L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-4 (1984-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Manuel Irujok burua jasoko balu...

 

Korrok

 

        Hona hemen, 1984.eko Maiatzaren 30ean "Navarra Hoy", "Egin", eta "Deia" egunkarietara bidali ondoren, argia ikusi ezin izan duen ipuin korrokeroa.

 

Batzokije nahasturik zegoen. Azkoitiako Kaballeritoak amarekin ohean etzan ondoren, aita alderdia adardun utzita, saldu zuen ama behor alkategai baten truke. Jelkide kaskasoil, tripontzi, zahartu zakil bigunek oihukatzen zuten: "Orain arte gutxi izan bagara, hemendik aurrera alderdirik gabe, gainera". Emakume Abertzale Musgobatza muturik zegoen. Kalbus Aberias gazteak (107 urte) kolpea ematen zion Karlos Erdietxolakoari eta boterea lortzen zuen, "Ayatollah"ren azpijokoa zela kausa. Valdizarbeko zelulakoek (hiru jelkide eta sei sinpatizante) zahatoari ekiten zioten kaguendioska ari ziren bitartean, hitz hauek marmariatuz: "Quién le manda a uno de Puente meterse en estos fregados. Estos vascos son la hostia."

        Kalbus Aberias gaztea, protesis, anteoju, makila eta beste gainerakoak hartuta, Iruñea zeharkatzen zuen jelkide berrien bita. "Ez dago beste erremediorik —esaten zuen azkenean—, gestora osatzeko Sahino Arañaren belarri inkorruptua erabili beharko dut."

        Nola esan, hala egin. Hurrengo egunean Kalbus Aberiasek hasten zuen ibilaldi luze bat Nafarroa osoan zehar, Artikutzatik Kortesera, Uztarrotzetik Ziordiara, txistulari batek eta lau monagilok —zeinek Sabinoren belarria Aralar mendiko haritzez egindako paliopean bait zeramaten— laguntzen ziotelarik. "Sabinoren belarri inkorruptuak egingo du mirakulua, aste batean izanen dut gestora jelkidez beteta" pentsatzen zuen Aberiasek.

        Bainan Aberiasen alderdikide izandakoek ez zuten horren erraz etsiko, ez. Bai to! Aitzitik, kontraerasoa atontzen zuten, Leireko kuarteletatik. "Gartzia Iñigez, Fortun Gartzes, Peñalengo Santxo, Gartzia Santxez, etor zakizkigute laguntzera" zioen Koldo Ameslarik, malkoak zerizkiolarik. "Hago lasai —erantzuten zion Kabatxueppsek— oraindik ez dugu azkeneko hitza esan." Hau bezalako eskena hunkigarriak etengabe suertatzen ziren. Hautsez estaliriko mandatari bat agertu zen ustekabean Leireko kriptan. "Zer berri?" galdetu zioten burukideek. "Albiste txarrak, halajainkoa! Aberiasek ekar erazi du Sabinoren belarria Bizkaitik, eta Erreynu osoa ari da zeharkatzen. Mila lagun elkartu omen zaizkio Karkastillon, beste hainbeste Gallipienzon." Orroe ikaragarria irten zitzaion orduan Kabatxueppsi, hain haundia non erregeen hilotzak mugitu bait ziren deserosoki haien harrizko zerraldoetan. "Ez, ez, ez, ezin dugu maltzurkeria hau onartu." "Lasai hadi, Koldo —esaten zion Ameslariri, lur jota ematen zuena— ez dugu falta zaigun bizitzaren zatia prakak saltzen pasatuko. Goazen Mikel Aingeruaren bila. Berak lagunduko gaitu."

        Gau hartan bertan irten zen Leiretik komitiba. Bi burukideak, hamar soldadu, hiru aholkulari, bi dantzari, apaiz konfesore bat. Guztiak zaldi ederrez eta nafar armarri, euskal ikur eta mota guztietako pendonez horniturik. Gau osoa zaldi gainean pasata, egunsentiaren eguzki printzek Aralar mendiko tontorrean harrapatu zituzten. Santuario aurrean jeitsi ziren. "Berorren oin eta esanetara, aita Inozentzio", esan zioten aho batez haien aurrean zegoen apaiz lodi bati. "Ez dago arazorik. Behintzat gure aingeruak argitu ahal ez duena, ez" izan zen bestearen ihardespena. "Eraman ezazue Mikel Aingeruaren irudia zeuekin, eta hark, gupidaturik, bigundu eta leunduko dizkizue bidearen oztopo, aldapa, malda, harri eta malkar latzak."

        Meza, bazkari, eta bedeinkapen on onak hartu ta gero, aingeruaren irudia kide berria zutelarik, Kabatxueppsek, Ameslarik eta bere sekitoak euskal jendearen bihotz ilunduak argitzeari ekin zioten, Sakanako partean.

        Egunak joan egunak etorri, auzia gero eta gogorrago bihurtzen zen, unez une. Kabatxueppsek Mikel Aingeruaren irudia erakutsiz lortzen zituen arrakastak haundiak ziren, bainan Sabino Arañaren belarri inkorruptuaren bidez Aberiasek egiten zituen aurrerapenak ez ziren, ez, makalak.

        Azkenean gertatu behar zuena gertatu zen; Aberias, eta bakoitzaren jarraitzaileak Nafarroako herri batetan elkartu ziren: Lerinen. Eta kasualitateak nahi izan zuen Leringo konte zaharraren jauregi hondakinetan suerta zedila topaketa, elkartze edo enkontronazua. Nafarroako historian zehar sortutako mamu guztiak airean zeuden. Arratsalde euritsu bat zen. Alde batean, Aberiasek bildutako artaldea nabartzen zen zeru grisaren kontra. Milaka erriberatar beltzaran, ile kizkur eta sutsu, beraien jatorrizko ikur, pankarta eta txartelak garbi erakusten zituztela; eta, ikur guztien aurretik, Sabinoren belarri inkorruptua. Belarria lasai zegoen, kristalezko kutxa baten barruan gordeta. Lau bereterrek zeramaten urrezko palio baten azpian. Handia, itzela zen eta oso zurbila. Ile batzu ateratzen zitzaizkion erdiko zulotik. Kalbus Aberias harri baten gainean igo zen eta hitz egiten hasi:

        "Bide okerra aukeratu duten sasi-jelkiderik ez! Ez egin jaramonik gaurko burukide bizardun horiei! Gu gaituzue egiazko jeltarrak! Begira ezazue hor, Sabino Arañaren belarri inkorruptua, hor duzue gure lekukotza..."

        Aberias eta beste gainerako guztiak mutu gelditu ziren. Zerua, bapatean, irekia zen eta argi distirant, ikaragarriak itsutu zituen begiak, bere zilarrezko dir-dira zela medio. Argiaren erditik, armaduraz eta ezpataz hornitutako zera bat ageri zen, hegaka, urrezko hegoek sortutako haizeak jende guztiaren txapelak buruetatik erauzten zituela. Jendetza, itsutu eta beldurturik belaunikatu zen, eta Mikel Aingeruak —berau eta ez besterik zelako zerutik etorritako mezulari hori— hitz egin zuen trumoi abotsez:

        "Damu zaitezte nafarkumeok, ezen zeuen egunak eta gauak bukhatuak bait dire. Ebanjelioan aipatzen tigu jesu Cristok señale izanen direnak iruzkian, ilargian, itsasoan eta lurrean azken juizioko egunaren alzinean. Egun erragun juzio egin bear denaz gure bizi modu, obra, itz, afekto, pensamentu ta omisioneez. Ta azkeneko hauetaz itz egin nai nuen. Zeren omisione andie izanen bait zen: giputx, bizkaitar eta arabar jelkideen iraina zigorrik gabe uztea. Ta are, bekhaturik andiena haien arrokeriaren alzinean burue aphaldu gure nafar sena erakhutsigabe. Beraz, gaurko egun arte anaia izandako bardulo, karistio ta autrigonei honoko kalte hauek eragin bear zaizkie egun arte orbangabe gertatu den Nafar amaren ohorea garbitzearren; ezin izango dute, inola ere ez, hemendik aurrera zizak edo perretxikuk bildu geure mendi magaletan, ez neure izena daraman mendian 'ski de fondo' edo antzekorik egin, ez Aste Santuan Belagoa zikintzera joan, ez gure ardo gorria dastatu, ez gure Frantsesporru edo esparragu edo piper miresgarriez beraien aho zikinak bete, ez geure urtzo zuri politak tiroz josi, ez geure festetara —San Ferminetara bereziki— etorri, ez geure futbolari ezin hobeak beraien ekipoetan sartu, ez geure pilotari, harrijasotzaile eta haizkolari bizkor eta sendoekin apostuetan ibili. Aitzitik, Nafartar orok eskatu bear du, ozenki Hondarrabiaren jabetza, Belateko kanioiak. Ken bitzate bascongado maltzurrek gure kateak bere jaurlaritxa edo txanfalinaren harmarritik. Nafartar orok egin beza beste gauza bat; udaran, astebururo, antola bitzate autobusak 'La Conchara' joateko, ez igeri egitera edo eguzkitan etzatera, ez, pis egitera baizik. Eta batzuk bere hoditxotik giltzurrinen zaina arintzen duten bitartean, joteroen hirurkoak ibil bitez Donostiaren zehar goizaldean, giristino guztiak iratzartzearren. Hauxe izanen da gure mendekua. 'No Patxaran!!'"

        Aingeruak diskurtsoa esan bitartean, Sabinoren belarria ez zen ezertaz enteratzen. Aberias joan zen harengana behin eta berriz, ia zer edo zer erantzuten zuen. Baina alferrik. Sabino Arañaren belarria erabat gorra zen. Aberiasek agindu zion konfiantzazko txistulari bati tronpetilla baten bila joan zedin. Tronpetila erantsita ere, Sabinoren belarriak, argizari puska balitz bezala, ez zuen erreakzionatzen. Azkenean Mikel Aingeruak ezpata luzatuz, su-izpi bat bidali zion. Hauxe azken tristea, belarriarena! Sua hartu bezain pronto urtu egin zen. Jendea orduan, belarri faltsu eta indargearen sineskeriak alde batera utzita, Kabatxuepps-en alde jezarri zen, abesten hasten zen une berean:

                "MIKEL, MIKEL, MIKEL GUREA

                GORDE, GORDE JELKIDEA"

        Kabatxueppsek orduan irabazle eta irrifarretsu, gorputzaren zelula gustiak pozaz beteta, atxikimenduen zerrenda irakurri zuen.

        "Mikel Aingeru ez ezik, hona hemen gure alde daudenen izen eta abizenak: Tanganikako Uri Buru Batzarra, Junta Extraterritorial de Petilla de Aragon, Idaho-ko Artzain Baztandarren Taldea, Ultrapuertos-ko Merindadearen Notablien Junta, Aizkolari Jubilatuen Batzarra, Bertsolari Mutuen Abesbatza, Miss Martiartu, Sociedad Txuletazale de Sumbilla, Sakanako Palankariak, Los Rollins Estornés, Gary Kannon eta Atroz Anaiak"

        Orain, goazen Aberias zikin horren bila!!

        Saiatu ziren, bai, Kalbus Aberias harrapatzen. Bainan ezin izan zuten. Istilua aprobetxatuz, ihes egin zuen Sukarrietako Batzokijera bere burua babestera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.