L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Literatur Gazeta-9 (1988-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Pionero eta epigonoak

 

Felipe Juaristi

 

        1. «Escribir en Madrid es llorar» utzi zuen idatzita Mariano Jose de Larra, idazle erromantiko espainolaren ereduak. Handik urte batzutara bere buruaz beste eginen zuen. Galdera: Zenbat denbora iraunen zukeen bizirik gaurko Euskalerrian jaiotzea fortunatu izan bazitzaion?

        2. Azken estadistikek diotenez idazleen artean suizidio indizeak gora egin du, nahiz eta bi klasetan bereiztu behar den: fisikoa, hau da, bizirik gabe geratzen da; etikoa, bizirik dago baina idazteari uzten dioenez, idazle gisa ixiltzen denez, bere ahotsa itzali denez, hilik dagoela pentsatu dezakegu. Eta kontsiderazio honetatik idazlearen definizio hauxe etortzen zait burura: «Idazlea gaixo bat da, bere osasunarekin etengabeko borrokan diharduena, eta borroka horretatik arima arrakalatuta, deseginda ateratzen da. Edo gizonak bere lana hiltzen du edo-ta lanak gizona hiltzen bukatzen du eta idazleak, ahantzi ez dezagun, kondenatua da borreroa baino».

        3. Literatura, salbaziorako idazleak duen taula bakarra da hala ere, literatura heriotza besterik ez bait da, Unamunok ondotxo zekienez. Eta heriotza den heinean ez da kotxe-istripu, minbizi edo Nueva Yorkeko metroko labainkadaz eragindakoa baina okerragoa. Idazleak hil behar du bere obra gera dadin. Literatur lanak iraunen du, idazlea, gizona, erretzen den bitartean.

        4. Norbaitek idazteko ahalmena badu eta ez erabiltzeak zentzu gutxi du. Idazleak idatzi behar du. Baina hona hemen beste galdera: nor da idazle? Bere letren bidez hiltzen dena. Eta euskal idazlea?

        5. Lehenago definitu behar dena kulturaren kontzeptoa da. Kulturaren oinarria memoria da, batez ere memoria historikoa. Naturalezak ez du memoriarik, orainean bizi bait da. Gizon zibilizatuak badu eta memoria argi batez bizitzea lana da. Memoria mingarria, tristea, mingotsa bait da. Hildakoak, iragana, gugana iritsitako esperientzia, beste bizitzen testimonioak, haien afan, gloria eta miseriak... Kultura da guzti honen memoria mantentzea. Oroimenetik sortuko da gainera gizonak egingo duen positiboena. Ezer ahazten ez denean kultura bat sostengatzen da.

        6. Literatura kulturaren atal bat besterik ez da. Eta literatura egiteko hizkuntz idatzia, besterik frogatzen ez den bitartean, beharrezkoa da. Hizkuntzak definitzen du literatura. Hego Euskadin bi hizkuntza elkarrekin, batzutan arerio moduan, bestetan lagun. Idaztea erabakitzen duenak seguruaski hizkuntza ere erabaki beharko du.

        Bi anaiaren sinboloa ez da alperrekoa. Bata txikia, kaskarra, ezdeusa, heldua izan nahi baina ezin duena. Bestea, handia, autosufizientea, nagusia, anaia txikia bizkarrean eramaten duena. Horrelakoak dira bi hizkuntzak gure artean.

        Nahiago nuke beste imajina alaiago jarri. Eman dezagun bi emakume ezagutzen ditugula. Bata ederra, begiratu ezkero zoratzen duena, sirenaren poterearekin. Ezagutu ondoren ezin apartatu albotik. Bestea itsusi xamarra, indargabea inor bera dagoela ohartu dadin. Edertasunak soilik ez du ederra egiten. Maitasuna falta bazaio. Eta maitemindu gaitezke denen aurrean itsusi moduan agertzen denaz. Eta suspiratu ordutan berarekin egoten ez garenean. Atraktiboa ez bait dago beti fisikoan.

        7. Behin literatura Oesteko abenturarekin konparatu nuen. Idazleen artean batzuk pioneroak bait dira eta besteak epigonoak. Pioneroa beti bila dabil, lur berrien atzetik eta aurkitu ezkero asetu du bere nahia. Ez zaio aldegiteaz beste erremediorik. Ezin daiteke inon finkatu. Pioneroaren atzetik epigonoak datoz, aurrekoak aurkitutako lurrean pausatzen dira, errekorritzen dute bere begiekin eta hantxe etxetxo bat eraikitzea erabakitzen dute. Gero lur-sailetan behiak soltatuko ditu. Epigonoak lurra esplotatuko du, azken finean. Eta bizitza osoa pasako du handik mogitu gabe, familia bat sortuz eta beste epigonoekin herriak eraikiz eta postuak denen artean banatuz: bata sheriffa, bestea alkate... Arduratuko dira ere legeak ezartzen, kanpotarrek nahi dutena egin ez dezaten.

        Pioneroa, ostera, bakardadean ibiltzen da, baso-itsuetan irteera bilatu nahiean, erreka bat jaiotzen den iturriaz liluraturik, urtaroez gozatuz, itsasorako bidea zapaldu nahiean, baina beti haruntzagoaren esperantzaz. Ez da behin ere geratzen bere ibilbidea, ondotxo bait daki bila dabilen hori ez dagoela, mitoa besterik ez dela, El Dorado bat. Baina mitoa da Literaturaren euskarria. Eta mitoa, ahantzi ez dezagun, logos da idazlearen eskutik irristatu ondoren.

        8. Zoritxarrez, epigono gehiago dago pionero baino. Pioneroak suposatzen duen espiritu libre eta independienteak ez dira ugariak. Hesiak jartzen dizkiote lurrari, literaturari. Pioneroak orduan ihes egin behar du, urrundu besteen geografiatik, ezkutatu, gutxitan agertu, errespetagarria ez izateagatik kartzelan sartu ez dezaten. Bufalo bat da, zelai eta mendiez aparte ez du beste ezer mundu honetan.

        9. Idazlearen konpromezurik garrantzitsuena idaztea da pioneroarena lur berriak arakatzea den moduan. Beste konpromezuak: politikoak, gizartearekikoak ondo daude idazlea pertsona den neurrian eta horietan ez bait da bereizten edozein pertsona normalengandik. Hala ere gogoratu konpromezurik handienaz betetako literatura txarra ez dela literatura konprometitua.

        10. Kritikoa da legeak ezartzen dituena literatura munduan. Idazlearen zeregina lege guztiak gainditzea denez ez die kasurik egin behar. Nor jarri diezaioke sarea haizeari? Esku batetan gorde itsasoko ur guztia?

        11. Behin enano bat eta erraldoi batek topo egin zuten eta esan zion erraldoiak:

        — Ez dakizu zer suertea daukazun, lurretik hurbil bizi zarelako horko objetuak hobeto ikusi ditzakezu eta horietaz disfrutatu. Neri izugarri kostatzen zait gauza erortzen zaidanean bera aurkitzea.

        — Bai baina... —erantzun zion enanoak.

        — Gainera zuk ez duzu arazorik bizitzeko. Lo egin nahi duzula eta edozein tokitan sartzen zara. Niretzat moduko etxerik ez dago eta izugarri kostatzen zait lo egitea nire tamainakorik ez bait dago.

        — Bai baina... —erantzun zion enanoak.

        — Gainera txikia zarenez edozer gauza janda ere ondo zaude. Nik ordea nere tripa hau betetzeko ez dakizu zenbat komeria egin behar ditudan.

        Orduan otso handi bat agertu zen. Erraldoia ez zuen ikusi ere egin, haren hankak arbolak zirela iruditu bait zitzaion otsoari, baina enanoa bai. Ikusi zuen, harrapatu eta jan zuen.

        Otsoaren ahoan zegoela hauxe besterik ez zuen esaten enanoak: Bai baina...

        Enanoaren kontsueloa da euskaraz idazten dutenena. Diotenez, erdaraz idazten dutenak baino hobeto bizi dira. Otsoak jaten dituen arte.

        12. Euskaraz idaztea negargarria da horregatik. Errazago publikatzen dela. Gaitzerdi! Bere buruarentzako bakarrik idazten duela dirudi. Gutxik irakurriko bait dute euskal idazleak idatzitakoa. Eta alperrekoak dira subentzioak oro, analfabeto funtzionalaren ohiturak aldatzen ez badira.

        13. Optimistenek diotenez euskarak orain arte bizi duen egoerarik ederrenean bizi gara. Optimistenek diotenez ere bizi daitekeen mundurik onenean bizi gara. Ez dira konturatzen bai batean eta baita bestean ere jasotzen ditugun mesedeak propinak besterik ez direla: beka bat eskatzen duzu eta ematen dizutela. Propina! Euskaraz dakizula eta lana duzula. Propina!

        Ez dute gertaerek egoera ezertan aldatzen. Ezer espero ez duenak, dena gaizki dagoela edo-ta dena gaizkiago egon daitekeela pentsatzen duenak beti hartzen du sorpresaren bat bizitzan. Fortuna noizean behin alde duela sinistarazteko.

        14. Nik dakidan poeta batek, Luis Mari Mujikak, eskatu dio publikoki gobernuari hobe dela bere azken toponimiazko lan sekulakoa argitaratzea, karretera bat egitea baino. Alvaro Bermejok publikoki eskatu dio gobernuari subentziona dezala bere lana. 33 sari irabaziak bait ditu, eta erregla horren bitartez, berak pentsatu bait dezake berea funtzezkoa dela Euskal Herriko kulturarekiko.

        15. Azkenik eta bertsotan bukatzeko despedida:

        «Escritor que vienes a Euskadi te guarde Dios uno de los dos Bermejos ha de helarte el corazón».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.