L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-5 (1987-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Maurice Molhok: lanaren gaia Itsumutila-n,
la revolution copernicienne

 

J.A. Ayucar

 

        Bere bastoi aldentezinaz aurrerantz makurturik betiko ibilera neketsuaz dabilela Salamankako Unibertsitatearen klaustroan topatzen dugu. «Academia Literaria Renacentista» delako erakundeak «Tormeseko Itsumutila»-ri buruzko ihardunaldietako bigarren saioari dagozkion txostenak aditzeko asmoz astiro astiro dator. «Introduction à les Romans Picaresques Espagnols» (Bibliothèque de la Pléiade, Paris, 1968) egin eta Sorbonako aspaldiko irakaslea den begiko agure honi berak atzokoan azalduko txostenaren berri laburtxoa Literatur Gazetaren irakurleentzat eskatzen diogu.

        — Euskarara traduzituko dut, agian tradituko...

        — Ez, ez, ez kezka. Euskara nik ez dakit, euskarari buruzko zeozer idatzia dudan arren...

        Baina, ondo, ikus dezagun; txostenak «Tormeseko Itsumutila: Lanaren gaia» izena du. Txostenaren ideia zera da: «Lazarillo de Tormes» delakoan beste zenbait elaberri pikareskoen aurrez —beraren atzetik etorri omen direnak—, zer den berez lazarillescoa. Ongi, Tormeseko Itsumutila bere garaian nola sailkatzearen arazoa planteatu ondoren, pikaro liburu baten antza, «Guzmán de Alfarache» eta honi jarraitu diotenekin batera sailkatu behar dugun, edo XVI. mendearen lehen erdikoen artean. Hala bada «facecia moral» delakoen moeta bat, «La Lozana Andaluza», «EL Viaje de Turquía» eta beste batzuen legez izango litzateke, ezta? Orduan, planteamendu honekin ihardun nuen: Tormeseko Itsumutilaren «iraultza» itxurazko «ni» kondatze bat sortzean datza, hain zuzen ere; baina edozein erreferente narratiborik gabe; hau da, ez dela «ni» hori nork dioen jakiterik. Teknikoki liburuaren egilea den Itsumutilak esaten du «ni» hori. Liburu berak Lazaroz hirugarren pertsonan soilik hitzegiten du, hala dio «TORMESeko LAZAROk BEREN... ...KONDATZEN DITU...» «...NOREN SEMEA IZAN ZEN...»

        — Izenburuetan...

        — Trataduen izenburuetan ezta? Gainontzekoa «ni» bat da, eta «ni» hori hasierazko aitorpen kontsideragarri batentzako erabilia dago. Zera da: «Neure buruaz hitzegitera noa, zeren, azken finean, inork ez du hain pertsona bilau eta bajuari buruz hitzegingo eta». Horregatik «ni» esatera beharturik dago. Eta hauxe aldarrikatzeko esaten du «ni»: «Ene aita lapur bat da, eta ama puta bat», hots, nork egin lezake horietako aitorpenik, dena etorkian oinarriturik dagoen garai batean?: Edo ziniko edo lainoren bat. Aintzinako antzerkian laino batzu aitorpen berdintxuaz azaltzen dira, ezta? Beraien jatorria ezaguterazten duten batzuek; ezkutatu behar duen jatorri bat. Orduan Tormeseko Lazarok hau esatean «ni» hori erabiltzen du, eta liburuan sartzerakoan trataduz tratadu bere sarbidea osatzen doa, hirugarren tratadura iritsi arte —neretzat obraren erdigunea delarik— non ezaguterazten den «bera» eta «ni» artekoen gatazka.

        — Ezkutariaren trataduaz ari zara...

        — Ezkutariarena, noski. Hots, ene ustez Itsumutilan lanari buruz esan daitekeen guztia zalantzagarritasunez esaten da, zeren alde batetik lanaren aurkikuntzarantz abiatzen dena Lazaro bera da, eta bestetik, berari lanarena ez den ikuspegi batetik —nobleekiko aisitasunarena baizik—, kintuan hartzen zaio.

        Izatez, Tormeseko Itsumutila 1548ko Luis Mejiasen lana-aisitasunaren apologo eta 1558ko Luis Ortizen memorialen artean ezin hobeki bornaturik dago. Bi liburu dira, non zera aldarrikatzen den: «Gure espaniar izateko kondizioa beste era batean asmatzeko garaia da dagoenekoz», ezta? «Dena hemen nobleekiko aisitasunean oinarritzen da, baina lanarentzat leku bat utzi beharra dago».

        Eta lanarentzako toki hori Lazarok uzten du, eta hori seigarren trataduz geroztik nabaritzen da, seigarren trataduz geroztik non, zeure gogoan izango duzunez, hirian zehar ura banatzeko asto bat eta materiala ematen dizkion Toledoko kaperauak berarekin topatzen denean. Tenpluko Merkataria da; eta guztiz korapilotsu den kontratu batez, 30 marai irabazten duelarik, eguneko 30 marai ugazabari eman behar dio eta, gainontzeko guztia gorde dezake eta larunbatetan ez du emateko beharrik —eta nik kontratu korapilotsu hori Toledoko kaperaua kripto-judu bat zelako izango litzatekelaren hipotesia proposatu nuen eta horrexegatik ez zuela larunbatetan ez lana ez eta kobratu egingo—. Eta zazpigarren trataduan orduantxe da lana aurkitzen duen momentua, baina zitalkeriaren kondizioetan, zeren pregonari bezada, —borreroari laguntzen dion errege-langintza horretan— aurkitzen du; eta bestaldetik, San Salvadoreko Artzapezaren ohaidearekin ezkondu da, eta izugarrizko adarrak daramatza, baina onartzen du. Hiriko merkatal-bizimoduaren barruan esku sartzea baimentzen dion errege-langintza hori daukalako onartzen du. Berak dio: «Lazaroren eskusartzerik gabe ardoa edo beste zerbait saldu nahiean dabilenak, onura ez ateratzeko kontua hartzen du».

        Orduan, hori bai bizitza zoriontsua dela desohoragarria bada ere; baina izateko kontzientzaraino —hiriko «ekonomiko-bizitza»ren partaidearen eran— heltzea ez ezik; Hegeldar berbetaz bere burua jopuaren kontzientziaraino igo denarena ere, ezta? Jopuak ez du bere buruaren kontzientzia, Jauntxoaren kontzientzian zehar besterik ez bizi izaten da. Orduan Lazarok: «Nik, jauna, zintzoengana hurbiltzea erabaki nuenean...» San Salvadoreko Artzapezari dioenean, bere buruaren eta elkar-alienaziozko kontratuaren kontzientziarengandik dio, ezta? Berak Artzapezari bizia alienatu dio eta Artzapezak berari. Tormeseko itsumutilaren baimena beharrean dago, baina atzo esan nuenez, jopuaren jopua, izatea jeisten den ugazabak galtzeko bidea darama. Eta hain perpaus zalantzagarria den liburuko azkenekoa (1) tentel-azkarraren teoriara itzultzen bagara errazkiago ulertzen dela esanez bukatu nuen.

        Tentela eta zinikoarena. Zeinek esaten du, tentela edo zinikoa? Esan nuenez izkutuko enigma bat da. Baina itsumutilaren garrantzia tentel-azkar bakarra izaten datza. Geroztik ez da pikaro, lelo edo eta inozorik tentel-azkarra izango, ezta? Eta Tormeseko Itsumutilaren orijinaltasuna lanaren aurkikuntza tentel-azkar berak egiten duela da, hau da, aisitasuna behin betiko desagertu behar duen mundurantz —nik deritzodan Copernicotar iraultza hau da— lehenengo urratsa ematen duena tentel-azkarra da. Lanaren aurkikuntza hori tentela, azkarra edo bata eta, bestea izateagatik egiten du... Hauxe zen, gutxi gora behera... Euskaraz esango al duzu?

 

        (1) «Sasoi hontan ene oparotasunaren eta asturu guztien kukutzan bait nengoen». «La vida del Lazarillo de Tormes y de sus fortunas y adversidades». Alberto Blecuaren edizioa. Clásicos Castalia Argit. Madrid, 1972.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.