L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-3 (1984-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

 

Ari-tu-en parada

 

Anjel Lertxundi

 

        Sail berri honetan, primizia gisan, Anjel Lertxundi, idazten ari den nobelaren zatiño bat eskeintzen dizuegu.

 

Egun guztiko zer egin faltaren eta laster zetorkidanaren nekazioak Donostiako hotel batera eraman ninduten. Denbora, patxada eta kiriorik gabeko gorputza behar nituen. Fokker zaharretik ikusitako oroitzapen bandazoen lainoa desegin behar nuen, edo, gutxienik, difuminatu.

        Arratsaldeko zazpi t'erditarako nintzen hotelean. Lehio zabalenek ibai aldera jotzen zuten hotel hartako gela txiki bat hartu nuen. Portuz portu hainbat hoteletan aurkitutako bizitzaren zentzu eta nortasun nagi berberak aurkitu nizkion gelari. Eta, gainera, izendatu zidaten gelako leihoak ez zeuden ibairuntz begira, hezetasuna eta narraskeria nabarmenak zituen patio gris batera baizik.

        Gela erakutsi zidan neskak afal orduak adierazi zizkidan baina hoteletik kanpo afaldu nahi nuela adierazi nion.

        — Ba al dago hemendik gertu lasai afaltzeko tokiren bat? Ez dadila garestiegia izan.

        — Alde Zaharrera edo Amara ingurura jo beharko duzu. Nonahi aurkituko dituzu zuloak.

        — Betiko tokitan?

        — Eta zein dira zuretzat betiko tokiak?

        Farre egin nion. Ez nintzaion bizitza kontatzen eta nire alkandoraren neurriak ematen hasiko.

        — Berdin da.

        Eta gero:

        — Moldatuko naiz. Hala uste dut behintzat.

        Alde zaharrera jo nuen. Nire burua jendez inguraturik ikusi nuenean aurpegi ezagunen bat topatzeko aukera aldrebesak ikaratu ninduten eta nortasun apartekorik gabeko jatetxe txiki batean sartu nintzen.

        Karta ekarri zidaten berehala. Ez nuen buruhaustetarako gogo larriegirik eta etxeko menuaren berri eskatu nion zerbitzariari. Porru patatek eta eskalope tristeak ongi asetu behar zuten nire sabel ardurarik gabea.

        Presarik gabe ekin nion afariari baina tarte handirik gabe, horrela afariari hogei bat minutuz amaia eman niolarik.

        Kafea eta kopa eskatu nituen ondoren.

        Ez zuten haiek ere luzaroan iraun.

        Ordaindu, kalera irten eta oraindik beranduegi izan ez eta kaleak jendez betexeak zeuden arren, afal aurreko ikarak galduak nituen.

        Lepoa inguratuz gerrirainoko sokaz loturik egurrezko bandejatxo bat zintzilik zeraman bata gris baten barruan sartutako gizon grisaxka inguratu zitzaidan oihuka, zerbait erosiko niolakoan:

        — Aspirinas, hojas de afeitar, naipes y baratijas ...aspirinas, hojas de afeitar, naipes y baratijas...

        Eta ondoren, jendea ez zela gehiegi arduratzen ikusi ondoren, ahots mehe, bihurri batez:

        — ...y toda clase de citas.

        Ez nion jaramonik egin.

        Baina agurea atzetik nuen jarraika, oihuka ozenki batzutan, mehe bihurri gehienetan eta ezin nuen tipoa gainetik kendu. Haserre bota nion:

        — Hoa popatik hartzera, txo!

        — Mutrikuarra?

        — Eta hiri zer?

        — Badiat hiretzat modukorik.

        Mutrikuarra ote nintzenaren galderak berritu zizkidan ikarak. Taberna batean sartu eta kaleko zurrunbuiloan utzi nituen agure zarpailaren arrenkurak. Eta errosario luze batean bigarrena besterik izango ez nuen kopa eskatu nuen.

        Ez dakit non igaro nuen gaua. Toda clase de citas-etan seguruago leiho zabalenek Urumeara jotzen zuten hotelean baino.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.