L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-1 (1984) —Hurrengo artikulua




 

 

Liburu ta idazleak

 

Kakabeltz

 

        Jaio berria den aldizkari honen asmoa zenbait liburu eta idazleren kritika —kritikaren izena merezi baldin badu ondoren botatzen dizuegunak— egitea da.

        Lehendabiziko honetan Italo Calvinoren lanak eta Lertxundiren azkeneko liburua aukeratu ditugu.

 

        Italo Calvinoren azkeneko lanak

        Kuban jaioa, 1.923 urtean, gurasoak italiarrak. Gaztea delarik Italiara doa. Partisano dabil "Brigadas Garibaldi" izeneko gudataldean. Alderdi komunistan sartzen da. 1.956 urtean, Hungriako gertaerak direla medio uzten du militantzia. Hortik aurrera "Il menabo de letteratura" aldizkariak, bere nobelek eta Italiako martxa intelektualak betetzen dute bere bizitza.

        "El Baron Rampante", "El Vizconde Demediado", "La Nube de Smog", "Jornada de un interventor Flectural" izeneko ipuin on bezain ederren idazlea, duela hogei bat arte idatzitako ipuinak.

        Orain bere azkeneko idazlanak ezagutzeko dugu aukera. Hoietako bat "Punto y Aparte. Ensayos sobre Literatura y Sociedad" da. Honetan, 1.947tik 1.980ra Calvinok idatzitako artikulu eta saiotxoak biltzen dira. Guztietan Calvinok, ideien sakontasuna, munduko literaturaren ezaguera paregabea eta maisutasuna gauzak kontatzeko momentuan erakusten dizkigu. Bere erizpide ta ikuspegiak arrunt interesgarriak gertatzen dira.

        "El italiano, una lengua entre las demas lenguas", "La Antilengua", "Definiciones de territorios: lo cómico, lo fantástico, lo erótico", "Para quién se escribe?" bezalako artikuluek pensatzera eta eztabaidatzera gonbidatzen gaituzte. Liburuari bukaera ematen dionak, "Los niveles de la realidad en Literatura" hain zuzen ere, 1.978 urtean argitaratua, nondik nora doazen oraintxe bertan Calvinoren kezkak erakusten digu. Izan ere, artikulu honetan azaltzen diren burutapenak "Si una noche de Invierno un viajero" —Calvinoren azkeneko nobela— sor erazi dute.

        Eta orain sartuko ginateke nobela hau komentatzera. Laburpen gisa, Calvinok literaturarako duen ahalmen guztia garatzen duela "Si una noche..." honetan esango nuke. Eta jaun honen ahalmen literarioa izugarria da. Liburuaren estruktura bikoitza da; Alde batetik bere liburua bukatu ezin duen irakurle baten istoria kontatzen zaigu. Beste aldetik irakurleak lehenbiziko liburu hori berreskuratzeko irakurri behar dituen liburu guztiak daude. Prozedura hau ez da berria, antzeko zerbait gertatzen zen "La tia Julia y el escribidor" Vargas Llosaren liburuan, esate baterako. Baina Vargas Llosaren liburuan prozedura hau egilearen narkisismoaren zerbitzurako erabiltzen zen. "Si una noche..." nobelan, ostera, Calvinok estilo eta literatur aro guztien parodia bat egin dezan balio du. Parodia umoretsu, fina eta gustu onekoa.

        Eta behin Calvinorekin sartuz gero ez ahaztu "Las Ciudades Invisibles", aurten bigarren edizioan argitaratu dena. Prosa poetika zer den jakiteko liburu ona.

 

        Hamaseigarrenean aidanez

        Jakina denez, Andu Lertxundik irabazi zuen nobela honekin joan zen urteko Azkue Saria.

        Idaztea ofizioa ez dela esaten dutenei Lertxundiren hasierako lanak irakurtzea eskatuko nieke, gero "Hamaseigarrenean Aidanez" honekin konpara dezaten. Kriston aldea dago lehendabiziko ipuin pobre haietatik azkeneko nobela heldu honetara.

        Idazle bat bere aitaren jaioterrira doa, eta hor aspaldin egindako apostu bat arakatzen du. Azkenean gertatu zen guztiaz jabetzen da idazlea, egia osoa deskubrituz. Hauxe litzateke nobelaren gaia. Nobelaren zehar trajediaren pertsonaiak mintzatzen dira eta beraien hizketen bidez gizarte rural baten koadroa osatzen da.

        Hala narratzeko teknikak nola gaiaren tratamenduak G. Marquez dakarkigute burura (ikus "La Mala Hora", "Crónica de una Muerte Anunciada").

        Nobela ona, ongi idatzia eta ederki buruta. Gainera, eta honek gezura badirudi ere, irakurtzeko erreza. Irakur ezazu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.