L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-6 (1987-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kultura eta izaera nazionala

 

Milan Kundera

 

euskaratzailea:
Juan Manuel Basurko

 

        Honoko hau izan zen Txekiar Idazleen Batasunaren IV Biltzarra irekitzeko Kunderak egin zuen diskurtsoa. Anartean sobietar tankeek ez zuten oraindik Txekoslobakia inbaditu. Baina Kundera ulertzeko funtsezko testu honek garbi ulertarazten digu 1968 inguruko Txekoslobakiako askatasun eta abertzaletasun giro berezia ere. Guk dakigunez ez da gaztelaniaz oraindik testu hau eman, eta geuk Le Temps Modernes, avril 1968-ko aletik itzuli bide dugu.

 

        Nazioak hilkorrak izan arren eta nahiz historikoa izan beren esistentzia, naziotasuna bera ere moderno xamarra delarik, herri gehienek ez dute inongo zalantzarik beren izaera nazionalari dagokionez, eta Jainkoaren edo Naturaren emaitza balitz bezala hartzen dute beren naziotasuna, hain bait dute-eta ebidentetzat jotzen. Giza-asuntotzat joko dituzte kultura, errejimen politikoa baieta mugak berak ere, horiek guztiak kuestionagarriak eta problematikoak gerta dakizkieke, baina beren izaera nazionala inondik inora ere ez. Baina nazio bezala hil zorian maiztxo egon garen txekiar herri honen historiak, horren historia astindu eta jipoinduak alegia, bakunatu gaitu bai geure esentzia eternoaren ilusioen kontra. Gure txekiar nazioaren esistentzia ez bait da inoiz dudaezinezko ebidentziarik izan; alderantziz bai ordea, nazio ebidentziarik-eza izan da gure seinalerik bereziena.

        XIX. mendearen hasieran garbi azaldu zen hau, intelektual xorta kaskar batek txekiar hizkuntz erdi ahaztu bat berpiztu nahi izan zuenean, edo baita hurrengo belaunaldikoek nazio erdi desegin bat eraiki nahi izan zutenean ere. Izan ere, «alde» eta «kontra»koak ondo neurtutako ekintza izan zen intelektualek ekin zioten hura. Aldeko arrazoiak ez zitzaizkien kolpez azaldu ebidentziaren indarrez, ez horixe, bai bait zekiten —eta Matous Klacel adibidez mintzo da hortaz— germanizazioak Bohemiako biztaleen bizitza erreztu egingo zuela eta beren semeei etorbide hobeak irekiko zizkiela. Baita ere bazekiten nazio handiago baten barnean integratzeak alor zabalagoa irekiko ziela eta intelektual lanari aukerako hedadura sortuko ziola, txekiar hizkuntza hutsak hedadura hori murriztu egingo lukeen bitartean —Klacelek berak zioenez. Herri txikiek jasan ohi dituzten desbentajak ezagutzen zituzten, bai; halako edozein herrik bere herri-kultura «maiz urri eta atrofiatua, ezin du erdizka izan ezik ez pentsatu ezeta sentitu ere», Kollar-ek idatzi zuenez: «bizi ordez iraun; loretu ordez bejetatu, eta arbolak eman beharrez arbustoak» ematen duen kultura izan-eta.

        «Alde» eta «kontra»ko arrazoiez jabetua, txekiar berpizkundeko intelektualek ezin izan zuten «alde» zeudela erabaki, honako arazo honi planteatu eta gero baiezkoa eman arte: izan ala ez izan, eta zertarako izan? Beren txekiar izaera aukeratzerakoan bertan problema bihurtzen zuten. Aukera hura etorkizunerako apustu bat zen: nazioak gerora justifikatu egin beharko zuen berpizkundeari buruzko aukera.

        Txekiar izate modernoaren ebidentziarik eza dela eta, probintzialismoan gustora murgilduta zegoen txekiar eritzi publiko gazteari honoko galdera eskandalosoak egiten zizkion 1886.ean Hubert Gordon Schauer-ek: «ez al genioke humanitateari mesede handiagoa egingo geure izpiritu-indarrak kultura mailan gu baino askoz ere gorago dagoen herri handi batekin bategingo balu? Nazio bat berpizteko hainbeste eta hainbeste ahalegin egiteak pena merezi al du? Ba al du benetan gure nazio honek horrenbesterainoko kultur balioa? Eta nahikoa izango ote zaio balio hori etorkizunean nazio-nortasun galera berriren bati aurpegi emateko?». Galdezka aritze hura nazioaren kontrako erasotzat hartu eta eskomunikatu egin zuen Schauer txekiar probintzialismoak, bere bizitza begetatiboan lasai arraio beti. Halere, bost urte beranduago ekinbidean jarri berri zen Salda kritikoak bere belaunaldiko figurarik garrantzitsuena kontsideratuko du Schauer eta honek esandako hura erabateko ekintza abertzalea zela esango zuen. Arrazoia zuen gainera: gure berpizkundeko intelektual handiengan aurkitzen diren konbikzioak berformulatu egiten bait zituen Schauer-ek. Palacky-k zera zeukan idatzita: «gure herriaren izpiritua auzokoen mailatik gora altxatzen ez badugu, ezin izango dugu geure izatezko esistentzia gorde». Eta Nerudak: «Gure eginkizuna da, hezkuntz eta kontzientzia-mailarik mundialeraino nazioa igotzea, honela lagundu egingo diogu besteek errespetoz begira diezaioten eta nazioak berak esistentzia gorde dezan».

        Nazioak aurrera behar du, herriak bere kultur-balio propioak sortu behar ditu. Baina gure berpizkundeko intelektualek ez zituzten balore hauek behin berehalako nazional-utilitatearen arabera neurtzen, ez, erizpide humanistikoen arabera baizik, garai hartan esan ohi zen bezala. Eta honi dagokionez, aipatu nahi nukeen txekiar literaturaren beretasun bat, itzultzaileek izan duten apartako eragina da. Honela, Mendi Zuriko gudu aurreko mendean, literaturako figurarik garrantzitsuenak itzultzaileak izan ziren: Gregoire Hruby de Jeleny, mundu guztian Erasmo lehenik itzuli zuena; Veleslavim-eko Daniel Adam: Jan Blahoslav. Txekeraren berpizkundearen hasieran Jungmann-ek eginiko Milton-en itzulpen famatua dago, eta gaur egun ere gure itzulpenak munduko onenetakoak dira, itzultzaileak gure artean beste edozein egile ainako begiramena bait dauka. Itzulpenei emandako garrantzi izugarriaren arrazoia garbia da: lehendabizi txekiar hizkuntza itzulpenei esker hezi eta zorroztu da europear hizkuntzen maila lortu arte, europear kontzepturen hiztegia jaso ondoren. Gainera, itzulpenei esker sortu eta lortu dugu Txekiarrok europear literatura bat, eta aldi berean, txekerazko irakurle europearra sortu da.

        Europako barneinguruan mugitzea gauza normala zaie Europako nazio handiei, klasiko deitu ohi zaien beren tradizioak direla medio. Txekiar historian zehar berriz esnaldi aroak eta loaldi aroak bata bestearen atzetik joan dira; gure herriak huts egin du europear izpirituaren bilakaeraren zenbait etapatan eta esnaldi bakoitzean berriro ber-ikasi eta ber-sortu behar izan du bere europear lotura. Ezer ez zaie zerutik Txekiarrei etorri, ez hizkuntza ezeta beren europear ezaugarria ere. Eta europearra izatean, beti dilema honen aurrean gertatu dira: ala gure hizkuntza dialekto koskor bat bihurtzen utzi eta kultura folklore hutsa, ala bestela bere ondorio guztiekin eskubide guztiko nazio europearra izan.

        Alternatibaren bigarren adarrak bakarrik ziurtu lezaioke benetako bizitza nazionala; baina horrek zailtasun handiak dakarzkio herriari, XIX. mendean bere ahalegin guztiak kulturaren oinarriak jartzea bait zen, hasi ertain ikasketatik eta entziklopedia bat egitera arte. Halere XX. mendearen hasieran, eta batezere bi gerrate-tartean, Txekoslobakiak bere historian zehar izan duen kultur indartze sendoena ezagutu du. Hogei urteren buruan, kreatzaile pleiade batek lortu zuen, Komenius ezkeroztik, txekiar kultur berezia Europa mailan jartzea.

        Bitarte hau, laburra oso baina nostalgiaz betetzen gaituena, hain izan bait zen intentsoa, helduaro bat baino gaztaroa izan zen gehiago: txekiar literatura, lirikoa batipat, bere desarroiloaren haseran zetorren eta behar bezala indartzeko estabilitate une luze baten beharra zeukan. Bere indartze hori ordea okupazio alemanak oztopatu zuen lehendabizi eta, ondoren, estalinismoak; mende laurden bat zehar txekiar kultura mundutik eten, mutilatu eta propaganda-tresna bezala erabili izan zuten. Txekiar herria berriz ere europear kultura bazterretan gelditzeko arriskuan zegoen. Hortik datorkio gure nazioari azken urteotako esnaldi kultural honen garrantzi historikoa; garrantzitsuak adibidez, beste inon baino gehiago, lehen mailako emaitzak lortu dituen zinematografia sailak.

        Baina desohizko indarberritze kultural honen jakinen gainean ote dago nazioa? Konturatzen al da akaso berriro suertatuko ez zaion aukeraz eta orain eskeintzen zaion honoko honetaz: bi gerrate-arteko tradizio literarioarekin lotzea? Ba ote daki nazioak bere sortea bere kulturaren esku dagoela? Edo zapuztu egin ote du gure berpizkunde garaiko intelektualek zuten konbentzimendua, balore kulturalik gabe nazio esistentziarik ez zegoela zioteneko konbentzimendu hura?

        Gure berpizkunde garaiaz geroztik asko aldatu da nazioaren bizitzan kulturaren betebeharra, eta zaila da aurrerantzean inolako zapalkuntza etnikorik gu mehatxatzea. Halere guretzat geure nazional esistentziaren justifikazio eta garantia kultura delakoan nago. Integrazio prozesu handiak jarri dira martxan XX. mendeko bigarren.zati honetan. Lehenengo aldiz orain, herri bakoitzaren historia humanitate osoarenarekin alkarlotuta aurkitzea. Izakera txikiak handiagoetan urtzen ari dira. Kultura produkzioa internatzionalizatzen ari da, biltzen eta batzen. Masa-turismoaren laguntzaz, zenbait hizkuntz internazional indartuaz doan eran, herri txikitako hizkuntzen eraginak atzera egin du. Belgikako flamandar antzerkilari batek oraintsu esan berri dit zein hizkuntz mehatxatuta daukaten, flamandar intelligentsia hizkuntz biz ari bait da, horrek nazioarteko kultur-zientzia emaitzarekin harreman hestuagoak eskeintzen dizkiolakoan.

        Direnak horrela direla, herri txikiek ezingo diote beren hizkuntz eta nortasunari eutsi kultur-kreazioz baizik, kreazio horretan renplazatu ezinezko baloreak daudelako alegia. Zalantzarik gabe plzenskè pivo (Pilsen zerbeza alegia) balore bat gehiago da, estimatua oso mundu zabalean «pilsner Urquell» gisa (edo zerbezen arteko zerbeza-iturburu gisa). Baina pilsen-zerbezak ez luke justifikatuko Txekiarren eskubidea hizkuntz berezia edukitzeko. Eta batuaz-batuaz doan mundu honek seguruenik kontuak eskatuko dizkigu, kupidarik gabe eta eskubide osoz gainera, ea zergatik orain ehun eta berrogeitamar urte nazio bezala esistitzea aukeratu genuen.

        Gure komunitate nazionalarentzat ez dago geure kultura eta literaturaren garrantzi bitalaren kontzientzia guztiz hartzea baino gauza garrantzitsuagorik. Txekiar literatura, horra hor bere berezitasuna, aristokratikoa ez izatea da; herri-literatura plebeioa da, publiko herrikoi eta zabalenari zuzendua. Eta hemen dago bere indarra, eta bere ahulezia ere bai. Herrian sakon errotua egotea da bere indarra; eta ahulezia, berriz, behar aina emanzipatu gabe dagoelarik, txekiar publikoaren menpean lotuegi egotea da, honen maila kultural eta liberalaren menpean egotea: frajila izatea beraz, edozein unetan bere kultur-zabarkeriaren azpian bait dago.

        Sarri izutu naiz, txekiar humanistek eta gure berpizkunde garaikoek horren maitte zeukaten europear ezaugarri hori gure gaurko kulturan zenbat galtzen ari den ikustean. Europear izpirituaren bi zutabe diren horiek, Grezia-erromako eta kristau humanitateak alegia, ia ezezagunak ditu gaur eguneko Txekiar gazte ikasiak, eta hau handicap handiegitxoa da nolabait gainditu nahi denean. Izan ere, iraultza ideologiko guztietan europear pentsamenduak etengabeko haria eraman du; etengabeko hari bat terminologian, hiztegian, paraboletan, mitoetan eta beste gaietan ere, eta hori guztia ezagutu gabe inork ez ditu ulertuko europear kulturak. Irakurri berri dut txekiar irakasle gazteek mundu zabaleko literaturari buruz zer dakiten zer ez dakiten mintzo den dokumentu kezkagarri bat; hobe dut, gainera, gogoan ez edukitzea munduko historiari buruz ez dakitena. Probintzialismoak ez du literatura bakarra mehatxatzen, ez, izaera nazionala bera ere mehatxupean dauka.

        Orain gutxi ikusi bide dut Les petites marguerites izeneko filmea, bi neska gazte nazkagarriren historia, artaburuen artean biak zein baino zein konformeago, eta ulertu ezin dezaketen oro inperatu ohi duten horietakoak. Ba nago hortxe ikusi dudala gaur gaurko eta esanahiz betetako bandalismoaren parabola. Zer da, bada, bandalo bat? Bandaloa ez da artaburu kaiku eta analfabeto bat baizik, matxinatu bezain pronto nagusiaren gaztelua erretzen suena. Nire inguruan ikusten dudan bandaloak eguneroko bizibide erosoa dauka. Irakurtzen eta idazten ba daki; bere buruaz poxik baino pozik dago eta, orohar, bengatu beharra sorterazi dion injustiziarik ez du sofritu. Bere eskubide demokratikoetan zankalatraba dabilen harroputza. Mundua bere buruaren neurrikoa egiteko eskubidea daukala uste du. Baina munduak bera gainditzeko hainbat eta hainbat gauza duenez gero, berak mundua apurtu eta bere irudietara erakartzen du. Halatan, adoleszente batek parkeko estatuari burua apurtuko dio, irainez-edo giza neurria gainditzen duelako. Eguna joan eta eguna etorri, kontzientzia historikorik gabe eta kulturarik gabe bizi diren jendeak beren aberria historiarik, oroitzapenik eta edertasunik gabeko basamortua bihurtzeko kapaz dira.

        Gaur egungo bandalismoaren jarrerak polizi-errepresioaren pean bakarrik erortzen dira. Herri-zinegotzi nahiz funtzionariren batek erabakitzen badu estatua batek (Gaztelu bat edo ehun urteko arbol zahar bat berdin berdin) baliorik ez duela eta apurtzeko agintzen, bandalismoa da. Apurketa legal eta ilegal baten artean ez dago benetako diferentziarik; ezeta apurketa eta eragozpen baten artean ere. Ez da oraindik denbora asko txekiar diputatu batek, beste hogeita bat kidekoren izenean, garrantzi handiko maila goreneko bi filme galerazteko eskatzen zuela Parlamentuan. Bi filme horien arteko bat —hori historiaren ironia, hori— Les petites marguerites zorionekoa! Bi filme ditxosoak gogor salatu zituen, ozen esanaz ez zituela ulertzen. Bi obra horien akats nagusia zentsuragileen ulermenaz gain egotea zen.

        Voltaire-k Helvetius-i eginiko idatzi batean ederki zioen: «Ez nago batere ados zuk diozun horrekin, baina azken arnasaraino defendituko dut zuk hori esateko duzun eskubidea». Hau da kultura modernoaren funtsezko oinarri etikoa. Printzipio honen aurka doana Erdi Arora itzultzen da. Pentsamendu-libertatearen aurkako errepresioa, eritzi okerrak galerazi nahi baditu ere, egiaren kontra doa azken finean, egia ezin bait daiteke atxeman parekoen arteko eritzi libreak elkarganatu gabe. Hitzegin eta pentsatzeko libertateari egiten zaion erasoa, nahiz eta hartarako teknika izkutuak erabili, eskandalo hutsa da XX. mendean, eta burni-kate bat gure literaturaren oinean loturik.

        Dudarik ez dago gure arte-emaitzaren hedatzea askatasun giro izpiritual handiago bati zor zaiola. Txekiar literaturaren etorkizuna askatasun giro horri loturik aurkitzen da. Baina askatasunaz hitzekin orduko, zenbaitzuk hortzikaratzen dira eta, berehala, literatura sozialistaren askatasunak ba dituela bere mugak aipatzen dute. Askatasunak beti dauzka mugak, bai, ezagutza, kultura eta abarretik behintzat badatorzkio. Errenazimendua ez du razionalismoaren injenuitateak definitzen (mendeak pasa eta gero, guri azaldu zaigu razionalismoa muga bezala), bere aurretik jarrita zeuden mugen gainditze razional batek baizik. Erromantizismoa eredu klasikoren gainditzeak definitzen du, gainditze beharrezkoa noski barne-edukia berritzeko. Eta literatura «sozialista» hitzak ez du zentzu positiborik izango, gainditze askatzaile bat adieraziko ez duen arte.

        Gure artean ordea beti pentsatu ohi da mugak gainditzea baino hobeago dela mugak zaintzea. Mementuz mementuzko baldintza sozio-politikoak erabili egiten dira pentsamendu-libertatearen muga eta traba franko nola-hala justifikatzearren. Politika bat noiz ote da sendoa, garai bateko mementuzko interesen gainetik epe luzerako esijentziak aurretik jartzen dituenean baizik? Eta txekiar nazioarentzat gure kulturaren indartzea epe luzerako behar bat da.

        Hau dena oraindik egiago bihurtzen da gaur egun, txekiar herriak dituen aukera paregabeotan. XIX. mendean, gure nazioa munduko historiaren albotik ibili zen; gaur ordea historia horren erdi erdian dabil. Baina ez uste, gero, atseginak bakarrik sortzen zaizkionik. Halere, arteari dagokionez, oztopoak beraiek ere aberastasun iturri dira. Eta honela, estalinismoaren proba garratza bera ere inspirazio iturri beharrezkoena bihur daiteke. Niri ez zait oso gogoko estalinismoa fazismoarekin asimilatzea. Antihumanismo batean oinarriturik, fazismoak egoera moral ahul xamarra sortu du: zuztar eta balore humanisten etsai bezala aurkeztu du bere burua, bai, baina balore horietxek ez ditu ikuitu ere egin. Mugimendu humanista handi baten oinordekoa zen berriz estalinismoa, eta honek —nahiz eta dejeneratuaz joan— gorde egin ditu sorburuko zenbait haietako joera, zenbait ideia eta zenbait aspirazio. Horrelako mugimendu humanista handi bat nola gure begi bistan bere kontrakoan aldatzen den, nola gizatasunez hustutzen den, nola giza-maitasuna krudelkeria bihurtzen den eta nola egi-maitasuna pertsekuzioa, etb... horra hor guztiz zabalik gizonari buruzko gure galderari horizonte berriak. Zer ote da historia? zer gizona historian? eta gizakuma bera zer? Galdera guzti hauei ezin zaie proba horren ondoren lehenengo moduan erantzun.

        Eta ez da estalinismoa bakar bakarrik. Herri honen historia osoak —demokrazia, fazismoa, estalinismoa, sozialismoa— arazo nazional berezi xamar bat bereganatuz gain, XX. mende honetan nagusitu diren arazoak bereganatu ditu. Horrek behar bada, Anabasis antzeko hontatik inoiz pasatu ez direnek jarri ohi dituzten baino galdera zabalagoak eta asmatu ohi dituzten baino mito adierazgarriagoak asmatzera eta galdetzera behartzen digu guri. Nazio honek mende hontan beste herri askok baino aldaketa gehiago bizi izan bait du, eta bere jenioa erne baldin badago, baliteke jakin, beste askok baino gehiago dakiela. Gehiago jakite honek bultza lezaioke arruntki onartutako mugak pasatzeko ekintza askatzaileetara; bultza lezaioke giza-izaeraren oraindainoko ezagutzak aberastera; eta bultza lezaioke txekiar kulturari bere norabide, heldutasun eta handitasuna lortzera ere. Oraingoz ahal izate hutsa besterik ez da hori dena, baina gaurko obra askok erakutsi bide dute ahal izatetik errealitatera pasatzea gure indar neurrian dagoela.

        Dena den, beharrezkoa zait nire galderara berriro itzultzea: orain jo lezaiokeen kukua ezagutzen al du gure komunitate nazionalak? Oportunitate hori onartzen al du bere berea balitz bezala? Ba al daki okasio historikoak ez direla errepikatzen ohi? Eta horiek pasatzen uzteak txekiar herriari bere XX. mendea galtzea lekarkiokeela ba ote daki?

        «Ezaguna da —zioen Palecky-k— idazleak izan zirela txekiar nazioa bertan behera galtzen utzi ez zutenak, berpiztu zutenak eta goi mailako helburuetan saiatu zirenak». Txekiar idazleen bizkarrean dago beren nazioaren esistentzia. Justifikatua al dago txekiar nazioaren esistentzia eta bere hizkuntzarena? hil ala bizi galdera honen erantzuna, neurri handi batean behintzat, txekiar literaturaren mailak eman lezake, bere handitasunak edo ahultasunak, bere ausardiak edo ahuleziak, bere probintzialismoak edo unibertsalismoak. Ez dago oraingoz galdera horren erantzun definitiborik, baina kaikukeriaz, bandalismoz, nahiz kultura eta liberalismo ezagatik, gaurko kulturaren indartzea oztopatzen ari direnak, zintzilik jartzen ari dira nazio honen esistentzia bera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.