L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Kandela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Kandela-10 (1984-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Altazor

II kantua

 

Vicente Huidobro

 

euskaratzailea:
Tere Irastortza

 

        Vicente HUIDOBRO CRUCHAGA (1893-1948) poeta txiletarra, Santiagon jaio zen baina berak bere "Prefacio"an zioenez "Jesukristoren heriotz egunean, hogeita hamairu urtetan jaio" omen zen.

        Pierre Reverdyrekin "kreazionismo"a sortu zuen, azken joera poetikoen aintzinako: dadaismo, surrealismo, ultraismoa... Hala ere "poetes maudits"en artean kokatu nahi zuen bere burua eta ez abanguardisten artean.

        Gaztelaniaz eta frantsesez, poesia nahiz prosa idatzi ohi zuen.

        Agertzen den itzulpena Altazor poemaren II. kantua da. Urteetan zehar Altazor osoaren irakurketa argi baten saioak egin badira ere, oraindik ere ezin esan lortu denik, eta denek bere garrantzia onartzen badute ere ez da errez zergaitik esatea, izan ere zati arrazoinaleenetan ere adierazten dena ez bait da borobiltzen.

        II. Kantua, lehenengoaren jarraipen zehatz bezala agertzen ez bada ere, bere merituagatik eta bere "bakartasun"agatik osotasunean ezer galtzen ez duelako orrialde hauetara erakartzeak pena merezi zuela uste izan dugu, eta argitarapen orijinala eskura ahal baduzu irakurketak poz handia emango dizulakoan gaude. Bestalde, interesgarri iruditu zaigu hizkuntza batek dituen mugak eta poesi itzulpen batek dituen zailtasunen erakusgarri.

 

Emakume mundua zure begiek mueblatua dago

Zerua altuago egiten da zure presentzian

Lurra luzatzen da larrosarik larrosa

Eta aidea luzatzen da usorik uso

 

Joatean izar bat uzten duzu zure lekuan

Iragaiten den itsasontziak bezala uzten dituzu erortzerat zure argiak

Suge fidel eta malenkoniatsu bat bezala

Nere kantu sorgindua jarraitzen zaizun bitartean

Eta zuk burua bueltatzen duzu astroren baten atzean

 

Zer liskar jaregiten da ostondoan?

Argi-lantza horiek planeta artean

Harmadura gupidagaitzen islada

Zer izar odolisurlek enbazo egiten du bidean?

Non zaude gauzale triste

Amets-basoan egurasten zaren

Infinito emale

 

Honazu itsaso bakarti artean galdua

gauean txori batengandik erortzen den luma gisa bakarrik

Honazu hotz-dorre batean

Zure ezpain itsastarren oroitzapenak babestua

Zure gogaldi eta adatsen oroitzapenak

Argitsu eta aske mendiko ibaiak bezala

Joango al zinateke itsu izaitera Jainkoak eman eskudun

Berriz itauntzen dizut

 

Zure bekainen arkua zabaldua zure begien armetarako

Erasoan hegadun garaile zihurra lore arrotasunarekin

Nire izenean mintzo zaizkizu harri kolpatuak

Nire izenean mintzo zaizkizu zeru gabeko txorien bagak

Nire izenean mintzo zaizkizu haize gabeko paisaiaren koloreak

Zure memorian lokartua

Nire izenean mintzo zaizu artalde uzkurra

Nire izenan mintzo zaizu latsa desestalia

Abenturari loturiko belar oraindik biziak

Argi eta hodeiertzeko odol abentura

Emendatzen den loreak baino babes gutxiagodun

haize apur bat badabil

 

Lautadak zure lurrin hauskorpean galtzen dira

galtzen da mundua zure ibilkera ikuskor azpian

Dena bait da artifizio zu agertzean

Zure argi arriskutsuarekin

Armonia xalo neke ta ahazte bagea

barrurantz arrodatzen den malko osagai

Bildurrearroz eta isiltasunez eraikia

Denbora zalantzerazten duzu

Eta infinitu instintudun zerua

Zugandik urrun dena da hilkor

Hilzoria gauek apaldu lurrera jaurtikitzen duzu

Zure baitan pentsatuak bakarrik du eternitate zapore

 

Hona hemen iragaiten den zure izarra

Zure itomen urrunen asnasekarekin

Zure keinu eta zure ibilkerarekin

Gau lekuez bereizten gaituen

Agurtzen zaituen ostondo magnetikoarekin

 

Hala ere oharterazten dizut izar berari josiak garela

Zuhaitz gisara astindutako errainu erraldoi berak

Batetik bestera

Luzatutako musika berak josiak garela

Gaitezen zeru puskata hori

Abentura misteriotsua iragaiten duen zeru mutur hori

Amets petaloetan lehertzen den planetaren abentura

 

Alferrik ahaleginen zinateke nire ahotsetik ihesegiten

Eta nire laudorioen harresiak saltatzen

izar berak josiak gara

Eztarrian erritual sakratua duen

Ilargien erresiñolari lotua zaude

Zer axola zaizkit gauaren zeinuak

Eta nire bularrean dezaketen erroa eta oihartzun funerarioa

               argitzen duten enblemak

Eta nire begietara kaosean zehar norabide gabe datozen irla horiek

Zer axola zait lorezko beldur hori hutsartean

Zer axola zait ezeraren izena

Desertu amaiezinezkoaren izena

Edo ordezkatzen duten borondate edo ardurarena

Eta desertu horretan izar bakoitza oasis desio

Edo zantzu eta heriotz banderak diren

Nire nirea den eguratsa dut zure arnasean

Zure begiradaren segurantza sinistezinezkoa bere konstelazio isilpekoarekin

Bere berezko hizkuntza haziarekin

Zure kopeta argitsua Jainkoaren eraztun bat bezala

Ezer baino tinkoago zeruko floran

Aztoratzen den unibertsoaren zirimolorik gabe

Zaldi bat bere errainuagatik zeruan bezala

Berriz itauntzen dizut

Joango al zinateke itsu izaitera Jainkoak eman eskudun?

 

Zure ahots hori dut babes guztiz

Zure baitarik bihotz taupadez ateratzen den ahots hori

Eternitatea jausten den ahots horietan

Eta esfera fosforeszente pusketetan apurtzen da

Zer zitekeen bizia jaio ez bazina?

Hotzez hiltzen ari den mantu gabeko kometa

 

Liburu ahantzi batetan malko bat bezala kausitu zintudan

Zeure izen sentikorrarekin lehendik ene bularrean

Hegan doazen uso hotsez eginik zure izena

Zure baitan dakarzu bizi gorenagoen oroimena

Nonbait topatu Jainko batena

Eta zure barrenean zeu zinela oroitzen duzu

Aspaldiko txoria poetaren giltzan

 

Amets murgildu batetan amets

Lotzen den adatsak eguna dagi

Askatzean adatsak gaua dagi

Bizia oroitezean begiztatzen da

Zure begiak bakarrik bizi dira munduan

Itomen gabeko planeta sistima bakarra

              Goietan ankuratzen den azal bare

Sare eta estratagema guztietaz landa

Argi berartekotuaren indarrean

Zure atzean beldur da bizia

Gauza ororen sakontasuna bait zara

Iragaiten zarenean mundua errege gisako bihurtzen da

Malkoak zerutik jausten entzuten dira

Eta arima lokartuan ezabatzen duzu

Bizi izatearen garratza

Bizkarretan arin egiten da ludia

Nire poza haizearen boza zure adatsetan entzutea da

(Hots hori urrutidanik dazagut)

Txalupak kulunkatzean eta ibaiak zuhaitz enborrak errekatzean

Hargizko lanpara zara ekaitzean

Ileak haizez ipurdi

Zure adatsak zeinetara bait doa eguzkia bere ametsik onenen bila

Nire poza munduko ganbaran zuri bakartadean so egitea da

Logureturiko printzesa baten eskua bezala

Usain piano bat gogoraerazten duten zure begiekin

Paroxismo edari bat

Usain emateari uzten ari zaion lore bat

Zure begiek bakartatea hipnotizatzen dute

Hondamendiaren ondoren jiraka darraien gurpila bezala

 

Nire poza dantzuzunean zuri begiratzea da

Ur zolaruntz doan argi izpi hori

Eta liluraturik geratzen zara luzez

Itsasoaren baetik iragandako hainbeste izar

Ez du deusek orduan halako zirrarik

Ez haize eskez ontzi-tantai batek

Ez infinitoa ukituz aeroplanu itsu batek

Ez zintziri baten gainean lo datzan uso demakratuak

Ez ba hego zigilatudun ostadarrak ere

Bertso baten parabola baino ederrago

Arimarik arimara gau zubi batetan luzaturiko parabola

 

Begiak ipintzen ditudan leku guztietan jaioa

Burua altxaturik

Eta adats guztia lau haizeetara

Mendiko muxal baten irrintzia baino ederrago zara

Bere arima osoari ihes egiten uzten dion itsasontzi baten sirena baino

Lainotartean nor bizirik atera dabilen faroa baino

Udan haizeak zeharkatutako enara baino ederrago zara

Itsas hotsa zara udan

Txunditasunez jositako kale jendetsu baten hotsa zara

 

Zure begietan dago ene loria

Zure begien apainkeri eta barru dizdiraz

Zure begiradaren iskinarik sentiberenean eseririk nago

Betile mugikaitzen isiltasun estatikoaren azpian

Zure begien zolatik aztikeri bat irteten ari da

Eta ozeano haize batek kizkurtzen ditu zure begininiak

 

Ez zaio ezer parekatzen zure presentziak uzten duen hazi kondairari

Bizitzera ekarriko duen izar hilaren bila dabilen ahots horri

Zure bozak inperio bat dagi ortzunean

Eta zure baitan aidean eguzkiak esekitzeko asmoz bezala jeikitzen den esku hori

Eta infinitoan munduak idazten dituen begiratzen hori

Eta eternitatean xuxurla entzuteko gurtzen den buru hori

Eta bide lotuen jai den oin hori

Eta eterraren pindarrak oratzera datozen betazal horiek

Eta zure ezpainen branka puzten duen musu hori

Eta irrifarre hori zure biziaren aurrean zutohial bat bezala

Eta zure bularreko mariak zuzentzen dituen sekretu hori

Zure ditien gerizpean lokarturik

 

Hilko bazina

Izarrak bere lanpara biztuagatik ere

Bidea galduko luteke

Zer Litzateke unibertsoa?

 

HUIDOBRO. «II Canto» in Altazor. Temblor de Cielo. Cátedra. Madrid. 1981. 85-91 or.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.