Mendi gallurretatik
(Aus hohen Bergen)
Fr. Nietzsche
Euskaratzailea: Jon Mirande
(Ene eusko "adiskide zarrei"
itzulpen au opa diet. Mirande'tar Jon.)
Oi bizi-eguerdi au! Yaiaroa!
Oi uda-baratza!
Ezin egonezko zoriona zutik, zelatan eta zai:
adixkideen nago zai, gau ta egun gertu.
Non zaudete, adixkideok? Zatozte! Ba da ordu! Ba da ordu!
Ez al zan zuentzat izotz arrea
gaur larrosaz apaindu bai'da?
Zuen billa dabil latsa, irrikiz oldartzen ta bultzatzen
dira gaur aize-odeiak ortze urdin gorenean,
urrunetik zuei begiratu-naian txori begiz.
Gorenean ipiñi dut naia zuentzat:
nor bizi da izarretatik.
Leize-ondo latzenetatik aiñen urbil?
Nire yaurerria zein yaurerrri da, edatzenago?
Eta nire eztia nork du dastatu?...
Or zarete, adiskideok! Ondikoz, ni ordea en naiz
ikusi nai zenuten ura!
Zalantzan zaudete, arriturik ai, obe aserre ba'zindezke!
Ni ez naiz ura gehiago? Aldaturik eskua, urratsa, arpegia?
Eta naizena, zuentzako adixkideok ez naiz?
Beste bat billakatu naiz? neure buruari arrotz?
neure buruari iges egiñik?
borrokari bat, maizegi beraren burua garaitua?
maizegi beraren indarrean aurka gogor egiñik,
beraren gurendak zauritua ta lotua?
Billatu dua aizeak zorrotzen emaiten duen lekuan?
Ikasi dut bizitzen
iñor bizi ez dan tokian, artz zurien eremuetan,
aztu ditut Yainkoa ta gizona, biraua ta otoitza?
iratxoa billakatu naiz, izotz-gaiñean ibildari?
Adiskide zârrok! Ikus! Orain so zaitutet zurbil,
maitez ta beldurrez beterik!
Ez, zoazte! Ez aserretu! Emen ezin bizi zindezkete
emen, urruneneko izotzetik arkaiztegiraño,
eiztari bear da izan ta orkatz-antzeko.
Eiztari gaiztoa egin naiz!Ikus, zeiñem gogorrik
edaturik daukadan uztaia!
Indartsuenak du azkon au yaurti:
zoritxar aatik! Galgarri bai'da geza
beste edozin baiñoago, utik emendik! Zeuen onetan!...
Atzera zoazte? Oi biotz au, aski yasan dut,
eure itxaropena sendo egon duk:
adiskide berriei euki ateak zabalik!
Zârrak utzi! Utzak oroipena!
Lên gazte ba'intzan, orain obeto gazte aiz!
Iñoiz elkartu ginuen Itxaropena baten lokarri ortan,
nork irakur ditzake oraindik
maitasunak orduan idatzitako ikur margulak?
Larruki batekin arakatzen dut, eskua ikutzera
auzartzen ez dana, larrua antzo oritu ta kiskaldurik.
Adiskide ez gehiago, oik dira nola esan bada?
adixkideen iratxo bakarrik!
gabaz yotzen didate oraindik bai biotzean ta leioan,
so egiten didate ta itz: "adiskide giñan orraitio?"
Oi itz zimeldu ori, lên larros urriña zeriona!
Oi gaztaroko irrikia, okerreretu dana!
Irrikitzen nituenak,
nire kide ta niretaratu uste nituenak,
zârtzeak ene gandik aldendu ditu:
Aldakor dana baizik ez dago nire kide.
Oi bizi-eguerdi au! Bigarren gaztaroa!
Oi uda-baratza!
Ezin egonezko zoriona zutik, zelatan eta zai!
Adixkideen nago zai, gau ta egun gertu,
adixkide berrien! Zatozte! Ba da ordu! Ba da ordu!
Abesti au amaitua da, irrikiaren orru otsana
aoan il zait:
azti batek du egin, mugoneko adixkideak,
eguerdiko adixkideak ez ¡ez galda nor dan
eguerditan zan, bat bitu bai da...
Orain ospa dezagun, garaipen batuaz ziru,
yaien yaia:
Zarathustra adixkidea yin da, arrotzen arrotza!
Orain parrez dago lurra, itzalkin beltza urratu da,
argi-ilunpeen ezkontza etorri da...
|