L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-1 (1984) —Hurrengo artikulua




 

 

Xalbador sariaz, negarra darigula

 

Manolo Karakol

 

        Aspaldidanik pentsatzen zuen lerro hauek idazten dituenak lantxoren bat egitea Xalbador sariari buruz. Ideia faltarik ez, non argitaratu hauek arazo latza genuen, ordea.

        Gure aldizkaritxo hau kaleratzekotan zebilelarik, Nafarroan dugun literatur sariketa bakarrari buruz gauza dexente esateko parada izango genuela pentsatu genuen. Eta hara non aurrea hartu ziguten.

        Izan ere, Azaroak 19-an "Navarra Hoy" hartu eta hor gai honi buruz artikulo bat zetorren. Harriturik irakurri genuen ("Xalbador Sariari buruz?" "Euskaraz?" "Non?" "Noooooon?" "Navarra hoy esan duzu?"). Eta gure harridura haundituz joan zen artikulua irakurtzen genuen bitartean. Zeren Martikorenak (hauxe da artikuluak zeraman sinadura) idatzitako eritziak oso zuzenak iruditu zitzaizkigun.

        Honek egiten zituen kritikek hiru aldetara jotzen zuten: Epai mahaiaren kritika, "gure aburuz ez da batere serioa Nafarroako literatur sariketa bateko epaileak euskara batua erabat arbuiatzen dutenen artean aukeratzea", konbokatoria edo deialdiaren arauen kririka bera, "mamiz eta tankeraz hain ezberdinak izaki, nola demontre hautatuko du epai-mahai batek egilearen kaskotik atera den ipuin sorta landua eta bailaraz bailar ibili ondotik, ikertzaileak osaturiko kanta bildumaren artean?", eta hirugarrena, liburu irabazleen argitaratze falta, "zazpi urtetan Aurrezki Kutxak liburu irabazle bakar bat eman du argitara". Guzti honekin erabat ados gaude, Xalbador Saria narrazio edo ipuin sariketa bihur dadila esaten duenean ados gauden legez.

        Beraz, bat gatoz "Navarra Hoy"ean agertutako artikuluarekin, baina urrutiago joan nahi izango genuke; Xalbador Sariak ez du ezta Nafar idazle euskaldun bat sortu, Zabaletaren kasua kenduz (Xipri Arbelbideren kasua eta Orberena berdin berdinak ikusten ditugu) eta hau bakarrik olerkigintzan. Eta ez du idazlerik eman hemengo agintariek (berdin dirudunak ala kargu politiko bat dutenak) hori gerta dadin nahi ez dutelako. Iñork ez duelako gaia, euskararena, seriotzat hartzen, edo eta serio planteatzen denean, euskaldunak (batuaz edo edozein euskalkiz mintzatzen direnak) baztertzeko edo izorratzeko planteatzen delako ("Uff —pentsatuko dute— falta zaiguna, entera daitezela euskara kultur hizkuntza izan daitekeela"). Hau ez da berria baina esan beharra dago.

        Gainera, Nafarroa "ofizialean" euskara gaia politikoa da eta Xalbador Saria bezalako ekintzak zenbait jenderen abotsa estaltzeko edo zenbait politikoren burua zuritzeko balio badezake ere, ez du inoiz euskal idazlerik sortzeko balio izango, bere helburua ez baita hori. Garbi dago, hau aldatzen ez den bitartean, Xalbador Saria apaiz folklorista makina baten babesa besterik ez da izango, euskara "gure arbasoengandik etorri den museo batean gorde behar den hizkuntza bitxia" dela pentsatzen dutenen babesa, eta ez euskara hizkuntza normalizatu eta bizia bezala ikusi nahi dugunon sariketa.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.