L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-3 (1984-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Zornerik ez da lehertzen, usteltzen baizik

 

Burupilpil

 

Gizonak, zakar franelazko jantzi urdinaz, xakaren botoi guztiak leporaino obligazioz loturik, hegoaldeko eguzkiaren bero saminaren azpian, bere gazte hezurrak arrastakatzen ditu. Eguzkiak goritutako haren irudimena lurrin bihurtzen da eta kotoi odei zuriek burua urgaintzen diote. Gainbizitzeko arrazoiren bat aurkitzeko, bere buruari ahopekatzen dio barne barneko zurrumurruaz zein, bestaldetik, auskalo nora bideratu oihua baita:

        "Hiru urte jadanik, eta erdi. Denbora tolesgabetuz noa iraganezko egun horitan. Erremediorik gabe hamaika orduk bere ez-denbora zintzilikatzen dit eta nigan bilusten du kolore neketsua.

        Zaldun naiz neure pausoen gainean. Gaur, zaldiak irrintz egiten du eta erotzen da, zorabioak gorabotatzen, oskorriak odolusten ditu eta bere burrunba arkaitz honen aurka jotzen du.

        Ene atzo jazarritakoa, muturloturiko haserre gaur bat da, eta gaur honek berrarturiko argizko bihar sukarki bat itxoegiten du.

        Baina nere kateek neure biziaren ordez hitz egiten dute eta nere biziak neure herri apurtuaren ordez mintatzen du! Burni gehiagok karraskotsa dardaratuko du, hau herri hau bere zauriaz aika ari den bitartean.

        Denbora gehiago igaro behar da. Egun asko gehiagok horidura bilustuko du larru hotz askorengan. Une batean agian, lokietatik burdinsareak jalkiko zaizkit eta askatasunaren lilurak egurastuko dizkit bekokiaren goibelak. Bainan beste bahitu izango da eta beste goibel, nere herriari haren odolezko min beroa darion artean.

        Bai, nere denborak kateak luzatuko ditu eta oraindik hauen altzairuek zainak tenplatuko dizkidate.

        Baina bost axola neure orduak, beranketek herria usteltzen dutenean! Ongi baitakit nola, azkenik, zorne pilaturikoa lehertzen den, gorputzari botatako hainbeste kate askatasunarentzat metraila bihurtuz..."

        Gero, gizona, ohartxaloek haren belarri izututakoen puskaketa besterik ez, edifizioaren itzaletan sartzen da, giltzarrapoen zarata atzean utziz, eta bere gelara mantsoki doa, non, mahai aurreko aulkian eseririk, geografiaren liburu baten orrialdeak irekitzen baititu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.