L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<gaze0900>— Literatur Gazeta-9 (1988-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Jon Mirande poeta intelektuala

 

Joseba Sarrionaindia

 

        Poesiaren historian aldiro irrazionaltasunaren eta inkontzientziaren aldeko joerak ugaltzen dira. Erromantizismo garaian, besteak beste, poesia inspiratu, emozionatu eta espresibo bat indartu zen. Halabaina, paradoxaz, erromantizismotik bertatik sortu zen joera intelektualista, poemagintzan intelijentzia, kalkuloa eta metodoa lehen mailan jartzea zetorrena. Joera honek Edgar A. Poeren bi izkributan ditu, batipat, bere oinarriak: The Raven delako poema eta honi buruzko The Phiposophy of Composition entseguan.

        The Raven edo Belea —Jon Mirandek euskarara itzuliko zuen poema— 1845 urteko urtarrilaren 29an argitaratu zen lehendabizikoz New York hiriko Evening Mirror kazetan. Gerora, Edgar A. Poek bere kreazioaren esplikazio logiko bat eman zuen, dena arrazionalki eta urratsik urrats eraiki zuela frogatzeko.

        Poemaren luzeraz da —The Philosphy of Composition delakoan— Edgar A. Poeren lehen gogoeta. Poema ez da izan behar eserialde batetan irakur daitekeena baino luzeagoa, ez giro poetikoa sortzeko eta efektoa lortzeko beharrezkoa dena baino laburragoa. Edgar A. Poeren ustez ehun lerro da guti gora behera tamainarik egokiena; bere poemak finean ehunda zortzi lerro edukiko zituen.

        Bi. Inpresio edo efekto bat eragin behar zelarik, edertasuna hautatu zuen, edertasuna bait da poesiaren berezko alor bakarra. Atseginik garbi eta sakonena, dudarik gabe, edertasuna soegitetik dator.

        Hiru. Edertasunaren tonorik propio eta gorenena, berriz, tristurarena edo, hobeto esan, malenkoniarena da.

        Laugarren pundua. Luzera, efektoa eta tonoa hautatu ondoren, Edgar A. Poek poema egituratzeko era bat behar zuen. Sarritan erabiltzen den errepika edo ritornelo bat jartzea otu zitzaion. Baina modu berezi batean, agertuko zen bakoitzean bere hitzek zentzu berri bat ekarriaz. Zentzu aldaketa hau lortzeko errepika labur bat behar zuen, hitz bakar edo bikoitza, baina ozen samarra; inglesez bokalik ozenena o luzea da, r aurrean batez ere, eta berehala otu zitzaion nevermore hitza.

        Bost. Ahapaldi bakoitzaren amaierako errepika hori hautatu ondoren, nevermore hori aldika eta modu monotonoan errepikatzeko arrazoia falta zen, ezin zuen pertsona intelijente bat hori esaten jarri, ez luke zentzurik. Eta mintzatzeko ahalmena duen animalia bat heldu zitzaion gogora, loroa. Baina loroa, hegazti koloretsu eta ergel hori, ez zetorren ados poemaren malenkonia tonoarekin. Hobe zen belea, mintzatzeaz gainera beleak unibertsoaren alde ilunekin lotura sinbolikoa duelako.

        Sei. Eta zein da, poemaren gaia hautatu behar delarik, giza gogoarentzat gairik malenkoniatsuena? Heriotza, dudarik gabe. Eta gairik tristeena noiz da poetikoena? Edertasunari loturik datorrenean; eta andere eder baten heriotza da, dudarik gabe, munduan denik eta gairik poetikoena. Eta gai honetaz mintzatzeko ezpainik aproposena, hau ere dudarik gabe, bere amorantearenak dira...

        Zazpigarren pundua. Orduan, bi ideia konbinatu behar ziren, bere amorantearen heriotzagatik etsitzen den gizona eta nevermore errepikatzen duen belea, elkarrekin solasean. Belearen errepikari aldi bakoitzean esanahia aldatu ahal izateko, gizona galdezka jarriko zuen; beleari erantzulearen papera emanaz. Gizonaren lehen galdera arrunta izango zen, ia broman, bigariena ez haiebeste, eta galderen patetismoa gehituz joanen zen ahapaldirik ahapaldi erantzun beti jakin bati buruz.

        Zortzi. Zein lekutan kausituko ziren gizona eta belea? Basoan; larrean? Ez, salan, oraindik ere: andere hilaren oroitgarriak dituen sala dotore eta hornituan. Hegaztia leihotik sartuko zen. Hegatsez kristala ukitzean eginen duen hotsa, gizonak ate dei bat dela uste ukanen du. Atea zabaltzean gizonak ez du iluntasuna besterik aurkituko, bere amorantearen arimak deitu balu bezala.

        Bederatzi. Gaua izanen zen, ekaitz gaua, salako baretasunarekin kontrastean. Belea gauerdi txarrean gordeleku bila gizonaren salako argitasunera zen heldua eta behin salara sartuez gero Pallas Atenearen marmorezko eskulturaren gainean pausatuko da, hegazti lumen eta marmore zuriaren artean kontraste eginaz; estatua egokia da gizonaren kulturarako eta, gainera, izen ozenekoa, Pallas.

        Hamar. Funtsik gabeko galdera batekin hasten den gizonak, erantzuna aditu ahala, bere tristuran murgildu nahi du galdera gehiagorekin, apropos onartzen du erantzun zihurraren oinazea. Salan giroa gero eta tentsoagoa da, gero eta sakonagoa, soluziora arte: gizonak edo bere amorantea beste munduan aurkituko duen galdetzean beleak nevermore erantzungo du.

        Hamaika. Gero beste bi ahapaldi. Azkenaurrekoaren akaberan dago poemako metaforarik nabarmenena. Eta hamaikatik aurrera jarrai liteke konposizio poetikoaren metodoa azaltzen...

        Edgar A. Poeren haria sintetizatzeko, misteriora eta irrazionalera alderaturiko gogo edo imajinazioa zuela esan daiteke, baina literatura egiterakoan ez ziola joera horri amore ematen, artesauaren antzera modurik kontziente eta logikoenean lan egiten zuela.

        Edgar A. Poegandik korronte poetiko oso bat sortuko zen, poesia modernoko korronte inportanteenetako bat. Baina Edgar A. Poek ez zuen horretan influentzia zuzenik eragin. Charles Baudelaire izan zen, batipat, haren obra eta ideiak ezaguterazi eta hedatu zituena. Poeta norteamerikanoak funtsezko eragina izan zuen Charles Baudelaire baitan, inspirazioaren mistika eta irrazionaltasun kreatiboaren ordez zehaztasuna, espiritu kritikoa eta eguneroko lana haintzat hartzen irakatsi zion frantseasari. «L'inspiration, c'est de travailler tous les jours» esango zuen Charles Baudelairek, eta poema ez zen gehiago emoziotik sortuko, baizik eta argitasunetik, gogoeta arrazionaletik eta langintza gogorretik. Beste aldetik, misterioaren eta imajinazioaren aldeko Edgar A. Poeren harian zegoen «L'imagination est la plus scientifique des facultés parce qué seule elle comprend l'analogie universelle» esaten zuenean.

        Edgar A. Poeren tradizioan daude Stephan Mallarmé eta Paul Valery. Stephan Mallarmé, bere lehen poemetan Edgar A. Poe eta Charles Baudelairen jarraitzailea zen, estetika, teknika zein tematika aldetik, gero bilaketa tekniko eta formalak poemagintza propio batetara eramanen zuelarik. Interesgarria da bere Le Tombeau d'Edgar Poe soneto ia indezifrablea errepasatzea, autore norteamerikanoa Le Poète izendatzen duela ikusteko, eta «donner un sens plus pur aux mots de la tribu» esaldi famatu hura bere kontestuan situatzeko. Stephan Mallarmé, bere aldetik, Paul Valeryren maisu bilakatuko zen. Paul Valeryk berdin uste zuen, kreazio poetikoa intelijentzia eta lanaren fruitua dela. Metrikari buruz, esate baterako, Paul Valeryren ustez koakzio eta mugak joriak dira, espresio erreztasunean eta sendimendu primariotan erortzea eragozten dutelako. Materialea gehiago elaboraerazten dute. Paul Valeryren testuetan igartzen den beste proposamen bat, poetak aldiberean kritikoa izan behar duela da, ofizioaren zentzu guzien jabea egin behar duela bere burua.

        Edgar A. Poe ezagutu eta miresten zuen Fernando Pessoa ere, modu orokorrean, poeta intelektualtzat har daiteke. Alberto Caeiro ez. Artzain inspiratuak ez pentsatu ez egin, zentsazioak sendituaz bizi besterik ez luke nahi. Fernando Pessoak, Adolfo Casais Monteirori izkiriaturiko gutun batetan aitortu zuenez, Alberto Caeiroren poema gehienak 1914ko martxoaren 8an izkiriatu zituen, zutik, denak bapatean, estasi indefinitu batetan bezala. Orduan, modu inkontziente eta instintiboan sortuko omen ziren beste heteronimoak ere. Baina heteronimoak ezin ziren sortu bere argitasun kritiko erraldoia gabe. Fernando Pessoak bere bizitza intelektualizatu egin zuen, bere zentzazioak eta sendimenduak esperientzia intelektual bihurturik ematen zituen behin eta berriro. Bestetan, bizi ez zuena imajinatu egiten zuen, intelijentzia kreaziora bultzatuaz. José Régio poetak komentatu du intelektoaren nagusitasun hau:

        «Todavia nunca na poesia portuguesa um poeta levou a tais extremos o exercicio do intelecto —e os jogos vocabulares e conceituosos que o exercicio do intelecto ama introduzir na literatura. Isto sem deixar de ser poeta; sem, pois, deixar de prestar ouvido atento, transmitindo-as pela magia das palavras, às profundas vozes subterráneas do a-racional, do oculto, do inefável».

        Pentsamendu logikoa eta artesaua alde batetik eta imajinazio bisionarioa, misteriorantza lerratua, bestetik, bion elkarketa da Edgar A. Poegandik heldu den korronte poetikoaren ezagugarria. Jon Mirande ere poeta intelektuala da, ez bakarrik Edgar A. Poeren poema itzuli zuelako, edota Les fleurs du mal titulua itzultzeko hitzik egokiena, zithal-lili, bere poema batetan izkiriatu zuelako. Jon Mirande imajinatiboa bisionarioa da, Txomin Peillenek ondo azaldu zuenez malenkoniaren gerizpean dago; Ni ez naiz hemengoa liburuko atal batetan aspekto hau desarroilatzen entseiatu nintzen. Baina grina poetiko horrekin batera Jon Mirandek beste kualitate importante batzu zituen. Jakinmin intelektual handi bat —hizkuntza zaharretatik parapsikologiara eta literaturatik herri minorizatuen arazo politikora eraman zuena. Jakinmin intelektual hori beregan espiritu kritiko azkar batetan gauzatzen zen eta arrazoiz eman die Jose Maria Larreak haren entseguei Lan Kritikoak izena. Bere espiritu kritikoa beste testu askotan ere nabarmena da, poesian bertan ere bai, Otso edo Nil igitur mors est poemei konposizio filosofia legez izkiriatu zizkien ohar argigarrietan igartzen denez. Bere obra erreflesioaren ondorioa da, eta artesau lan eskergarena. Arau metrikoei dagokienez, esate baterako, ahalegin gogorrak egin zituen. The Raven poemaren egitura metrikoa konplexua eta zehatza da. Edgar A. Poek hexadekasilaboak eta erritmo trokaikoa hautatu zuen, sei lerroko ahapaldietan. Lehen eta hirugarren lerroan bi oktosilabo berezi ahal dira. Azken lerroa, errepika gisakoa, oktosilaboa da. Errima bitxi samarra: a-b-d-b-b-b. Barru errima ere erabiltzen du, aparteko trebetasunez, lehen eta hirugarren lerroetan. Jon Mirandek, arau guziok segitzeko, lan gogorra egin zuen bere Belean. Jon Mirande, bere garaiko beste poeta handia den Gabriel Aresti bezala, poeta intelektuala da. Beren lana erreflesioaren ondorioa da, aukera kontzientea eta guziz arrazionala, beren obra kreatiboa eta kritikoa da aldi berean. Eta ondo entelegatu zuten inspirazioa eguneroko lanaren ondorioa dela, idazlearena artesau ofizioa dela.

        Formatik kontenituen aldera iraganez gero ere erlazio nabarmena igartzen da Edgar A. Poe eta Jon Mirande artean. Beren poesia moralismoaren eta didaktismoaren aurka errebelatu zen. Edgar A. Poeren garaian Jon Miranderen Euskal Herrian bezala obra literarioaren balioa sinestearekin eta mezu moralekin loturik heltzen zen. Bata zein bestea, sermoi moralen aurka zeudenez, beren garaiko literaturaren kontrako espaloian jarri ziren. Areago, bai Edgar A. Poek bai Jon Mirandek, arte obraren xedea egia ezik, atsegina dela esan zuten. Poesia eta egia, poesia eta morala ez datoz bat —dio Edgar A. Poek bere The Poetic Principle entseguan. Eta Jon Mirandek euskal irakurleak «dasta eta goza lizantzat» besterik ez du idazten.

        Jon Mirandek bere 20 Poema hautatuentzat izan behar zen hitzaurrerako defentsa autoinkulpazio lerro batzu izkiriatu zituen:

        «Daukat Euskera eta Euskadi gaizkatzea bere lehen jo-muga ukhan behar lukeela Euskalherritar jathor orok; ene aldetik, jo-muga ukhan horren iristekotz, guduka guztietara gerthu nago (gudukiderik non, ordea?). Bainan, neurthizketan dihardudalarik, bertzerik dut gogoan: oroz lehen nihauren eta gogaide bakhan batzuen atseginerako idatzi ditut ene poemak —hots— for the happy few. Aitor dut poeta on batek, den phanteista ala papista, ez dakharkeola herriari... pelotari on batek baino onura gehiagorik. Hain zuzen ere, ene neurthitz ok ez ditut onurarako eginak, solhazerako baino; zilhegi baitzaiku noizik behin jo-muga gurenak aldebat utzita solhazik nolaerebait bilhatzea».

        Edgar A. Poerentzat errealitatea ezin onartuzkoa zen. Mundua ez zitzaion aski, beste mundu batzu asmatu behar zituen, infernuak nahiz arkadiak. Jon Miranderentzat berdin, bere poemak ez dira errealitatearen interpretazioa baizik eta ihesa. Bere jarrera, amerikarraren kasuan bezala, giro sozialarekiko erreakzio bat izan ten. Ifarrameriketako kapitalismoaren hazkunde garaian, demokrazia sistema eta ideologia ia naturaltzat hartzen zelarik, Edgar A. Poek ez zuen berdintasun eta uniformizazio sistema hori onartu, aitzitik, elitearen ideia platonikoak asumituaz, edertasuna eta poesia zer den definitzeko guti batzuren dohai nagusitasuna defendatu zuen. Jon Mirande ere itorik senditzen zen gerlaondoko Parisen, bere arbasoen eta bere baitango munduak itotzen zizkion sisteman, eta erreakzio ideologia bat asumitu zuen.

        Poesia, inguruko gizarte mingotsetik alde egiteko modu bat da. Eguneroko bizimoduaren eta obraren arteko hutsunea oinazez eta perfekzionismo poetikoz gainditzen entseiatu zen, beti mugan. Euskal literaturaren historian Jon Mirande halako autore mugausle bat da. Bere biografiari, bere ideologiari, bere mintzairari, bere gaiei, bere perfekzioaren bilaketari dagokionez, Jon Mirande muga-idazlea da, marginala. Euskal idazle inportante ia guziak, bakoitza bere haroan eta bere mezuarekin, organikoak izan dira: Nikolas Ormaetxea, Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga euskal munduaren fruituak dira. Jon Mirande ez da organikoa, poeta intelektual eta agonista bakartia da. Euskal munduaren azken mugatan sortu eta biziaz, erreakzio ideologikoaren luebakian sartu zen, hizkera literario ia propio bat laboratu, eta euskal gaien mugak hautsi zituen. Bere obrek, berriz, utilitate marginala besterik ez dute.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.