L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Literatur Gazeta aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<gaze1000>— Literatur Gazeta-10 (1988-iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

«Etiopia» ondorengo poesia

 

Jon Kortazar

 

        1. Okzidenteko kultura ez da orohar onartzen. Gure bizitza okzidentalak sortu digun gizarteari alternatiba bila ari zaigu poesia berria. Duda gabe, Omar Nabarroren poesia edo, J.A. Arrietarena bide honetatik doaz. Kuriosoa baino gehiagokoa da Joseba Arregiren heriotza poeta biontzako kantagaia bihurtzea. Beste alde; Miranderen ohiartzuna J.A. Arrietaren lanean, nahiko garbia dela uste dut, «Josu-bar-Joseph» poema gogoratzea baino ez dago. Hirugarren batzuk, ordea, ukazioa droga mundu eta musikarekin lotuz, rock-ak eskeintzen dituen jokerak onartzen dituzte, Xabier Montoiaren Anfetamiña honen adierazpen nahikoa ematen duela uste dut.

        Hiruren artean zeresanik ez, nahiko desberdintasun argia dago. Halaz ere, helburuak eta lorpenak desberdinak izan badira ere, abiapuntua nahiko garbiak agertzen zaizkigula uste dut, eta bizi garen kultura honen ukapena hasiera bezala ikus dezakegu guztiengan.

        2. Mende bukaerako mogimendu bat da hau. Mendeak bukatzen direnean bildurrak hasten dira, eta bildurrarekin batera noraezaren agerpena. Eklektizismoa. Denak balio du, eta ez bakarrik tradizio desberdin guztiak, Sarrionaindiaren Izkiriaturik... liburuan agertzen den bezala, baizik eta liburu baten barnean ere edozerk balio du. Idazlearen gogoaren arabera egiten dira poemak. Tradizio desberdin guztien onarpen honetan, badira adibide desberdin bi nahiko desberdinak berriro, baina bakoitza berean oso argigarriak.

        Bata, lehenengoa, A. Iturbide dugu. Bere Eskaileraren bi aldeetan liburuan, edo hobe esateko, liburuaren agerpen zitetan, lirika modernoaren bide garrantzitsu bi nagusitzat agertzen ditu. Orrialdearen alde batetan, T.S. Eliot, eta bestean Hölderlin, arrotzen artean. Euskaldunengana hurbilduz, alde batetan Aresti eta bestean Lauaxeta. Idealismoa, dezepzioa, analogia, ironia, itxaropen, etsipen arteko banaketa horretan, idazleak, A. Iturbidek, kasu horietan, ez du ez bataren alde, ez bestearen alde egiten, agian bere indarren gainetik dagoen bien arteko lotura lortu nahi luke, XIX. mendetik hona filosofia europearrak sortu dituen bi modu nagusiok lotu eta norberaren —eta hona hemen irtenbidea— barnean konpondu eta, ahal balitz, ezkondu, zeren inoiz A. Iturbidek berak esan duenez, Eskaileraren bi aldeetan (bikoiztasuna, izenburuan ere azpimarraturik) liburuak mundu desberdin biren kontenplazioz sorturik dago: eskailera erreferentzialaren alde batetan taberna dago, mozkorrak, bizitza publikoa —liburuaren lehen zatia—, eta beste aldean, izaki emeen mundu bakarti eta liluragarria.

        Bigarren adibidea, J.A. Arrieta dugu, bere Bertso-paper printzatuak liburuan. Aspalditik esan egin da liburu hau, euskal olerkariei egindako omenaldi eraz eginda dagoela. Azken batean, haren parodia sortu gabe, haien omenaldi egiteko. Metaliteratura huts? Hutsalak balira ondorenak, beharbada. Baina liburu borobil baten aurrean gaudenez, arazo metaliterarioak alde batera utzi, eta goazen beste zerbait ikustera. Liburu honetan, poemarik kultuenen ondoan, bertsoak idazten dira, poema filosofikoen kontra emazteari eta seme-alabei eskeiniriko jolasgarriak. Atsedena behar omen du olerkariak noizbait, erregistroak aldatu, poema-mundua bizirik iraun dezan. Baina, halaz ere batasun-kriterioaren desagerpena ere nabaria dela uste dut. Eta ez diot akats bezala adierazteko, ez, konstatazio bezala, baino; lehenago aipatzen nuen batasun-galera haren adierazgarri eta erizpide gisa, baizik.

        3. Modernotasun hau ez da banguardista. Lehen aldiz gertatzen zaigun fenomenoa mende honetan. Modernitatea ez da banguardiarekin lotzen. Orain ere zentzu estetikoan egiten dut hitz, eta ez etikoan. Badakit, Euskal Herrian badirela honelako juizioak. Etikoek, gazteen puritanismo eta atzerakoitasuna salatzen dute, politikoek honelako postura batek izan dezakeen eskapismo jokaeraz gaztigatzen gaituzte. Baina dagoena dago, eta bestela bonbon. Estetika aldetik poesia hau ez da poesia banguardista bat. Jadanik ez dira esperimentua hutsalak maite honelakorik ere gertatzen bada oraingoz, ere— esan genezake, bada, hitzak esanahia duela bere atzetik, eta esanahia dela komunikatu nahi dena.

        Irudietan sinesten bada ere, ez da surrealismorik egiten, eta Hartze da —gaztea izan arren ez dut uste berria denik— figurazioarekin jarraitu duen, edo aspaldian jarraitu zuenetariko bat—, ez da esperimentuagatik maite. Nobelagintzaz arituz askotan entzuten dena zera da: tekniken inflazioa gertatu dela gure artean, baina zeresana garbi izan gabe (1). Poesia forma aldetik ez bada izan hain oparoa, ez du banguardiaren tentaziotik ihes egin, baina gaur askotan agertzen ez den tendentzia dela esan nahi nuke, edo behintzat guztiok buruan ditugun poeta gazte garrantzitsuengan agertzen ez dena, eta alderantziz, poemak zeresanez beterik daudela uste dut.

        Batetik, estetizismoa nagusi dela deritzot, esan nahi dut konpromisu-poesia egiten den uneetan ere, balio estetikoak ez dira ahazten. Omar Nabarrok adibidez, poema sozialak egingo ditu, bai, baina surrealismotik datorren imajina munduarekin lotuz, edo haikuak hain garrantzizkoak bihurtu ditugunez, gure haiku berezien —kopla zaharren— prekonszientzia karga erabiliz. Estetizismoaren nagusigo horretan iruditzen zait zerikusi handia dutela gure irakurketa sinbolistek. Esan nahi dut, gerra aurreko sinbolismoak —Lauaxeta, Lizardi baino gehiago beharbada— eta gerra osteko izan arren, sinbolismoa gogoz jarraitu zen. Miranderen kasua ere, ez da ahaztu behar. Neurri berean, Arestiren irudia ezaguna izan da gugan, Aresti errealista ahaztu egin dugu neurri batean, eta Maldan Beherako Aresti maitatzen ikasi dugu. Tradizio hau bizirik badago ere ez zait iruditzen poesia sinbolista denik gure gazteena, badu tono barrokoa, duda gabe, badu imaginetan oinarrituriko poesi-mundua, baina sinbolismotik urrun dagoen poesia bat dela iruditzen zait, agian sujerentzia munduak antzekoak izango dira sinbolismo eta modernitate honetan, baina ez zait iruditzen poesia sinbolista denik gurea, gauza askoren artean, itxaropenak ez duelako zeresan handirik, eta beraz ez delako poesia idealista oraingoa.

        Estetizismoarekin jarraituz, baina hitz honetan beste zentzu bat bilatuz, M. Lasa aipatu beharko genuke. Kuriosoa da bere lanean, sinbolismoa esperientziarekin lotzen da —eta esperientzia gaur egunean jokatzen duen papera beherago ikusiko dugu—, eta gainera iruditzen zait, bere lanean badagoela konpromezu politiko ez, etikoa baizik. Lasa sinbolista, existentzialista zela aspaldi esana nuen (2). Baina existentzialismo berezia da berea, larridurarik agertzen ez duena. Ez zitzaidan arraro egin belaunaldi gazteak Lasa deskribitu izana, apostu irabazia zen hori, hitz guttitan esateko, Lasak, Lasaren lan poetikoak, gure sensibilitatea aurre-ikusi zuelako, berangan jada present dagoelako.

        Poesia sensibilitatearekin loturik ikusten duen poetengan Lasak ikaragarrizko influentzia izan duela esango nuke, eta izen bi aipatzeke geratu ez daitezen, bada F. Juaristi, eta T. Irastorza aipatuko nituzke.

        Tradizio mota asko. Bide desberdin anitz. Estetizismoaren inguruan, agian bai, baina guztiak jotzen du bide zertxobait nahaspildutsutik. Eklektizismoa, dena onartzen da eta denetarikoa egiten da. Eta berandutu baino lehen, zera adierazi beharko nuke ziur asko. Hamarkada honetan agertzen diren poetek ez dutela belaunaldi bat osatzen. Gaurko egunetan literatur-taldeak direnik ere zalantzan jartzeko arrazoi bat baino gehiago dago. Olerkariren batek idazten dudan hau irakurtzen duenean, bere izena berarekin zerikusi handirik ez duten beste batzuen ondoan ikusiko du, ziurren. Eta arazo bategatik edo beste bategatik ez du gogoko izango. Eta ankaz gora botako du lan hau. Horregatik jarraitu baino lehenago egin behar dut zehaztapen hau. Ez naiz ari belaunaldi bat osatzen, pekatu larria litzateke, literatur-belaunaldietan askorik sinesten ez duen batentzat, niretzat, hain zuzen.

        Eklektizismoak eta tradizio desberdinak horixe dakarte beraiekin batera, osotasun falta.

        Arazoa larriago bihurtzen da gaur egun, batasun falta poesia beraren ezaugarri nagusi bat denean, olerkari bakoitza bere bide propioa biltazen eta azaltzen ari denean.

        4. Norbera adierazteko gogoa.

        Erromantizismo berritzat ezaguna da aro hau. Ez dut definizio sinple horretan sinesten, baina duda gabe, egozentrismo nagusi bat azaltzen zaigula, bai eguneroko bizitzan, eta baita ere poesian. Gaur egun, gure poesia gaztean, badago gauzak, mezuak adierazteko gogo izugarri eta garbia. Baina norberak bere burua azaltzen duen neurrian, argitzen du bere mundua (kasu honetan mundu poetikoa). Zer kontatzen du gure gaurko olerkigintza honek?

        Batez ere bere mundu propioa. Españako poesiaz hitz egiterakoan hauxe diosku F. Rubiok:

        «A la vista de lo que circula estos últimos tiempos hay que reconocer que estos poetas no se hacen gran problema por encontrar el adjetivo antepuesto más apropiado, mantienen el tono épico y descriptivo de los períodos duros, pero se instauran como testigos oculares y críticos de la violencia múltiple que la sociedad contemporánea extrema. Como viven trágicamente el pulso entre sus fantasmas y todo lo que impide la satisfacción de sus necesidades vitales, sus textos suelen estar salpicados de noticias, anécdotas y situaciones cotidianas que describe también la canción urbana».

        Eta horrela gertatzen ote zaigu guri ere? F. Juaristi bere teletipoari kantatzen, O. Nabarroren egutegi esperimentala egun-eguneko oharrez beterik. Eta bukatzeko, Atxagaren poema berriak, mikro narrazioz osaturik. Berriro gertatzen zaigu gorago aipaturikoa. Gai poetikotik urruntzen bagara, osatasunen bat aurkituko dugu idazleen artean, hurbildu ezkero, nahiko desberdinak agertuko zaizkigu guztiak.

        Halaz ere, iruditzen zait, Atxagak esan zuen bezala:

        «Badakigu bederen, ez dela posible lehen pertsonan mintzatzea».

        Eta horrekin batera erromantizismoarekin amaitzen zuela uste zuen arren, intimismo (eta ez diot erromantizismo) berri bat agertzen dela gaur egungo lirikan. Adibideak ematen hasi ezkero, saldoka dira intimismo horren alde jokatzen dutenak. F. Juaristi bere denbora nostalgiaz harrapatu nahirik, T. Irastorza metafisika barnekoi eta berekoi bat sortu nahiez, I. Zabaletaren eskuaren fereka.

        Eta beste asko. Baina batetik, intimismoa ez da erromantizismoa, eta bestetik intimismo horrek ezaugarri bereziak ditu.

        Intimismoa ez da erromantikoa, neurri handi batetan, ez delako idealista. Intimismo honek ez du jadanik munduaren aldaketan sinesten, ez du progresoaren kontzeptuan konfiantza handirik. Aurrerapenak izango dira, izan badira ere, teknologikoak, baina aurrerapen teknologikoek ez dakarte aurrerapen moralik. Ilustraziotik hasi eta sinistu izan dugun bezala Mendebalde osoan. Beste alde, historiaren zentzu utopiko hori ere galdu egin da. Esan nahi dut, historiaren ideia bera aldatzen doakigu gure munduan. Ilustrazioak eta haren ondorena izan zen Iraultza burgesak, historiaren kontzeptu aurrerakoia ekarri ziguten beraiekin. Historiak mundu honetan jarraipen aurrerakoia izango zuen eta geroago eta hobeak ginen neurrian, historiak ere geroago eta hurbilago izanen litzateke bere azken helburuetatik. Helburu hoiek zerikusi handia dute Utopia eta Paradisuaren agerpenarekin. Zerikusi estua, azken batean ia gauza bera dira, denbora linealak sortzen duen agerpenarekin, aurrerapenek, eta eboluzioek bukatu behar dute Demokraziaren idealak mundu osoan zehar agertzen, eta hedatzen.

        Baina gaur egunean poetek ez dute jada jarraipen historiko horretan federik. Historia bera ez da —eta horrela diote azken ikerketek— jarraipen bat, baizik eta mito bat, kontakizuna. Ez da horrenbestez jarraipen eta aurrerapen, baizik eta jarraipen eta aurrerapenen kontakizuna. Aurrerapena eta jarraipena kontalariaren buruan dago, baina inondik ere ez errealitate historikoan. Postmodernitatea izan badugu, modernitateak zuen historiaren kontzeptua gainditu duelako da izan, garatu, eta ez da hemen erabili behar betiko argumentu xinplea. Historia ukatzen badugu, ukazioan bertan dago baieztapena, zeren gaurko egunek egiten dutena ez da ukatu, baizik eta sinesten utzi, modernitateak sinesten zuenean, sinestu ez. Filosofiatik poesiara iraganik, zera ikusiko dugu: B. Atxagak —eta berriro zitatu beharko dut Etiopia— denbora borobil baten aurrean jarri gaituela. Eta denbora borobilak hemen ironiaren denboran sartu garela esan nahi du, ez dugula jadanik sinesten historiaren aurrerapen linealean.

        Oraingoak, eta bizitzak du nagusitza. Beraz, poeta gazteak, garbi izango ditu oinarri biok: batetik, hedonismoa, eta gozamena hainbat arinen gozatu behar da (Luigi Anselmi, Zoo ilogikoa), eta bestetik literaturak mundua aldatzeko indarrik ez duela sinestea.

        Literaturaren indar falta hori eta Sarrionaindiari irakurri nion Punto y Hora aldizkariak 1985ko ekainean argitaraturiko ale batetan. Baina uste dut, hori presente, oso presente dagoela idazle guztiengan, nahiz eta alderik konprometituenaren alde agertzen diren idazleengan. Eszeptizismoa, nagusitzen da, orduan. Idazleak Marionetak, marionetatzat bezala idazten du eta ez profetak, profetantzat bezala. Norberaren neurrietara eginiko poesia bat da. Eta norberaren neurriak txikiak ohi dira, eta gure poesia osoak gehienak hartzen du horrelako tono menor itxura. (T. Irastorzaren poesia osoa horrela idatzirik dagoela uste dut), eta norberaren neurria, norberak maite dituen pareta artean gordetzen da.

 

                Mintxa gaitezen birtuteaz.

                Izan nahi eta izan ginenaz.

                Ala, dena ahantziz, inguratzen gaituzten

                pareta zurbil hauek jasotako

                zoriontasun guztiaz.

                        (Iñigo Aranbarri. Jonas Poisson).

 

        Eta paretaren artean aurkitzen dira 2 postale nipon, 3 hegazti poema, 5 harri dizdiratsu. «Apunte» izenarekin ezagutzera eman duen poema honetan agertzen zaigu zer den gaurko poesiaren bidea. Gauza hoiek pentsakizun nagusien ordez:

 

                Zer espero zenuten, ba?

                Erneguarekin amestea?

                Nortasunaren arratroa

                Bakardadearen berri?

 

        Desagertuak dira ideia nagusiak eta guk postal niponez eta harri txintxarrez lagundurik egin beharko dugu gure bidea. Berarekin batera etorri da existentzialismoaren galera. Jakin badakit ez dela oraindik bukatu heriotza eta bizitzaren amaiera tratatzeko joera —inoiz bukatu ote da?—, baina jadanik agertzen ez dena, existentzialismoak sorturiko larridura da. Jakin badakigu hiltzera goazela, baina hori ikusita eta konstatatua dago, ia gehiagorik ez. Ikuslari neutrala balitz jokatzen du poetak:

 

        Hemen lur borobilaren begi gorrian, ez da hiltze luzerik ez eta hilobirik. Gauzak oro, idazkian ongo ontu ondoan, airean lehertzen dira, barne hezetsu beroak xurgaturik. Gorputz hilen ondakin idorrak, haizeak eramaiten ditu itsasoen itzulian. Gero eguna argitzerakoan, lurreratzen dira, urrezko hauts, airean hunkigai.

                        Jon Casenave

 

                Herioaren konstantzi biguin hori

                koltxoi ilezkoaren zulo bilkorrean

                hain iraunkor...

                eta amaia.

                        T. Irastorza

 

                Zer ginen. Zer izanen garen.

                Galderak, hordiunean barreiaturik,

                Espaloi gautuetan esnatzen dira,

                Baina jainkoek ez dugu letzerik ahal.

                Eta hala ere arratsero,

                Ekiaren dekadentziaz mendiratzen gara

                Otaloreak begiratzeko

                Eta ez dugu beste ezertan erreparatzen,

                Pinportek, denborari otoizka,

                Pixkanaka, pixkanaka zabalduz

                Ixiltasunean irensten gaituztenarte.

                        Iñigo Aranbarri

 

        Gure artean galdu dena ez da horrenbeste heriotzaren gaia, baizik eta heriotzarekin ezer galtzen ez delako inpresioa zabaldu zaigu. Heriotza-gaiak bizirik dirau, baina jadanik ez du larrialdirik sortzen. Itaunak, gehienez.

        Literaturak mundurik aldatuko ez duelakotan gaurko poesiak bere bizitza hedonismoz bizi du, edertasunean edertasuna ederki gozatuz, eguneroko bizitzan balioak aurkituz. Beste idazleren batzuentzat, hedonismoaren beste izena, beste maskara nihilismoa da. Eta zeharo garbi azaltzen dituzte nihilismo horren ezaugarri nagusiak.

        «Sociedad posmoderna significa en este sentido retracción del tiempo social e individual, al mismo tiempo que se impone más que nunca la necesidad de prever y organizar el tiempo colectivo, agotamiento del impulso modernista hacia el futuro, desencanto y monotonía de lo nuevo, cansancio de una sociedad que consiguió neutralizar en la apatía aquello en lo que se funda: el cambio. Los grandes ejes modernos, la revolución, las disciplinas, el laicismo, la vanguardia, han sido abandonados, a fuerza de la personalización hedonista; murió el optimismo tecnológico y científico al ir acompañados los innumerables descubrimientos por el sobrearmamento de los bloques acrecentado de los individuos, ya ninguna ideología política es capaz de entusiasmar a las masas, la sociedad posmoderna no tiene ni ídolo, ni tabú, ni tan sólo imagen gloriosa de sí misma, ningún proyecto histórico movilizador, comporta, sin embargo, ni tragedia, ni apocalipsis» (3).

        Behar bada, diagnostiko hau ez da osoz gureganatzen, batetik gure gizarte euskalduna, oraindik oso politizatua, oso mobilizatua, zehatz eta mehatz agertzen ez duelako, eta bestetik poesiaz eta literaturaz ari beharrean, soziologiaz ari delako. Baina parrafo hauetan ez ote dago marraztua gure aurpegiaren maskara? Ez tragediarik ez apokalipsirik, ez ote da gure poesia gaztea definitzeko, ongi marrazteko enblema ederregia? Baiezkotan nago, salbuespenak salbuespen. Eta agian salbuespen bat izanen genuke Patxi Ezkiaga, bere Armaggedon eta bere Gernika liburuetan giza-akabatzearen tragediaren larridura kantatzen duelarik. Baina bere kasua ere ez da pentsakizun honen borobiltasunetik urrutzen. Duda gabe, Ezkiaga dela gure artean eta poesiaren aldetik diot, katastrofismo baten arriskuaz hitz egiten duen bakarrenetarikoa. Halaz ere, eta Ezkiagarengan oso presente diren erro idealistak ukatu gabe, zer irtenbide ematen digu? Orainarte Ezkiagak izan duen aztertzailerik sakonenaren hitzetan. Erzibengoaren hitzetan.

        «Patxik ez du herri honen nortasuna aldatu nahi, baina, bere jatorria aztertu nahi du. Euskal lehen gizonaz sakondu nahi du... Baina nori idazten dio Patxi Ezkiagak?... Nire ustez, Patxik ez du populu prefabrikatu batentzat idazten, eguneroko espaloiak ibiltzen dituen gizaki ororentzat baizik... Mundu masifikatu eta despersonalizatu honetan Patxi Ezkiaga Lasaren poesia eskergarria da, bitxia eskuratzea da» (4).

        Zer goraipatzen da testuotan? Gizabanakoaren garrantzia, irakurlea —«bizitzako espaloiak ibilten dituen ororentzat»— kontutan hartu izan dela, euskal lehen gizona, mundu masifikatuetatik at, pertsonalizazioaren bila: horra hor orain-oraingo ezaugarriak. Lirika idealista bai, baina gaurko soinekoz tolestua. Eta hori gure poesia gaztearen artean, «helduenetarikoa» aipatzen dugula.

        Ez tragediarik, ez apokalipsirik, esaten genuen. Eta horrela dela uste dut gehienetan behintzat. Existentzialismoaren beste larridura hura, hau da nire buruaren larriduraz larritu beharrean, herri honen bizitzaz —eta heriotzaz— ardurarazi egiten zigun larridura hura ere ez gehiegi aipatzen. Jarraitzen du Gandiagak bere lanean, baina herriaren desagerpena eta gorazarrea ikuspegi banakoz egiten da gehienetan.

        Guztiaren gainetik beste balio bat agertzen zaigu ipar eta faro-argi bezala:

        «En la era posmoderna perdura un valor cardinal, intangible, indiscutido a través de manifestaciones múltiples: el individuo y cada más proclamado derecho a realizarse, de ser libre en la medida en que las técnicas de control social despliegan dispositivos cada vez más sofisticados y humanos» (5).

        Masifikazio eta despersonalizazioaren garaian, Erzibengoak ere lasaitasuna, pakea, bakartasuna eta Vivaldiren sinfoniak eskatzen ditu baldintza sine qua non bezala Ezkiagaren poemak irakurtzeko. Nortasunaren gorazarrerik oparoena, beraz.

                «Gogaiturik nago.

                Gogaiturik egoteko garaia baita.

                Ez dakit noiztik, ez dakit noizarte».

        Lehen pertsonan idaztera itzuli dute luma gure idazle gazteek. F. Juaristi hasi zitzaigun, eta T. Irastorzarengan ere nagusi da hitzaren tratamentu hori.

        Nitasunaren berragerpen honek ez ote zerikusirik izango hedonismoarekin, edo beste era batez esateko nitasunaren garrantzi ezinbestezkoarekin? «Ni naiz munduan gauzarik garrantzizkoena, eta hori lehen pertsonaren bitartez erakusten dut. Eta ni naizen honek neurtzen du nire nitasunetik mundua» esaten digute idazle eta poeta gazteek.

        Nitasun eta historiaren ukapenaren arteko zubi bat ere utzi digute idazle gazteek. Den denek hitz egiten dute oroimenaz.

 

                «Bizitza osoa dugu ahazten ikasteko

                baina nahikoa dugu argitasun une bat

                barrutik gauzak ikusten asmatzen dutenei erreserbatua bestalde

                errealitatea dakusagunez mozorrotzen zaigunean

                konturatzeko oroimenaren ariketagatik

                garena izateari uzten diogula

                eta iragan xehegabea batetako sekuentzia bihurtzen.

                Iraganean bizitzea orainari irautea da.

                Orain, nire memoria ere gordetzen ez denean.

                        F. Juaristi

 

                «Ganbaretako kabia ahaztuetan

                amonen magal-maitasuna bersentiturik

                urrumatuak gintunan lehen edur-matazen gomutaz

                geroaren gomutaren sintesiaz:

                oroimena gorde genezala

                esan zigun...»

                        A. Iturbide

 

        Oroimena oraina bizitzeko bidea da. Baina orainean aurkitzen du bere oinarri eta tokia. Iraganak ez du esistentziarik berez, eta ez da esistitzen. Memoria, oroimena, kondairaren objetibizazioa deuseztatzea da. Oroimena iraganaren irakurketa pertsonala besterik ez da. Ez da esistitzen iragana, nire iraganaren nire ikuspegia baino. Ez dago joandako denbora eskuratzerik, nostalgia bihurtzen ez badugu, gure ikuspegi propio eman gabe. Ez dago historiarik, nire historia dago. Besterik ez.

        Honek guzti honek frogatzen du gaurko intimismoak zerikusi gutti duela idealismoarekin. Baina horrez gain, esaten genuen ere intimismoak ezaugarri bereziak zituela.

        Intimismoaren aurreneko ezaugarria, esperientzian oinarriturik agertzea da. Konturatzen garenez, esperientzia-kondaira-intimismoa oso loturik diren kontzeptuak ditugu gaur egun. Esaten genuenean, intimismoak ukatu egiten zuela pertsonala ez zen kondaira bat, beste hauxe esaten ari ginen: olerkariaren esperientzian oinarrituriko poesia batetan aurkitzen garela.

        Esperientzia ere, norberak bizitutakoa, agertzen da gure gazteen poesian.

        Goazen lehendabizi kanpozo idazleen agerpenak entzutera:

        1) Julia Castillok adibidez, zera adierazten du:

        «Amo la poesía en que a pensamiento (lírico que decía Juan Ramón) y emoción se unen un sentir y una experiencia que no son sólo poéticas (J.E. Crilot, Emilio Prados)».

        2) Bere aldetik, Andaluciako José Lupiáñezek ere kontzeptu antzekoak darabiltz poesia mugatzeko orduan:

        «Mi poesia pretende ser meditación sobre la existencia».

        Esperientzia eta bizitutako bizitzak ematen du hainbat inspirazio bide gaurko poesian, ez da jadanik Orixek deitzen zuen Goi-Arnas hura, gehixeago du zerikusirik behe-arnas batekin. Eta poetak bere mundutxoa erakusten digu, ez honen garrantziaz harroturik, umil apika, baina jakinda mundutxo hori dela geratzen zaion mundu bakarra. Eta horregatik eskeintzen du.

        Esperientziak historiaren irakurketa berri bat eskatzen duen neurrian, agintzen dio olerkariari kontutan hartzeko aldaketak soilik gertatzen direla norberaren barnean, eta ez gizartean. Eta horrela nagusitzen ari zaigu —askotan erromantizismo merke bezala— xamurtasunaren nagusitasuna.

        Xamurtasuna osatzen eta agertzen ari den sentimendu berria dugu. Iturria niretzat ere ahaztuxea egon da. Baina orain gutti sorpresaz beterik ikusi dudanez, Etiopian du bere gordelekua. Etiopia liburuak era berean mogimentu desberdin bi sortzen ditu. Batetik etsipenaren garaia heldu dela adierazten du ozenki. Bestetik xamurtasuna proposatzen du aurkibide eta estalpe bakartzat. Liburuan antiheroienganako xamurtasuna estali gabe zegoen. Geroztik gauzak argitu eta areagotu baino ez dira egin. Lirika berriak bilatzen du lainoz eta irudi difuminatuz zabaltzen ari den sentipen nagusi bat. Xamurtasun hitzaz deituko dut, jakinda behar bada, horretan etorkizunerako utopia baten oihartzuna edo deia dagoela. Xamurtasunaren maskara, beste izena nostalgia da. Baina maitagarria maitatua agertzeko joera nagusi hori bietan geratzen da berdin. Eztiz eta kolore garbia dira gaurko gozotasunaren bide jarraitua.

 

                «Jakingo duzu

                bizitza luzatzen dela krepuskoloaren intensitateaz».

                        F. Juaristi.

 

        Eta berriro hasi gara maitasuna eta erotismoa kantatzen. Xaharkitua eta harrak janda genituen sentipenak berriro agertzen dira gure artean.

Kanpoko idazleek garbikiroago azaltzen omen dute sentipen bera:

        «La atención e interés que los poetas antologados prestan al mundo que les rodea, es general. Se dibujan atlas y geografías verbales, se describen calles y tiendas, bares y balcones, insistiendo en detalles pintorescos, poblando los versos de personajes entrañables... Interesa la ciudad por dentro, la casa, la intimidad de los objetos familiares, su pervivencia y universalidad» (8).

        Egunerekotasunaren sinbolizazioa, xamurtasunak eraginik, duda gabe. Eta J.A. Arrietak bere alaba eta semeak izango ditu kontutan —emaztea ahaztu gabe, noski—, F. Juaristik bere etxeko objetuak eta gauzak ditu kantagai. T. Irastorzak bere poemetan ingururik arruntena erakutsiko digu. Jokera naturalistagoa erabilten du O. Nabarrok, eta exotikoagoa I. Aranbarrik.

        Bukatzeko ordua ailegatu zaigunean, ondorio bi utzi nahi nituzke garbirik:

        1.— Oraindik goizegi dela honetaz lan egiteko. Poesia berriari buruz lan egin beharrean, hobe egingo genuke, irakurriko bagenu. Goizegiko abiadura honegatik batez ere idazle bakoitzaren nortasuna geratzen zaigu garbian.

        2.— Halaz ere, badirudi denen artean badirela lotura zenbait. Agian, Lois S. Pereiroren poema baten zatia har genezake dibisa eta slogan nagusi bezala:

 

                «No future Anarchy & Destroy me

                cause I love them because they're like you».

 

        Etorkizunik ez, Anarkia, orekarik ez, eta bukatzeko estalpe bakar bezala, zu zeu, eta ni neu.

 

 

        BIBLIOGRAFIA

        BARELLA, J.: «Prólogo» in «Después de la modernidad». Anthropos. Barcelona, 1987.

        LIPOVETSKY, G.: «La era del vacío. Ensayos sobre el individualismo contemporáneo». Anagrama. Barcelona, 1986.

        RUBIO, F.: «Hacia la constitución de la poesía española en castellano. Un lustro desasosegado». (Propuesta ficción) in «El estado de la poesía». Monografías de los Cuadernos del Norte. Oviedo, 1986. Págs. 47-56.

        RODRIGUEZ GOMEZ: «Introducción» in «Desde a palabra, doce voces. Nova poesía galega». Sotelo Blanco. Barcelona, 1986. 9-30.

        PRADO, B.: «Los dulces ochenta» in «Urogallo, 12» (1987), 22-30 or.

        VATTIMO, G.: «El fin de la modernidad. Nihilismo y hermenéutica en la cultura posmoderna». Gedisa. Barcelona, 1987, 2 arg.

        ELKAR LANEAN: «La posmodernidad». Kairós. Barcelona, 1985.

 

        AZTERTURIKO EUSKAL POEMA LIBURUAK

        ANSELMI, L.: Zoo ilogikoa. Pamiela. Iruña, 1985.

        ARAMBARRI, I.: Jonas Poisson. Susa. Donostia, 1986.

        ATXAGA, B.: Etiopia. Pott. Bilbo, 1978.

        ARRIETA, J. A. Bertso-paper printzatuak. Elkar. Donostia, 1986.

        EZKIAGA, P.: Armaggedon. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz, 1986.

        EZKIAGA, P.: Gernika. Erein. Donostia, 1987.

        JUARISTI, F.: Denbora, Nostalgia. Baroja. Donostia, 1985.

        IRASTORZA, T.: Derrotaren fabulak. Pamiela. Iruña, 1986.

        IRASTORZA, T.: Gabeziak. L. Haranburu. Donostia, 1980.

        CASENAVE, J.: Ordu alferren segida. Elkar. Donostia, 1985.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.