Labayru Ikastegiak
1981eko abenduaren 3an aurkeztu zuen
Bilbon Idatz & Mintz aldizkariaren lehen zenbakia, eta
harrezkero beti-beti Literatur Atalen Sorta azpitituluaz.
Gaurdaino 27 aldizkari eman ditu argitara, horietatik bost zenbaki
bikoiztunak; orotara beraz 32 zenbaki 2001eko urria bitartean.
Mikel Zarateren "Idatz eta Mintz" izeneko alegia bat da lehen
zenbakiko lehen testua, bide batez aldizkariari izena eman diona.
Mikel Zaratek euskararen gainean zituen kezkak eta ardurak laburbiltzen
zituen, eta agiri programatikoa ere bazen. Azken batean, hori
izan da Idatz & Mintz aldizkariak hartu izan duen egitura:
aho-literaturako eredurik ederrenen aurkezpena, tradizio idatziko
testu-txatal jakingarrien aurkezpena eta gaurko idazle gazteen
sorkuntza-lanak.
Leopoldo
Zugazarengandik sortu zen aldizkaria eratzeko ideia (hasierako
asmoz, literarioa baino zabalagoa izateko: musika, artea eta literatura),
eta berari zor zaio diseinua eta grafismoa, gaur egun Ikeder etxeak
burutzen duena. Aldizkariak Adolfo Arejita izan zuen lehen zuzendaria,
laguntzaileak Jon Kortazar, Jesus Mari Agirre, Jesus A. Etxezarraga.
1990. urtetik Igone Etxebarriak hartu du gidaritza. Idatz &
Mintz Bizkaiko idazle askoren plaza eta plataforma bihurtu
da; berton argitaratu izan dute estreinakoz idazle hauek: Jon
Arretxe, Miren Agur Meabe, Unai Elorriaga, Laura Uruburu, Roberto
Mielgo, Lourdes Unzueta, Andres Urrutia, Edurne Urkiola, Jesus
A. Etxezarraga... eta kolaboratzaile-talde finkoan dihardute baita
ere: Jabier Kalzakorta, Iñaki Sarriugarte, Ritxi Lizartza,
Arantza Etxebarria, Asier Astigarraga...
|