L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-8 (1988-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

El señor de Bembibre

 

Raúl Guerra Garrido

 

euskaratzailea:
Felipe Juaristi

 

        Beti irakurri izan ditut eta beti irakurriko ditut abenturazko nobelak, nahiz eta, noski, horren irakurketarik sutsuen eta ugariena gaztaroan gertatu zitzaidan. Abentura eta gaztaroa mugimenduagatik definitzen dira, hau da, bitalismoagatik ("zerbait dago mugimenduan" izan daiteke bizitzaren definizio on bat), eta aukerako elkartzeak egon badaude. Nobela sail honi, akzio-gizonaren memoriak betiro, denbora aurrera joan ahala hauxe besterik ez diot eskatzen, anekdotak metaforaren tamaina hartu dezan, hau da, insinuazioak definitu, ezaugarriak insinuatu eta definizioak ezagutuaraztea. Eta denboran, orain milioi bat urte, Salgarirengandik, Faulknerrengana isurtzen nintzenean, Baroja zeharkatuz, egunen batetan nire eskuetan El señor de Bembibre loretu zen, Enrique Gil y Carrasco-rena.

        Hemeretzigarren mendeko nobela horietakoa da, argumento historikoa duena, erromantikoa eta beharbada gotikoa eta bertako trama ez nuke zehazki oroituko baina baieztatu dezaket horren irakurketan nigan sortu zuen lilura; ez horrenbeste deskribatzen dituen ekintzen gora-beherengatik edo-ta prosaren kalitateagatik, biak inolaz ere ez arbuiagarriak, baizik eta nik neuk nobelak aipatzen diren lekuak ezagutzeagatik. Bierzoko nobela da, Galizia eta Leon arteko herri miresgarri horretako eta ni neu bertakoa naiz. Narrazioa honela hasten da memoriak hutsik egiten ez badit: "Viniendo de la feria de San Marcos, en Cacabelos...", ba, horko peria eta herrian musukatu nuen estraineko aldiz neskatxa bat eta hori metaforaren tamaina duen anekdota da, ahaztezina. Irakurketaren inpresioak subkonszientera pasa zen orain deskribatu dezakedana baino mezu inplizito batez, fikziozko abentura eta ohizko geografiaren uztartzeak burura ekarri zidan zera hau, inoiz lur bat ezagutzeko eta bertatik zehar ibili zitekeen protagonista marrazteko gauza banintz, erremediorik gabe nobela horixe idatziko nukeela, nobela paisaia batetan zehar mugitzen ari den gizona besterik ez bait da.

        El señor de Bembibrek badauka estilo amaneratu xamarra baina garbi eta zehatza deskribatzerakoan, Bierzoko herrian Templearen suntsidura, XIV mendean eta horko zaldun bat eta Beatriz izeneko Villafrancako damatxo baten arteko maitasun sutsua. Guzti hori zaldi baten adinako lasterketen bidez, Babieca horiekin konparatuta astotxoa bihurtuko luketenak alegia; gazteluei erasoak, Ivanhoe enanoen tamainakoa bihurtzen dutenak eta ezpata baten diztira, Scalibur itsutu dezakeena. Nobelak nik abenturazkotzat jotzen ditudan hiru lerro mugatzen dituen geometria dauka: heroe indibiduala, maitasun konplikatua eta han bertan gertatzen denarekiko eragin duen giroa.

        Heroe indibiduala don Alvaro Nuñez da, Bembibreko jauna, etsaien aurrean inoiz abantailarik izango ez duena, bai arma eta bai boterean. Bere abantaila bakarra etika da eta bere ausardi eta adimena dela medio irabazi behar dio kontrako zitalari, gaitzaren ikurra den Lemusko kondeari. Honek horrela izan behar du ezinbestean, heroeak zentzumenetatik kanpoko ahalmenak dituenean edo-ta gaiztakeriak burutzen dituenean abentura-saila zientzia-fikzio edo sail beltza bihurtzen bait du. Maitasunak garbia eta erabatekoa izan behar du, behin ere elkartuko ez den bikote batena (bukaera gertakaitz batetan ez bada) eta hala ere heriotzak banandu arte iraun behar duela jakitun direnena: maitasun eternala maitasun frustratuak diren legez, eta gaitzaren indarrak oztopatzen ahalegintzen direlarik, bestela arrosa izango bait da. Giroa, ezinago sujerentea da, Templea duen misterio eta ezkutukoa, hastapen-zeremonia eta erdi praile erdi soldadu direnen fanatismo epikoa barne direlarik: orden horren esoterismoak asko laguntzen dio narrazioaren errealismoari, zorionez, giza gaineko artifiziorik kontutan hartu gabe, izan ere horiek aldrebesten dute aipatzen ari garen sail edo jeneroa.

        Hiru ezaugarri horien esistentzia (testuko datuen zehaztasun soziologiko-historikoaz aparte), gora behera asko eta nabarmenak dituen errelato batetan garden mantentzen direnek El señor de Bembibre abentura-nobela on bat bihurtu dute, eta horren irakurketak txunditu ninduen gaztaroan. Zein eragin izango luke nigan horren berrirakurketak? Ez dakit eta horren oroimen mina galtzeko arriskutan ez naiz eroriko. Konde zitala Cornatelgo gaztelutik behera amildua gorde behar den bibentzia da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.