L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-2 (1984) —Hurrengo artikulua




 

 

Pamiela eta bere ingurua

 

Potoli

 

        Literaturari buruzkoa izan nahi duen aldizkari batek ezin du ezikusiarena egin "Pamiela" bezalako fenomeno baten aurrean. Pamielaren sortzea izan baita literatur mailan Iruñan gertatu den gauzarik inportanteenetarikoa azkeneko mende hauetan. Garbi dago, beraz, "KORROK" honetatik zer edo zer esan behar dela aldizkari jaio berriari buruz.

        Pamielak izan nahi du gaur egungo egoera kultural pobre honen bultzagarri. Horretarako dexente ari dira mugitzen errebistaren batuta daramatenak (aurkezpenak, ikuskisunak, emanaldiak...). Zein neurrian erdietsi duten helburua nekez neur daiteke, baina esperatzekoa da zenbait kontzientziaren astintzailea izan dadin. Aldizkaria kalitate onekoa bazen, orain proiektu hobetu nahian, editoriale gisa edo hasi dira funtzionatzen. Lan berri honen fruitu "Pequeña Cronica", Antoñanaren liburua dugu lekuko. Txalotzekoa da Pamielaren ekipoak eskaintzen digun lana. Nafarroako idazlerik handiena denaren lan bat argitaratu bait digu. Hala ere, asuntoak baditu bere alde, nola esango nuke nik, eztabaidagarriak edo eta moskeanteak behintzat.

        "Pequeña Cronica" liburuaren aurkezpenaz ari naiz. Idazle ezezagun eta madarikatu bat errekuperatu nahi denean, idazlearen irudi berari eman behar zaio inportantziarik gehien, eta ez errekuperatze lan hori egin duenari. Hau hola ez bada, gainera, guztiok hartzen dugu susmo berbera; idazlearen figura bere "salbatzaileen" buruak zuritzeko erabiltzen den aitzakia besterik ez dela alegia. Eta guk, egia esanez susmo hori hartu genuen. Merezi du aztertzeak zenbait baieztapen eta jarrera. Hala nola, —baieztapenaz ari gara— "si alguien merece que se hable de él en euskera, ese es Pablo Antoñana" esaten zuenarena adibidez. Zer ari gara ba, euskera merezi duenari ipintzen eta merezi ez duenari kentzen zaion medaila bailitzan erabiltzen? Hala dirudi. Grabe deritzogu KORROK-en aburu hori. Dudarik gabe luzaro hitz egin liteke Pamiela eta euskararen erabilpenaz bertan. Hurrengo batean agian.

        Bestalde —orain jarreraz ari gara— ezin dugu ulertu zer pintatzen zuen liburu horren aurkezpenean janzkeraz, portaeraz, jokaeraz eta diskurtsoz Antoñanarengandik hain urrun zegoen zenbait jendek, eta berriz susmo berbera datorkigu burura: Omenaldi hau ez ote da, omendu nahi denaren figuraren gainetik pasatuaz, zenbait narzisok bere buruari eskeintzen dion espektakuloa jende aurrean montatutako numeritoa? Ez dakigu oker gabiltzan, baina hala pentsatzen dugu.

        Hala eta guztiz ere, kritikak ez luke zorrotzegi izan beharko, Pamiela bere osotasunean merezi ez duelako, baina iñork ez pentsa besteok begiak ikusteko eta garuna pentsatzeko ez dugunik. Bestalde, zihur gaude Pamielak hitz egiteko emango duela aurrerakoan ere. Beraz, hurrengo alean "Pequeña Cronica"ren kritikatxo txiki bat saiatuko garela esanez, hurrengo arte.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.