egun batean oso onak ginen, hurrengo egunean ez hainbeste, batek zentzu biblikoak zeuzkan, besteak Frantziako nobela berriaren aztarnak, nik narratibidade izugarri bat neukan. Idazle izateko tramite guztiak bete genituen. Elkarrizketak egin zizkiguten, gure iritziak aintzakotzat hartu zituzten, telebistan ikusi gintuen hamalau urterekin gutaz maitemindurik zegoen neskatxa horrek, eta salmenten porzentaiarekin zer egingo genuen pentsatzen hasi ginen idazten, bateratsu argitaratzen, eta elkarrekin komentatzen genituen gure asmo berriak.

        Orain, hasitako tramiteak erabat sendotu eta amaiturik uzteko gauza bakar bat falta zaigu: idazten jarraitzea haserako hobelatxo hartan jarri genuen ilusio berberarekin. Idaztea da azken batean desilusioak jaten ez duen maitasun modu bakarra. Baina nolakoa da nire belaunaldia?

        Nire belaunaldia, generalizazioen faltsokeriari bere porzentaia eskainiaz, indibidualista da, eszeptikoa da, estudianteen pisu poblatuetan bizi ondoren etxe batean bakarrik bizi nahi dugu, edo gehienez neska batekin konpartitu ezkondu gabe, distantzia bat gordetzen dugu gure ekintza guztiekiko, ez gara inoiz bihotza urratzeraino inplikatzen. Philip Marlowe, Chandler-ek sortutako detektibea bezalakoak gara. Gure posea, militantziatik urrun, euskara salbatzeko eginahal hantustetsutik urrun, pose eszeptiko bat da. Eta mende amaiera muturren aurrean dugularik, mende erdira jotzen dugu gure isladen bila.

        Edwar G. Robinson maite dugu, Chandler eta Henry Milleren biografiak irakurtzen ditugu, ez ditugu gure seme sekretoak bataiatu nahi, Errepublikako anarkista zaharren gisan eta pelikulak bi eta hiru aldiz ikusten ditugu. Gure estiloa zinematografiko hutsa da. Hotzak gara baino zehatzak, ez ditugu parrafoak kakari buelta emanaz antolatzen.

        Literatura oso serio hartzen dutenak badaude, tertulietako denbora galtze eta hobby planteamentuetatik urrun. Mundutik oso urrun gaude, geure mundu literariotik oso hurbil. Geure paisaia sortu beharra daukagu, bizitzen jarraitzeko, eta desertu bat besterik sortzen ez badugu ere, pozik egongo gara. Nere belaunaldia eszeptikoa da. Ibaiak hitzegiten zutela sinestu ondoren, Siddarthari kaso egiteagatik, orain ez dugu ia ezertan sinesten, eta suizidioaren kontrako arrazoi bakar batekin ere konforme gaude. Literatura horrelako zerbait da guretzat. Gustoz idazten dugu, disgustoa somatzen dugunean idaztea utzi eta makina leihotik zintzilik jartzen dugu. Hizkuntza denak maite ditugu baina gure literaturak euskararen jantzia darama, eta momentuz ez zaizkio soineko horiek txikiegi gelditu.

        Gazteak erdeinatzen zituen zahar harengana itzuliz, Azkuek Urrestillako iturrian edan zuen, nik gaur egun edaten dudan iturri berdinean. Iturri horretatik, berak lan antropolojiko eta linguistikoa egin zuen. Nik literatura egin nahi dut, momia pedagojiko eta fosil militanteetatik aparte, eta jendea lo hartu aurretik ordu erdi bat bada ere entretenitu nahi dut. Istorio rural eta (oraingoz) zaharrak kontatu arren ni ez naiz kostunbrista. Ez zaizkit ekanduak, ohiturak interesatzen, pertsonak baizik, eta pertsona horien portaera nolakoa den, zen edo izan zitekeen ohitura sistema baten barruan. Agureen kontuak gustora entzuten ditut, baina pikardiak, apustuak eta horrelakoak, Azkueren Euskal Herri haren alderdi humanoa (ez kostunbrista) nolakoa zen imajinatzeko. Nire belaunaldia horrelakoa da, kontradiktorioa. Lucanor Konteak Chandlerri eskua eman zion gure aurrean. Gogorrak gara eta dultziak. Zergatik? Philip Marlowe-k dionagatik:

        «Gogorrak ez izanik ez genuke bizirik iraungo, eta dultziak ez izanik ez luke bizitzerik mereziko».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.